Josu Urrutikoetxea auzbibidean

Madrilen nahi duten «ikurra»

Josu Urrutikoetxearen kontrako bina euroagindu eta estradizio eskaera aztertzen hasiko dira bihar Parisen, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Gobernuak galdeginda hurrenez hurren, teknikoki dagokien bezala. Euroaginduak: gizateriaren aurkako krimenak (Barajas, 2006) eta 'herriko tabernak'. Estradizioak: Luis Herguetaren (1980) eta Zaragozako (1987) hilketak. Nolako funtsa dute? BERRIAk lazterketa lan bat egin du.

Madrilgo Barajas aireportuko T4 gunea, 2006ko abenduaren 30ean, ETAren bonba-furgoneta lehertu ondoren.
Madrilgo Barajas aireportuko T4 gunea, 2006ko abenduaren 30ean, ETAren bonba-furgoneta lehertu ondoren. VICTOR LERENA / EFE

Enekoitz Esnaola -

2019ko azaroak 12

2006. BARAJAS (euroagindua)
Elkarrizketa gunea utzi osteko erasoa

Auzitegi Nazionalak, gizateriaren aurkako krimenen aferan, Josu Urrutikoetxearen euroagindua eskatu dio Parisi, Barajasko hilketengatik. Iturri ofizial batzuek diote erasoaren aitzin mintzaide izateari utzi ziola.

Bihar hasiko dira Parisen aztertzen Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea euskal presoaren kontra gizateriaren aurkako krimenak egotzita Frantziari egindako euroagindu eskaera ere, Dei Auzitegiko Instrukzio aretoan (14:00). Euroagindu galdea denez, auzitegia ez da, estradizioetan bezala, mamian sartuko; prozedura aztertuko dute, baina defentsa abokatu Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinaccek badute asmoa auzi orokorraren lehen ondorioen berri emateko, Urrutikoetxearen aurkako kasuek logika bera dutelakoan. Izan ere, Espainiako Estatuak, eta Guardia Zibilak bereziki, azpimarra lodia jarria du harengan. Frantziako Poliziak joan den maiatzaren 16an Alpeetako herri batean atxilotu ondoren, Pablo Salas Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako buruak esan zuen Urrutikoetxea zutela «lehen helburuetako, bere ibilbide kriminalagatik, [ETA] bandako kideentzat ikur izateagatik eta talde politikoko funtzio garrantzitsuagatik».

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak 2015eko urriaren 27an auzipetu zuen Urrutikoetxea gizateriaren aurkako krimenagatik —Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Aitor Elizaran ere bai—. Jadanik lau urte ziren ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuela. Autoak zekarrenez, 2005etik 2007ra ETAren talde politikoaren buru izan zen Urrutikoetxea. Epaileak ez zion atal militarraren ardurarik leporatu, baina ondorioztatu zuen erakundearen bi hilketen erantzulea izan zela. Haren idatzian zehaztuta ez badago ere, 2006ko abenduaren 30eko atentatukoak dira bi hilketa horiek, Madrilgo aireportu Barajasko erasokoak, T4 gunekoak. «Bere karismagatik eta beste militanteekiko eraginagatik, kontsideratu daiteke erabaki nabarmen guztietan parte hartzea izan duela», zioen autoak Urrutikoetxeaz (Ugao, Bizkaia, 1950). 2002 amaieratik sasian zenez, epaileak nazioarteko atzemate agindua eman zuen. Duela urte erdiko atxiloketaren ostean aktibatu zuen Madrilek euroagindu eskaera.

Gonzalezek Urrutikoetxea ETAren arduradunetako moduan jo zuen arren, 2015eko autoan zioen Barajaskoak ETAn «zatiketak» eragin zituela, eta aipatu zuen «erakundearen boterea hartzeko borrokan bi ildo» zeudela «aurrez aurre», baina ondoren, lehiako kide batzuen izenak ematean, ez zuen Urrutikoetxearena eman.

