Euskal Presoak

Sarek 216 herritan eskatuko du urruntze politika bertan behera uzteko

Urtarrilaren 9ko mobilizazioa Euskal Herri osoko 216 herritara eramango du plataformak. Euskal presoei ezarritako urruntze politika amaitzea ez ezik, gradu progresioei bide ematea ere galdegingo dute.

Sarek Bilbon egin duen agerraldia. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 29a
13:25
Entzun

Urtero Bilbon eta Baionan egiten dituen mobilizazio handiak Euskal Herriko beste 214 herritara ere zabalduko ditu Sarek aurten. Pandemia dela eta, jendea ez pilatzeko, urtarrilaren 9an Euskal Herriko ehunka herritan mobilizatzeko deia egin du, guztietan aldarri berarekin: Bidea gara lelopean, urruntze politika amaitzea eta euskal presoei gradu progresiorako modua ematea eskatuko dute. Gaur Bilbon egindako agerraldi batean azaldu dutenez, guztira 216 herritan izango dira mobilizazioak; askotariko protesta moldeak erabiliko dituzte (giza kateak, mosaikoak, manifestazioak...), baina protesta bateratua abiaraziko dute denetan: Argiztatutako bidea izenpean, mugikorreko argiak pizteko deia zabalduko diete herritarrei, eta horren argazkiak herriz herri zabalduko ditu plataformak.

Egunean bertan, Bilboko Euskaldunan bilduko dira alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkari nagusiak, "agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak" azpimarratzeko eta "bidea batera egiten jarraitzeko" mezua luzatzeko, Bego Atxa Sareko bozeramaileak azaldu duenez.  Sareren iritziz, gizartearen partetik jasotako "aldaketa nahia" bezain garrantzitsua da sindikalgintzan eragileekin, arlo politikoan edota instituzionalean adostasunak lortzea. Hala ere, Atxak nabarmendu du mobilizazioak herriz herri egingo dituztela: "Anitzak izango dira, aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazioan".  

Aldarria, berriz, bateratua izango da herri guztietan. Urruntze politika "behingoz" amaitzea eskatu du Sarek, aldaketa batzuk egin badira ere oraindik "benetako hauturik" egin ez dela iritzita. Bestalde, euskal presoei "sistematikoki ukatu izan zaien" gradu progresioari bide ematea ere eskatu du, eta gogorarazi du oraindik 107 euskal preso daudela lehen graduan, "eskubide ugari murrizten zaizkielarik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.