Polizia bakar bat ere ez dute auzipetuko Jacob Blakeren aurkako tiroketarengatik, nahiz eta bideoan grabatuta dagoen gertakaria, eta berehalakoan ezagun egin zen erasoa. Iazko abuztuaren 23an izan zen, AEBetako Wisconsin estatuko Kenosha hirian. Poliziarekin eztabaidan ari zela, Blake bere hiru alabak zituen autorantz zuzendu zen, eta polizia batek bizkarrean tiro egin zion, zazpi aldiz. Beltza da Blake, eta zuria, berriz, Rusten Sheskey, tiro egin zion polizia. Bularretik behera elbarri utzi zuen Blake.
Polizia zuri batek Minneapolis hirian George Floyd hil eta hiru hilabete eskasetara izan zen Blakeren aurkako tiroketa, eta horrek berpiztu egin zituen arrazakeriaren aurkako mobilizazioak, baita istiluak ere. Bereziki larriak izan ziren abuztukoak. Eskuin muturreko taldeek dei egin zuten Black Lives Matter eta arrazakeriaren aurkako taldeek deitutako mobilizazioen aurka jotzera, eta bi manifestari tiroz hil zituzten horietako batean.
Kyle Rittenhouse eskuin muturreko jarraitzaileari leporatu zizkioten hilketak. Tiro egiten grabatu zuten. 17 urte zituen orduan, eta 18 dauzka orain. Sei kargu aurkeztu dituzte gaur Rittenhouseren aurka Kenoshako konderriko auzitegian, eta ez dela errudun deklaratu du.
Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak Guardia Nazionaleko 500 soldadu mobilizatu ditu gaurko, berriz ere istiluak sortu daitezkeelakoan.