Auzitegi Nazionalak 2010eko maiatzaren 21ean plazaratu zuen Barajaskoaren epaiketako sententzia, epaimahaikide Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Angeles Barreiro zirela. Atentatuaren egiletzat Mattin Sarasola, Igor Portu eta Mikel San Sebastian jo zituzten, eta idatzian gogoratu zuten 2008an Joseba Aranibar eta Garikoitz Aspiazu ere auzipetu zituztela —epaian ETAren «goi karguduntzat» jo zituzten—. 63 orrikoa izan zen epaia, eta Urrutikoetxearen izenik ez zen ageri bertan.

Barajasko auziko zigortuek atxiloaldian (2008) Guardia Zibilaren kasernetan egindako deklarazioetan oinarrituz —2018an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen «tratu anker eta iraingarria» jaso zutela atxiloaldian—, Auzitegi Nazionaleko epaileek 2010ean sententzian idatzi zuten hiru haiek 2006ko irailaren bukaeran hasi zirela atentatua prestatzen, aipatutako ustezko bi goi kargudunen proposamen baten ondoren, eta, epaiak zekarrenez, kontaktuan segitu zuten erasoa egin artean. Aranibar eta Aspiazu auziko epaiketaren zain daude —aurrenekoa libre dago duela hiru urtetik—.



Frantziaren txostena

Frantziako Gobernuaren txosten konfidentzial batek dio ETAren «ildo gogorrak» Urrutikoetxea «baztertu» egin zuela Barajasko atentatua baino pixka bat lehenago. Hain zuzen, Barne Ministerioarena da txosten hori —BERRIAk eskuratu du—, 2014ko iraileko data du, eta Frantziako Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitateak egindakoa da —Le Nationalisme Basque izena dauka dokumentuak; Euskal Nazionalismoa—. Honela dio 171. orrialdean: «2002 bukaeran, euskal legebiltzarkide erradikal Josu Urrutikoetxea Bengoetxeak —Josu Ternera—, berriz ere klandestinitatera jo zuen eta ETAra batu zen. […] 2006an Madril-Barajas atentatua baino pixka bat lehenago ildo gogorrak hura baztertu izanak Espainiako Gobernuarekin negoziazioa haustea ekarri zuen, baina ETAren su-eten berriak mugimenduaren egituretara itzultzea eragin zuen, haren asmoak zehazki zein diren argitu gabe dagoen arren».

ETAk 2006ko martxoaren 22an «su-eten iraunkorra» eman zuen. 2005eko ekainetik Urrutikoetxea, ETAren ordezkari gisa, hizketan ari zen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin, Suitzan eta Norvegian, eta 2005 amaieran akordioaren oinarriak hitzartu zituzten. 2006ko abuztuaren 18an ETAk agiri batean zioen Madrilen «errepresioa» zela-eta «prozesua krisi egoera nabarmen batean murgilduta» zegoela, eta «Euskal Herriaren aurkako erasoek» jarraituz gero «erantzun» egingo zuela.

Urrutikoetxeak 2006ko irailaren 26an, 27an eta 28an egin zituen bere azkeneko bilerak Espainiako Gobernuaren ordezkariekin. ETAren aldetik, lehen aldiz agertu zen Xabier Lopez Peña. Madrilen ordezkaritzan aurreneko aldiz azaldu zen Jose Manuel Gomez Benitez legelaria, eta hark duela bi urte BERRIAko elkarrizketa batean adierazi zuen «garrantzitsua» izan zela ETAren «ordezkaritzaren buruzagi aldaketa». Benitez (2017-7-5): «Haren [ETAren] ordezkaritzako aurreko buruzagiak gehiago zeukan negoziazioa buruan ordezkatu zuenak baino. [...] Ikusi genuen 2006ko uztailean ETAn zerbait aldatu zela. Sinplifikatuz, beti iruditu izan zitzaigun gutxienez bi ildo zeudela: batek mesfidantza handiz ikusten zuen negoziazioa, eta uste zuen indarkeriazko ekintzekin presio egin behar zela; beste ildoak konfiantza handiagoz hartzen zuen negoziazioa. ETAko negoziatzaileen buruzagiaren aldaketaren ondoren, ikusi genuen ildo gogorrenaren garaipen bat egon zela, eta biziki kezkatzen gintuen».


