Wikileaks afera

Assangeri ukatu egin diote baldintzapean aske geratzea, «ihes egiteko arriskua» argudiatuta

Wikileaksen sortzailea AEBetara estraditatzearen aurka ebatzi arren, aurrerantzean ere preso egongo da Ingalaterran.

Pestari bat, Assange askatzeko eskaten, astelehenean, epaitegiaren aurrean. VICKIE FLORES / EFE
BERRIA
2021eko urtarrilaren 6a
12:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Vanessa Baraitser epaileak ukatu egin dio baldintzapean aske geratzea Wikileaksen sortzaile Julian Assangeri, «ihes egiteko arriskua» dagoela iritzita. Epaile berak baztertu egin zuen Assange AEBetara estraditatzeko aukera, haren buruko osasunarengatik.

Epaileak argudiatu duenez, Assange ez estraditatzeko erabakia ez da oraindik irmoa, AEBek oraindik helegitea jar dezaketelako, eta, horregatik, presoak «ihes egiteko pizgarri bat» du. Epaileak esan duenez, «baldintza zorrotzetan» zainduta egon arren, australiarrak lehen ere erakutsi du ihes egiteko gauza dela.

Epaileak astelehenean eman zuen estradizioaren aurkako ebazpena. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jota eta etsita dagoen gizon batena, eta etorkizunak zer ekarriko ote dion beldur den gizon batena», adierazi zuen.

Argudiatu zuenez, AEBen estradizio eskaerak baldintza guztiak betetzen dituen arren, Washingtonek ezingo luke bermatu akusatuak bere buruaz beste egingo ez duenik. «Assangek ez lituzke izango Belmarsheko segurtasun handiko espetxeak eskaintzen dizkion segurtasun neurriak, eta AEBek zerrendatutako neurriek ez dute bermatzen hark bere buruaz beste egingo ez duenik».

Ebazpena ezagutu bezain pronto, Assangeren abokatuek eskatu zuten hura behin-behinean aske uzteko.

AEBetako Gobernuak hamabi eguneko epea du helegitea aurkezteko. Virginiako fiskaltzak (AEB) 175 urteko kartzela zigorra eskatzen du kazetariarentzat, baina Etxe Zuriak zehaztu du horietatik lau eta zortzi urte artean bete beharko lituzkeela. Assangeren abokatuek ohartarazi dute, ordea, horiek Coloradoko segurtasun handiko espetxe batean beteko lituzkeela seguruenik, han bakarturik igaroko lituzkeela eguneko ordu gehienak, eta horrek haren osasuna okertzea eragingo lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.