Uxue Barkos izendatu dute Geroa Sozialberdeen idazkari nagusi

Koldo Martinez, Ana Ollo, Isabel Aranburu, Fernando Dominguez eta Itziar Gomez izanen dira batzorde exekutiboan, besteak beste

Uxue Barkos, txaloka, Geroa Sozialberdeen idazkari nagusi izendatu duten unean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 19a
16:55
Entzun

Geroa Sozialberdeak alderdiak badu idazkari nagusia: Uxue Barkos Berruezo. Geroa Baiko eledun eta Nafarroako lehendakari izandakoa aukeratu dute alderdi berriko buru izateko, gaur Iruñean eginiko biltzar eratzailean.

Idazkari nagusiaz gain, alderdiaren antolakuntza, oinarri politikoak eta Batzorde Exekutiboa onartzeko ere balio izan du gaurko bilkurak. Batzordeko zerrenda osatzen dute Geroa Baiko zenbait ordezkari politikok (udaletan nahiz parlamentuan aritutakoak), eta baita aurreko agintaldian Nafarroako Gobernuko kontseilari idenpendente izandako batzuek ere. Honakoa da zerrenda osoa: Koldo Martinez, Ana Ollo, Jose Mari Aierdi, Gorka Azpiroz, Jon Gondan, Pablo Azkona, Jabi Arakama, Itziar Gomez, Isabel Aranburu, Ana Ansa, Guillermo Ezkieta, Fernando Dominguez eta Esther Cremaes. Biltzarrean parte hartu dutenen %98,9k babestu dute zerrenda, eta %1ek boto zuria eman dute.

Ezkerrera lerratuak

Idazkari nagusi izendatua izan osteko hitzartzean, Barkosek eskerrak eman dizkie Geroa Sozialberdeen sorreran parte hartu duten guztiei, eta alderdi berriaren ildo politikoak aletu ditu. Bi ardatz nagusi azpimarratu ditu: gizarte politikak eta ingurumenaren gaineko kezka. «Pertsonak nahi ditugu erdigunean, jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko bidean».

Izan ere, Barkosen esanetan, Geroa Sozialberdeak «ezkerreko posizio politikoetan» kokatuko dira: «Gurea ez da edozein ezker, amore ematen ez duen ezkerra baizik. Ezker sendo eta gaitasun handikoa». Asmo aurrerakoi horien artean kokatu du Barkosek «egungo sistema berrabiaraztea» eta indarrean diren politika ekonomikoak aldatzea, «eredua agortua dagoelako».

Politika «berdeei» dagokionez, berriz, «jasangarritasuna» eta «ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen eredu berri bat» aldarrikatu ditu parlamentariak: «Oreka jarri behar dugu desarrollismoaren aurrean; eta gertuko ekonomia sustatu». Aitortu du alderdi berriak asko zor diola «mugimendu ekologistak urteetan urratutako bideari», eta gaineratu du arlo soziala eta berdea ez direla inoren jabetzakoak: «Geroaren etxea zabalik dago ekarpena egin nahi duen ororentzat».

Nafarroaren burujabetzaren alde ere hitz egin du Barkosek —«Nafarroa subjektu politikoa da eta eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko»—, eta baita pluraltasun sozial eta linguistikoaren alde ere. Zehazki, euskara babesteko eta sustatzeko deia egin du.

Bere hitzartzearen bukaeran, alderdiaren izaera europeista aldarrikatu du lehendakari ohiak, «aintzat hartuta Europak dituen argi-itzal guztiak». «Pandemia sufritu dutenekin solidarioa den Europa hori» nahi duela azpimarratu du Barkosek, «baina ez muga gizagabeek eta hildakoz beteriko kostaldeek eragiten duten lotsaizuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.