Frantziako Barne Ministerioaren dokumentu konfidentzial bateko (2014ko iraila) zati batzuk: "2002 bukaeran, euskal legebiltzarkide erradikal Josu Urrutikoetxea Bengoetxeak —Josu Ternera—, berriz ere klandestinitatera jo zuen eta ETAra batu zen. [...] 2006an Madril-Barajas atentatua baino pixka bat lehenago ildo gogorrak hura baztertu izanak Espainiako Gobernuarekin negoziazioa haustea ekarri zuen, baina ETAren su-eten berriak mugimenduaren egituretara itzultzea eragin zuen, haren asmoak zehazki zein diren argitu gabe dagoen arren".

Auziko gako nagusiak

Elizaranen kasua, artxibatua

Gonzalez epaileak Urrutikoetxea, Aspiazu, Karrera, Iriondo eta Elizaran ETAk 2004ko urritik aurrera eragindako hilketen erantzule moduan auzipetu zituen duela lau urte. Urrutikoetxeari 2005eko, 2006ko eta 2007ko ardura politikoa egotzi zion. ETAk 2005ean ez zuen inor hil; 2006an Barajasen bi lagun; eta 2007an bi guardia zibil Capbretonen (Landak, Frantzia), abenduan, «enfrentamendu armatuan», ETAk agiri batean adierazi zuenez.

2015eko abenduan, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak ebatzi zuen gizateriaren kontrako krimenen afera atentatuka aztertu behar dela, ez modu orokor batean. Parisek Urrutikoetxearen euroagindua onartu eta Espainiaratzea gertatuko balitz, defentsa abokatuen iritziz epaimahaiak Barajasko auzia epaitu zuenak izan behar du, ez beste batek.

Gizateriaren kontrako krimenen auzian orain arte Elizaranen kasua baino ez dute jorratu Madrilen, 2016an, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor aretoak artxibatu egin zuen, Lamelak hilabete batzuk lehenago kaleratutako autoa berretsita —baztertu egin zuen Elizaran ETAren zuzendaritzakidea izan zenik—. Horrez gain, 2016an, auzitegi bereko Alfonso Guevara, Angeles Barreiro eta Fermin Etxarri magistratuek esan zuten ETAk ez zuela halako krimenik eragin, erakunde armatuaren jardueran ez zegoelakoan «biztanleria zibilaren aurkako eraso orokorra eta sistematikoa». Luis Portero fiskalaren hilketa (2000, ETA) gizateriaren aurkako krimen gisa ikertzeko Dignidad y Justicia elkartearen eskaria baztertzeko autoan adierazi zuten hori Guevarak-eta. Dena dela, lehengo urtean Auzitegi Nazionalak, Lamela buru zela, proposatu zuen Urrutikoetxea, Aspiazu, Karrera eta Iriondo epaitzea.

.................
2002. 'HERRIKO TABERNAK' (euroagindua)
Kartzelatzerik gabeko epaia

'Herriko tabernen' auziagatik ere galdegin du Auzitegi Nazionalak euroagindua, Ekineko buru zela jota. Legebiltzarkide zenean ikertu zuten: hiru bilera eta dei bat. Gorenaren epaia bi urtez azpikoa izan zen.


Josu Urrutikoetxea, 2000ko urtarrilean, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE

Herriko tabernen auzian (35/02 sumarioa) ere sartua du Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea, Ekineko buru izan zelakoan, eta euroagindua eskatu dio Frantziako Dei Auzitegiari. Baltasar Garzon epaileak 2005eko otsailaren 28an auzipetu zuen; Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak bozetara deitu eta Eusko Legebiltzarra desegitearen ondorioz Urrutikoetxeak legebiltzarkide izateari utzi eta astebetera. Garzonek 2001eko uztailean Ekineko ustezko hainbat lagun auzipetzean hura «Ekineko gune nazionalaren arduradun» gisa jo zuen arren, ezin izan zuen prozesatu, foruduna baitzen. Instrukzio epailearen arabera, KASen ordezkoa zen Ekin, ETA barruan zegoen eta haren «bulego politikoa» zen, eta ezker abertzalearen zuzendaritza eta kontrol lanak egiten zituen. Herriko tabernen auziko operazioa 2002ko apirilean agindu zuen epaileak.

