Familia bilketak

Ireki eta itxi egingo den atea

Osasun neurri malguagoak dira gaurtik Euskal Herrian, batez ere joan-etorriei dagokienez. Hirugarren olatuaren beldurrak, ordea, familien bilkurak baldintzatuko ditu.

Itziar Gonzalez, atzean, familiarekin; goitik behera, ezker eskuin: Aitor koinatua, Itziar Gonzalez bera, ama, Nerea Gonzalez, Irati haurra eta aita. BERRIA
jon ordonez garmendia
2020ko abenduaren 23a
18:16
Entzun

Itxiera perimetrala gaur amaitu da Euskal Herrian, eta azken hilabeteetan senideak ikusi ezin izan dituztenek irekita dituzte mugak horretarako. Ahizpak, semeak, ilobak... Udazkena bereziki izan da gogorra familia beste herrialde batean izan dutenentzat. Bizilagun eta lankideei ez bezala, maite dituzten pertsonen ondoan edo aurrez aurre egotea galarazi die muga horrek. Eguberrietan izango dute aukera, baina ate hori irekitzeak zer ondorio izango dituen ere kezkatzen ditu.

Itziar Gonzalez (ahizpa Basaurin duen iruindarra)
“Ilusioa bai, baina beldurra ere badugu”

Bihar du eguna Itziar Gonzalezek (Iruñea, 1997). Erizaina da, eta urte gogorra izan du lanean, “pandemiaren kontrako lehen lerroan”. Bihar arratsaldean, ordea, neke guztiak ahaztuko ditu, arratsaldean Nerea ahizpa, Aitor koinatua eta, batez ere, Irati haur jaio berria Basauritik (Bizkaia) Txantreara iristen direnean. Martxoaren 16an jaio zen iloba, lehen olatuaren konfinamenduaren hasieran, eta geroztik hiruzpalau aldiz soilik ikusi ahal izan du. Azkena, irailean. “Jaiegun batzuk nituen eta oporretara bidean Basaurin geratu ginen ahizpa eta familia ikustera”. Udaldiko aste bat edo bi, asteburu solteren bat eta oporretarako bidean eginiko geldialdi hura; izeba izan berri den batentzat oroitzapen gutxi dira horiek ilobaren bizitzaren lehen urtebetean; are eta gehiago, Iruñea eta Basauri artean 153 kilometro eta bi ordura iristen ez den bidai bat dagoela aintzat hartuta.

Zortzi urte daramatza Itziarren ahizpak Basaurin bizitzen, eta aurten izan dute berak eta bikotekideak familia. Ez zaio urte samurra tokatu Iratiri jaiotzeko. Izeba erizainak aurreikusi zuen hori, martxoaren erdialdea baino lehen; eta ez soilik lanean ikus zezakeenagatik, baita ordurako jada bazekielako zer zen COVID-19aren eraginez etxean geratzea. Irati jaio zenerako koinatuaren gurasoak konfinatu egin zituzten positibo batekin harreman zuzena izan zutelako, eta Itziarrek berak ere konfinatu egin behar izan zuen, bere lankide bat positibo baten kontaktu zuzena izan zelako. Erditzeko eguna atzeratu egin zen, baina konfinamenduak ez ziren horretan geratu. Hego Euskal Herrian martxoaren 15ean sartu zen indarrean hilabeteetako etxealdia, eta biharamunean jaio zen Irati.

Ilusioz da orain Itziar Gonzalez, iloba berriro besotan hartzeko unearen zain. Baina baita beldurrez eta kezkaz ere: “Zer gertatuko da gero? Noiz ikusi ahal izango dugu berriro elkar?”. Itziarrek aitortzen du etsipena, bigarren olatuan egoera zein den ikusita. Lehen olatua askoz hobea izan zela dio. “Orain hirugarrengoaren zain gaude jada. Etsigarria da”. Bere amarentzat izan da zailagoa familiarengandik urrun egotea. “Ikusten duzu lokalak ireki dituztela, jendea kalera ateratzen dela eta guk maskara jantzita ere ezin ditugu ikusi senideak. Tafallan biziko balitz, bai, baina...”.

Atzo amaitu zen itxiera perimetrala, eta Euskal Herriko familiak askok bezala, egun hauek dituzte berriro elkartzeko Itziarren etxean. Abenduko azken asteak ere ez dira errazak izan eurentzat izan, neurri dantza eta espekulazio artean. Eguberriak zetozela, ezingo zirela ospatu, baldintza zorrotzak egongo zirela, malgutasuna izango zela... Bihartik 31era arte igaroko dituzte Eguberriko egunak Nereak eta bere familiak Iruñean.


Julen Irijalba Ugalde (Algortan bizi den zarauztarra)
“Baimena badugu, baina merezi al du?”

Sorterrira itzultzeko egunak dira Eguberriak Julen Irijalba Ugalderentzat (Zarautz, 1994). Algortan (Bizkaia) bizi da emaztearekin eta 3 urteko alabarekin, eta neguko oporraldia gurasoen etxera joateko baliatu izaten du. Aurten, ordea, ez da hala izango, eta urte zahar gauera arte itxarongo du gurasoenera joateko. “Baimena badugu jada joateko, baina eta gero zer? Merezi al du?”.

Irailean egin zuen azken bisita Zarautzera. Hileko lehen ostiralak ospatzen ditu lagunekin, eta iraileko ostiral hura izan zen azkena beretzat. Egin dituzte udaberrian bezala bideo-bilerak lagun artean, baina galera agerikoa zaio ahotsean: “Ez da gauza bera. Harremana galdu dut”. Irailaz geroztik, Irijalbaren gurasoak joan zaizkie pare bat aldiz Algortara berari eta bikotekideari alabaren zaintzan laguntzera, horretarako idatzizko baimena eskuan hartuta, baina ez dute gehiago ikusi elkar. “Gurasoak osasuntsu daude, eta esan zidaten ondo zeudela eta ez joateko. Baina anaia, koinata, iloba... Familiarengandik urrun gauza asko galtzen ari naizela sentitzen dut”.

Urte zahar gauean eta urteberri egunean elkartuko da Irijalba Zarauzko familiarekin. “Koinata haurdun dago, eta errespetua ematen dit joateak. Baina amak egun horretan baietz esan du, eta halaxe egingo dugu. Etxean bilduko gara, maskararekin”. Bidaia azkarra izango da: errege eguna ere ospatzeko ohitura dute Irijalba-Ugaldetarren etxean, baina aurten ez dute egingo. Eguberrietarako ezarritako neurriek ez dute ezustean harrapatu, nolanahi ere. Itxura txarra hartzen zion etor zitekeenari eta familia ikusten esperantza handirik ez zuela aitortzen du. Bere iritziz neurriak zorrotzagoak izan behar zuten hasieratik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.