Abortua despenalizatzea onartu du Argentinako Diputatuen Ganberak

Senatuak berretsi beharko du lege proiektua. Haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan abortua legezkoa eta doakoa izango dela dio

Abortuaren aldeko bi protestari, atzo, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Abortua legeztatzeari bide eman zion Argentinako Diputatuen Ganberak, eta Senatuak erabaki beharko du orain lege proiektuaren inguruan; hark izango du azken hitza. Aldeko 131 boto, aurkako 117 eta sei abstentzio jaso zituen legeak Diputatuen Ganberan. Hogei orduko eztabaida izan zen Argentinako Parlamentuan, eta, bitartean, abortuaren aldeko eta aurkako manifestariak elkartu ziren kanpoan. Saio luze baten ondoren, Marea Berdea mugimenduaren deialdiari erantzunez elkarturiko milaka lagunek gogotik ospatu zuten parlamentu barruko bozketaren emaitza. «Argentinako demokrazia gurekin duen zorra kitatzear dago», adierazi zuen mugimenduak emaitza jakin ostean, eta «herriaren eskaerari entzuteko» eskatu zion Senatuari.

Haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea baimentzen du legeak, eta abortua eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatuko beharko dela zehazten du. Doakoa izango dela dio testuak, eta osasun sistema publikoak egin beharko duela gastuen kargu.

Gaur egun, abortua ez da legezkoa Argentinan, bi kasutan izan ezik: bortxaketa bat izan denean eta haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean. Lege proiektua onartuz gero, irizpide hori mantenduko litzateke haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo litzateke baimenduta abortua epe horretatik kanpo. Bestalde, onartutako testuak aukera ematen die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da artatzeari uko egin dioten horiek beste profesional batzuen eskuetan uztea.

Bigarrenez, bi urtean

Erabakia berrikusi, eta onartu ala ez erabaki beharko du orain Senatuak. Datorren astelehenean hasiko dute eztabaida, eta, bozketa eguna oraindik zehazteko badago ere, baliteke urtea amaitu baino lehen izatea. Duela bi urte ere onartu zuten abortua legeztatzeko proposamena Diputatuen Ganberan, baina Senatuak atzera bota zuen; 31 senatarik alde bozkatu zuten, eta 38k, aurka. Oraingoan ere bozketa estua espero da. Senatuan aulki gehien duten alderdi politikoek abortua legeztatzearen alde egin badute ere, alderdi horien barnean ere desadostasunak daude gaiaren inguruan.

Hala ere, duela bi urteko testuinguruarekin alderatuta, desberdina da egoera, eta baikor daude abortuaren aldekoak. Argentinako Gobernuak babestutako eta sustatutako lege proposamena da, eta haren aldekoek uste dute horrek proposamenari indarra ematen diola. Alberto Fernandez presidenteak publikoki adierazi du abortua legeztatzearen aldekoa dela. Duela urtebete izendatu zuten Argentinako presidente Fernandez. Hauteskunde kanpainako goiburuetako bat izan zuen abortuaren legeztapena, eta kargua hartu ostean ere hainbatetan azaldu du horretarako asmoa. Gobernuaren aldekotasuna erabakigarria izan daiteke.

1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitzen dute abortua Argentinan, eta lau urteko kartzela zigorra du abortuak Zigor Kode horretan. 1983an diktadura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan dira gaur arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.