Auzi honetan, Espainiako Poliziako Inteligentzia Unitate Zentralak 2005eko otsailaren 25eko datarekin helarazi zuen auzitegira Urrutikoetxearen aurkako txostena, honek forudun izateari utzi berritan. «Erakunde terroristako» kide izatearen delitua leporatu zion Garzonek. Haren autoak zekarrenez, «ETAn militantzia eta ardura historikoa» izateaz gain, 2000ko urtarrilaren 14an badaezpadako kartzelalditik aske atera ondoren —Poliziaren txostenak eta Garzonen autoak diote 1999ko urtarrilaren 14an atera zela espetxetik—, EHko eta Batasuneko karguak izan zituen, eta «ETAk lideratutako gune terroristaren zuzendaritza lanak» bete zituen.

Espainiako Poliziaren txostena erabat oinarri hartuz,«inputaziorako» egitate modura Urrutikoetxearen hiru bilera eta elkarrizketa telefoniko bat aipatu zituen autoan: 2000ko ekainaren 1ean Ekinen «bilera organiko» batean izatea Bilbon, HBren egoitza batean; 2000ko uztailaren 15ean Villabonako (Gipuzkoa) udaletxean gisa bereko batzar batean parte hartzea; 2001eko martxoaren 5ean Jarraiko kide batzuekin bilera bat egitea Bilbon, gazte erakundearen egoitzan; eta 2000ko maiatzaren 11n Jarraiko batekin telefonoz hitz egitea Jarrai eta Gazteriak-en bat egite prozesuaz. Beraz, data horietan legebiltzarkidea zen arren, Urrutikoetxeak jarraipen eta entzuketa polizialak pairatu zituen.

Bi akusazio eta zigor mota

35/02 sumarioko ahozko epaiketa 2013ko urrian hasi zen, Auzitegi Nazionalean, eta 36 lagun eseri ziren akusatuen aulkian. Urrutikoetxea 2002ko udazkenetik ihesian zen, eta ez zuten epaitu. Zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigor eskaerekin ekin zioten epaiketari, eta sententziak (2014) urtebete eta hiru urte arteko kartzela ezarri zien hogei laguni: HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatuko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea egotzita; eta herriko tabernen zatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura»finantzatu eta laguntzeagatik. Defentsak Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak jaitsi egin zituen, gehienezko zigorra bi urtetik behera jarrita; horrela, Gorenaren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso.

.................
1980. LUIS HERGUETA (estradizioa)
Frogatutako egitateei kasu egiteke

Espainiak Luis Herguetaren hilketagatik Josu Urrutikoetxea estraditatzeko eskatu dio Frantziari, nahiz eta ETA pm-k aldarrikatu zuen erasoa. Auzipetzeak eta gobernuaren eskaerak data aldetik ere okerrak dauzkate.


Klikatu irudia handiago ikusteko

Madrilek Josu Urrutikoetxearen aurka Parisi egindako lau eskaeren artetik, Luis Herguetaren hilketari buruzkoak ez luke heldulekurik: ETA politiko-militarrak (pm) aldarrikatu zuen —epaitzeke dagoen kasu bat da—, eta Urrutikoetxea ez da inoiz izan ETAren adar horretako kidea, militarrekoa (ETA m) baizik. Gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalaren auzipetze autoan (2005) eta gobernuaren estradizio eskaeran (2019) zehaztasunik eza eta data erabilera okerrak daude. Defentsa abokatuek bi estradizio eskaerak ere bihar jorratzen hastea nahi dute Frantziako Dei Auzitegian, eta, ezin bada, estradizio auzietako lehen ondorioen berri emateko asmoa ere badaukate. Kasu hori ere euroagindua 1993an indarrean jarri aurrekoa izateagatik eskatu du Madrilek estradizioa.

