AEB-ak

Trumpek Georgiako goi kargudun bat presionatu du hauteskundeen emaitzak aldatzeko

The Washington Post-ek zabaldutako grabaketa batean, Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkaria mehatxatzen du Trumpek. Errepublikanoen aldeko 11.780 boto «aurkitzeko» eskatu zion larunbatean.

Donald Trump Etxe Zurian, abenduaren 31n, oporretatik itzuli zen egunean. KEN CEDENO / POOL / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 4a
08:29
Entzun

AEBetako hauteskundeen emaitza aldatu nahian jarraitzen du Donald Trumpek. Joan den larunbatean, presidente kargua uzten ari denak hizketan jardun zuen Brad Raffensperger Georgiako estatu idazkariarekin, ordubete baino gehiago, eta hura estu hartu zuen errepublikanoen aldeko 11.780 boto «aurkitzeko» estatu hartan. Boto horiekin, Trumpek eskuratuko luke garaipena Georgian, eta ez Joe Bidenek; demokratak 11.779 botoren aldearekin irabazi zuen han azaroaren 3ko bozetan.

Elkarrizketa horren berri The Washington Post egunkariak eman du, eta jakinarazi du biak hizketan entzuten diren ordubeteko grabaketa duela. «Ez da posible nik Georgian galdu izana. Ez da posible. Milaka botoren aldearekin irabazi nuen», azaldu zion Trumpek Raffenspergerri larunbatean: «Georgiako herritarrak haserre daude. Ez da ezer txarra gertatuko emaitzak berriz kalkulatu dituzula esaten baduzu», gehitu zuen. Georgiako Estatu idazkariak, ordea, argi utzi zion Trumpi datu okerrak dituela esku artean.

Elkarrizketaren beste tarte batean, Trumpek dio Georgian errepublikanoen aldeko milaka boto suntsitu dituztela, eta «delitu bat» egitea egozten dio Estatu idazkariari: «Arrisku handiak hartzen ari zarete zu eta zure abokatua». 

Raffensperger ere alderdi errepublikanoko kidea da, baina ez da Trumpek hauteskunde emaitzak aldatzeko estutu duen lehen alderdikidea. Gehienek, ordea, onartua dute Bidenen garaipena, eta, ondo bidean, Joe Biden urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente. 

«Egia aterako da argitara»

Twitterren, Trumpek berak aitortu du larunbatean hitz egin zuela Raffenspergerrekin, eta, besteak beste, hizpide izan zuen «hauteskundeetan Georgian izandako iruzurra». Estatu idazkariak ere idatzi du, eta ez dio arrazoirik eman presidenteari: «Errespetuz diot, presidente jauna: esaten ari zarena ez da egia. Egia aterako da argitara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.