Poliziak afro-amerikar bat tirokatu du, eta protestak piztu dira berriz AEBetan

Poliziak zazpi aldiz egin zion tiro bizkarrean Jacob Blakeri, autoan sartzera zihoan unean. Ikerketa judizial bati ekin diote

Bi protestari su emandako ibilgailu baten aurrean, Kenoshan. TANNEN MAURY / EFE.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
George Floyden hilketa oraindik ere memorian bizi-bizi dagoela, beste afro-amerikar bat jo dute tiroz Ameriketako Estatu Batuetan (AEB). Igande arratsaldean, Kenoshako (Wisconsin) Polizia Departamentuko agente batek Jacob Blake larri zauritu zuen, Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak jakinarazi zuenez. «Jacob Blake hainbat aldiz tirokatu dute gaur, egun argiz, Kenoshan, Wisconsinen. [...] Ez dugu xehetasun gehiagorik gertatutakoaren inguruan, baina badakigu gauza bat: ez da segurtasun indarrek pertsona beltz bat tirokatu, zauritu edo errukirik gabe hil duten lehen aldia, ez gure estatuan, ez herrialde osoan».

Tiroketak protestak eragin zituen igande gauean. Mobilizazioak ikusi ondoren, Kenoshako Polizia Departamentuak etxeratze agindua ezarri zuen, astelehen arratsaldeko zortzietatik hasita astearte goizeko zazpiak arte. Horrez gain, Evers gobernadoreak Guardia Nazionaleko 125 agente deitu zituen, John Antaramian Kenoshako alkateak prentsaurreko batean baieztatu zuenez.

Edonola ere, berriro kaleetara atera ziren protesta egitera astelehen gauean. Ehunka lagun bildu ziren hiriko epaitegiaren aurrean. Protestariek sua eman zioten, besteak beste, zaborrak biltzeko ibilgailu bati —epaitegi inguruan zegoen—. Poliziak negar gasa erabili zuen manifestarien aurka; «justiziarik gabe, bakerik ez» oihukatzen zuten.

Sare sozialetan tiroketaren irudiak zabaldu dituzte; horietan ikus daitekeenez, Blakek auto bateko atea zabaltzen du, eta barrura sartzen saiatzen da. Polizia agente batek, momentu horretan, tiro egiten dio afro-amerikarrari, bizkarrez dagoela. Gutxienez zazpi tiro entzuten dira bideo horretan.

Benjamin Crump abokatuak esan zuen Blakeren familiak berarengana jo duela laguntza eske. Crumpek txio batean idatzitakoaren arabera, tiroz zauritutako gizonezkoaren hiru seme gazteak autoan zeuden tiroketa gertatu zen unean: «Polizia batek beren aita nola tirokatzen duen ikusi dute [semeek]. Betiko trauma eragin diete. Ezin dugu onartu agenteek gu babesteko duten betebeharra alde batera utz dezaten». Abokatuak jakinarazi du 29 urteko gizona zainketa intentsiboen unitatean dagoela.

Kenoshako Polizia Departamentuaren arabera, etxeko istilu baten harira deitu zituzten igandean. Gainontzekoan, ez dute informazio gehiagorik eman gertakarien inguruan. Poliziak esan du agente guztiak elkarlanean ari direla zer gertatu zen argitzeko. Dena den, irudietan agertzen diren polizia agenteak ez dituzte identifikatu.

Erreakzioak

Pete Deates Kenoshako Polizia Profesionalen Elkarteko presidenteak esan zuen Evers gobernadorearen oharra «guztiz arduragabea» dela, eta ez dela polizia agente «langileen» erakusgarri. Wisconsingo Justizia Departamentuak iragarri du tiroketaren inguruko ikerketa bat zabalduko dutela. Bestalde, Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegaiak eskatu zuen has dadila«berehalako ikerketa garden bat». Horrez gain, nabarmendu zuen justizia ez dela berdina izan herritar afro-amerikarrentzat, eta «arrazakeria sistematikoa» desegin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.