1980ko ekainaren 25ean hil zuten Hergueta (52 urte) Safes-Michelin enpresako zuzendaritzako kidea, Gasteizen, Dato kalean: 13:30 aldera etxeko atarira sartzera zihoala, buruan tiro egin zioten. Egun berean, gauez, ETA pm-k telefono deiak egin zituen egunkari batera gutxienez, atentatua bere gain hartuz, eta hurrengo egunean agiria bidali zuen hedabideetara; ekainaren 27ko El Diario Vasco-n, Egin-en, El País-en, La Vanguardia-n eta beste batzuetan irakur daitezke zatiak. ETA pm-k esan zuen Hergueta zela Gasteizko Safen-Michelineko segurtasun zerbitzuen burua eta enpresako «langileen aurkako errepresioaren erantzule nagusia». Agiria jaso zuen Kemen ETA pm-ren barne buletinak, 1980ko azaroan.

Gasteizko Michelinen 1980an ere lan itunaren negoziazioan gatazka handiak izan ziren zuzendaritzaren eta beharginen artean —lau mila lagunek egiten zuten lan—. ETA pm-k «langileen borroka osatu nahi» izan zuen Herguetaren hilketarekin, agirian azaldu zuenez. Lehenago ere aritu zen hango direktiboen aurka; kasurako, 1979an Luis Abaitua bahitu zuen. Herguetaren hilketaren aurretik ETA m-k eta KAA Komando Autonomo Antikapitalistek ere jardun zuten lantoki haren arduradunen aurka; esaterako, KAAk eraso armatu bat egin zuen 1980ko maiatzean, eta ETA m-k hil bereko 16an Jesus Casanova larri zauritu zuen, Gasteizen. ETA m-k 1980an Gasteizen egin zuen hilketarik, Michelineko aferarekin lotu gabeko ekintzetan: urtarrilean eta apirilean —Araban hurrena, urrian: Agurainen, hiru guardia zibil—; 1978an eta 1979an ere jo zuen han.

1974ko hausturatik, bi ETA zeuden. Herguetaren atentatuak harridura eragin zuen euskal gizartean, ETA pm jokabide gogor batera itzuli zela iritzita. Ondoko hilabeteetan Araban bahiketa eta hilketekin segitu zuen ETA pm-koek.

Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak asko ikertu du ETA pm-ren ibilbidea, eta orain dela sei urte El Correo-n Euskadiko Ezkerra alderdiaz idatzitako artikulu batez irakurle batek Interneten Herguetaren eta Urrutikoetxearen kontua atera zionean, Fernandez Soldevillak erantzun zion Urrutikoetxea atentatuaren garaian ETA m-n zegoela; «ondorioz, ez dut ulertzen zer harreman izan dezakeen poli-milien krimenekin orokorrean eta Herguetaren hilketarekin zehazki». Sasoi hartan ETA pm-ren zuzendaritzan zegoen kide batek kazeta honi azaldu dio Urrutikoetxea «beti besteekin» egon zela: ETA militarrean.

Hainbat eta hainbat dokumentutan ikus daiteke Herguetarena ETA pm-k egin zuela, Adibidez, Jaurlaritzaren 1960-2014 arteko atentatuei buruzkoan: Euskal kasua-n (2014). Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ere iazko txio batean zioen ETA pm-k hil zuela. Espainiako Gobernua da Oroimenezkoaren patronatuko kideetakoa, baina gobernuak orain Parisi egindako estradizio eskaeran ez du zehaztu ETAren zein adarrek hil zuen Hergueta. Hain zuzen, Justizia Ministerioak joan den uztailaren 12an atera zuen estradizio galdearen jakinarazpena, eta zekarren Dolores Delgado Justiziako jarduneko ministroak proposatuta onartu zuela Ministroen Kontseiluak Urrutikoetxearen aurkako estradizioa eskatzea Frantziari.

