Dei Auzitegiak ontzat jo du Urrutikoetxearen kontrako estradizio eskaera, Herguetaren kasuan

Frantziako epaileen ustez, kasua ez dago preskribatua. Defentsak helegitea jarriko du Kasazio Auzitegian.

Josu Urrutikoetxea, pasa den abenduaren 14an, Parisen, BERRIAren elkarrizketan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 6a
16:10
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiak ontzat jo du Luis Herguetaren hilketagatik Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoaren aurka Espainiako Gobernuak egindako estradizio eskaera, baina defentsak Kasazio Auzitegira joko du, helegitea aurkeztuta. Hark ere aldeko iritzia emango balu, Frantziako Gobernuak izango du azkeneko hitza, kasua estradizio eskaere denez.

Prozedura akats bat zela medio eztabaidak berriz hastea erabaki zuen azaroaren 19an Dei Auzitegiko epaileak, eta abenduaren 16an informazio gehiago eskatu zion Espainiako Justiziari. Defentsako abokatuek behin baino gehiagotan argudiatu dute bere garaian ETA pm-k hartu zuela erasoa (1980) bere gain eta Urrutikoetxea ez dela sekula erakunde horretako kide izan (ETAm-koa izan zen). Auzipetzeak eta gobernuaren eskaerak data aldetik ere okerrak direla salatu izan dute, esanez preskribatuta zegoela auzia, baina epaileek ez dute aintzat hartu argudioa. Gasteizko Michelin enpresako arduradunetakoa zen Hergueta, eta Arabako hiriburuan hil zuten.

Beste kasuak

Horiek horrela, Espainiak egindako lau eskaeretatik hiru onartu ditu orain arte Frantziako Justiziak. 1987an Zaragozako (Espainia) kuartelaren kontra egindako atentatuarekin zerikusia duelakoan egindako estradizio eskaera ontzat eman zuen Kasazio Auzitegiak azaroaren 17an, baita herriko tabernen auziari lotuta egindako euroagindu eskaera ere. Haatik, gizateriaren kontrako krimenagatik eskatutakoa gibelera bota zuen  Dei Auzitegiak, iazko uztailaren 2an.

Espainiaren eskaerez gain, beste bi prozedura ere baditu Frantzian Urrutikoetxeak. Lehena, 2005-2006ko prozesuan ETAren zuzendaritzako kidea izatearen akusaziopean, urriaren 19an eta 20an iragatekoa zen Parisko Dei Auzitegian, baina osasun egoeragatik datorren otsailaren 22 eta 23ra gibelatu dute. Bigarrena ere urrian iragatekoa zen, 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatearen akusaziopean. Berriz ere instrukziora bidaltzea erabaki zuen epaileak; ekainean aztertu behar lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.