URRIAREN 12a

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte hamabi lagun

Koroaren aurkako delituak leporatuta deklaratu beharko dute urtarrilaren 12an, 13an eta 14an, urriaren 12an Iruñean egindako ekintza batengatik. Kristobal Kolonen estatua bat eta Felipe VI.a Espainiako erregearen itxurazko bat eraitsi zituzten, bertzeak bertze.

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko dutenek agerraldia egin dute gaur Iruñean. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 23a
12:56
Entzun

Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek deituta, protesta bat egin zuten Iruñean urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna salatzeko. Zehazki, Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Kristobal Kolonen figura erraldoiak lurrera bota zituzten Diputazio Jauregiaren aurrean, eta adierazi zuten urriaren 12an ez zeukatela «ezer ospatzeko». Urriaren akaberarako, polizia etxera deklaratzera deitu zituzten hamasei lagun, eta horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte orain. Ikertu gisa deklaratu beharko dute, bideokonferentziaz, urtarrilaren 12an, 13an eta 14an. Koroaren aurkako delituak leporatu nahi dizkiete.

Deklaratzera deituek agerraldia egin dute gaur Iruñean, auziaren «izaera politikoa» salatzeko. Haien hitzetan, «kritika politikoa kriminalizatu» nahi dute auziarekin, eta «oso larritzat» jo dute: «Espainiako erregearen figura, Espainiaren historia koloniala eta espainiar proiektua bera kritikatzea zigortu nahi dute».

«Oinarrizko askatasunen» eta adierazpen askatasunaren aurkako «eraso larri bat» da Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu izana, ikertuen ustez. Adierazi dute ez dela «berria» ekitaldi politiko batengatik prozedura judizial bat irekitzea, «non eta salbuespenezkoa den Espainiako Auzitegi Nazionalean», baina «eskandalu politiko bat» dela salatu dute. Ohartarazi dutenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abiatu zuten ikerketa: «Ekitaldiak zigorgarriak zirela ebatzi zuten beren kabuz». Ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten auzia. Salatu dutenez, halaber, «sektore erreakzionarioenek» ere ekitaldia zigortzeko eskatu zuten, «hasieratik».

Ekintzaileek, ordea, adierazi dute ez daudela «prest» isiltzeko, eta hainbat egitasmo iragarri dituzte: batetik, harreman bira bat eginen dute eragile sozial, politiko eta sindikalekin; eta, bertzetik, urtarrilaren 12an Iruñeko Auzitegiaren aitzinean elkarretaratzera deitu dute —handik deklaratuko dute ikertuek, telematikoki—. 10:00etan eginen dute protesta. Manifestu bat ere zabalduko dute, eta atxikimenduak emateko helbide elektroniko bat jarri dute martxan: [email protected].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.