Argentina

Argentinak abortua legeztatu du

Haurdunaldiko lehen hamalau asteetan legezkoa eta doakoa izango da abortua Argentinan. Diputatuen Ganberak baiezkoa eman zion lege proiektuari, eta Senatuak berretsi egin du.

Abortuaren aldeko Marea Berdea mugimenduak mobilizatutako herritarrak legeren onespena ospatzen, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 30a
09:28
Entzun

Espero baino alde handiagoaz nagusitu da baiezkoa Argentinako Senatuan, abortuaren despenalizazioaren gaineko bozketan. 38 senatarik alde bozkatu dute; 29k, aurka; eta bat abstenitu egin da. Ondorioz, haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea legezkoa eta doakoa izango da Argentinan. Abortuaren aldeko Marea Berdea mugimenduaren protestaldia ospakizun bihurtu da goizaldean. Milaka herritarrek kalean ikusi eta entzun dute Senatuko eztabaida, eta ospakizuna lehertu egin da goizaldean, bozketaren emaitza argitu denean.

Eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatu beharko da abortua. Gaur arte, soilik bortxaketa bat izan zenean eta haurdun zegoenaren bizitza arriskuan zegoenean zen legezkoa abortatzea. Lege berriak irizpide hori mantenduko du haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo da baimenduta abortua epe horretatik kanpo.

Kontzientzia eragozpena ere jasoko du legeak, eta hori izan da punturik eztabaidatuenetako bat. Onartutako testuak aukera emango die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da eurek artatuko ez dituzten horiek beste profesional batzuen esku uztea. Gainera, ospitale guztietan gutxienez mediku batek prest egon beharko du abortua egiteko.

Adin tarteak bereizi ditu legeak. Hamahiru urtetik beherakoek guraso baten edo ordezkari baten baimena beharko dute haurdunaldia eteteko. Hamahiru eta hamasei urte artekoek ez dute baimenik beharko, abortuak euren osasuna arriskuan jartzen ez badu behintzat. Adin horretatik gorakoek euren kabuz erabaki ahalko dute.

>Diputatuen Ganberak abenduaren 11n onartu zuen lege proiektua —aldeko 131 boto, aurkako 117 eta sei abstentzio izan ziren—, eta Senatuari zegokion erabaki horren alde egitea ala atzera botatzea. Bozketa estua espero zen, kontserbadoreek aurka bozkatzetik harago, botoa erabaki gabe zuten zenbait senatari ere bazirelako. Horietako batek aldeko botoa emango zuela iragarri zuen atzo gauean, eta zalantzazkoak ziren beste lau boto ere aldekoak izan zirela jakin zen handik gutxira. Gainera, legearen kontrakoak ziren bi senatarik ezin izan zuten bozketan parte hartu: Carlos Menemek —koma induzituan dago— eta Jose Alperovichek —urtea amaitu arteko zigorra du, sexu eraso bat egin izana egotzita—.

 

Euskal Herrian gauerdia zenerako espero zen baiezkoa gailenduko zela, baina eztabaida parlamentarioa goizaldera arte luzatu da. Hamabi orduko saioa izan da, denera. Eztabaidaren osteko bozketan, hamalau botoren aldeaz nagusitu da baiezkoa, eta senatarien erdiek baino bat gehiagok alde bozkatzea nahikoa zen legea onartzeko.

Bigarrengoan

Abortua despenalizatzeko lege bat Senatuan bozkatzen duten bigarren aldia izan da. 2018an ere egin zuten, baina Senatuak atzera bota zuen orduan; 31 senatarik alde bozkatu zuten, eta 38k, aurka.

Antzeko zerbait gertatzeko arriskua ikusten zuten abortuaren aldekoek, baina testuingurua oso bestelakoa da ordukoarekin alderatuta. Senatuaren osaketan aldaketa nabarmenak izan dira, eta, horrez gain, Argentinako Gobernuak babestutako eta sustatutako lege proposamena da onartutakoa. Alberto Fernandezek sarritan adierazi du abortua despenalizatzearen aldekoa dela. Duela urtebete presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Fernandezek, eta hauteskunde kanpainako goiburuetako bat izan zuen abortuaren legeztapena. Kargua hartu ostean ere, hainbatetan azaldu du horretarako asmoa, eta Marea Berdea mugimenduak ere behartu du presidentea abortuaren aldeko neurriak bizkortzera. 

Legearen aurkakoen presioa ere handia izan da; batez ere, Eliza katolikoaren eta ebanjelikoaren aldetik. Frantzisko aita santuak ere publikoki adierazi zuen legearen aurkakoa dela, Senatuko eztabaidaren aurretik zabaldutako txio batean. Kolore urdin argia bihurtu dute abortuaren kontrakoek euren sinbolo, eta milaka lagun mobilizatzea lortu dute. Senatuko eztabaidak iraun bitartean, metro gutxi batzuetako tarteak bereizten zituen abortuaren aldeko eta aurkako milaka jarraitzaile.

Aurkakoen presioa ez da amaituko legeraren onespenarekin, hala ere. Legea Konstituzioaren aurkakotzat dute askok, eta Argentinako zenbait probintziatan legea ezartzeari trabak jarriko zaizkiola espero da. Iparraldeko probintzietan du indar gehien Elizak, eta hango ordezkari askok legearen bozka egin dute.

Orain artekoa, 1921ekoa

Ehun urte behar izan dira abortuaren inguruko legea aldatzeko. 1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitu da abortua Argentinan orain arte, eta lau urteko kartzela zigorra ezartzen zaie abortua egiten dutenei, kode horren arabera. 1983an diktardura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan dira gaur arte.

Datu ofizialik ez badago ere, Argentinan urtero legez 450.000 abortu inguru egiten dira modu klandestinoan, gobernuz kanpoko erakundeek diotenez, eta, horietan izandako zailtasunen ondorioz, milaka emakume ospitaleratzen dituzte. Argentinako mugimendu feministaren eskari historiko bat izan da abortua legeztatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.