Autoan, ETA pm aitatu gabe

ETAko kide ohia kasu honetan Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu zuen. 2005eko irailaren 16an atera zuen autoa —Urrutikoetxea, ETAren ordezkari gisa, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan hasita zegoen garaia zen—, baina epaileak ere ez zuen zehaztu hilketaren egilea ETA pm izan zela. «ETA erakunde terroristak, 1980ko ekainaren 26ko agiri batean, atentatua bere gain hartu zuen», zioen autoak. Eduki nagusiak jaso zituen Pedrazek, baina zehazteke zein ETArenak ziren. Covite biktimen elkarteak ere Mapa del terror atarian —Terrorearen mapa— ez du zehaztua zer adarrek hil zuen Hergueta; aldiz, ETA pm-ren beste hilketa batzuetan badu egiletzaren berri emana; esate baterako, 1980ko bertako zenbaitetan.

Pedrazen auzipetze autoak eta Espainiako Gobernuaren estradizio eskaerak diote Modesto Garcia Marañon eta Edurne Garcia Artal Michelineko langileek —gobernuak ez du haien izenik aipatu— 1980ko otsailean edo martxoan bilera bat izan zutela Urrutikoetxearekin, Baionako erietxe sarreran, eta ETA m-ko orduko kideak Herguetaren argazkia eskatu ziela —Espainiako Poliziaren txosten batek dio etakideak hartzeko etxe bat topatzeko ere esan ziela—, eta bigarren hitzorduan eman zizkiotela irudiak: maiatzaren 5ean, toki berean. Safen-Michelinen aldizkari bateko argazkiak ziren. Halaber, Pedrazen eta gobernuaren idatziek diote ETAk —zehazteke zein ETAk— bahitu egin nahi zuela Hergueta. Datu horiek frogatzat jo dituzte Urrutikoetxeari Herguetaren hilketaren ardura egozteko: epaileak «erantzukizun kriminala» leporatu zion; gobernuak, «hilketaren ustezko delitua».

Garcia Marañon eta Garcia Artal bikotekide dira 1973tik, baina Michelineko langilea aurrenekoa zen, 1970etik; Garcia Artalek merkataritzan egiten zuen lan. BERRIAk berriki haien partetik baieztatu du Herguetaren argazkia eman ziotela Urrutikoetxea ETA m-ko orduko kideari. Baina publikoa da ETA pm-k aldarrikatu zuela 1980ko ekainaren 25eko atentatua.

Garcia Marañonen eta Garcia Artalen auzian badago beste datu esanguratsu bat: Madrilek data batzuk oker erabili ditu Urrutikoetxearen auzipetzerako. Bi haiek 1981eko martxoaren 29an atxilotu zituen Poliziak, Gasteizen, eta ETAren talde bat etxean hartu izana egotzi zieten hasieratik —taldeko ustezko hainbat kide eta laguntzaile ere atzeman zituzten orduan—. Espetxeratu egin zituzten; Garcia Artal 1981eko ekainean libre geratu zen behin-behinean, eta Garcia Marañon, abuztuan. Auzitegi Nazionalak 1982ko urtarrilaren 14an auzipetu egin zituen, kolaborazioagatik. Autoak zekarren biek «ETAko liberatuak» etxean hartu zituztela 1980ko otsailetik 1981eko martxora arte. 1982an egin zieten epaiketa haiei ere, eta sententziak (1982-10-19) zioen etakideak —bi— 1980ko abuztutik aurrera izan zituztela etxean —bost aldiz—, ez otsailetik aurrera, auzipetze autoak zekarren bezala. Bikoteak aitortu zuen abuztutik aitzina hartu zituztela etakideak. Urtebeteko espetxea ezarri zioten bakoitzari. Ordea, Pedrazen auzipetze autoak eta gobernuaren estradizio eskariak diote 1980ko otsailetik izan zituztela etxean ETAkoak.

Beste hiru datu esanguratsu

Beste hiru datu. Bat: 1982ko auzipetze autoak zioen Garcia Artalek eta Garcia Marañonek Herguetaren informazioa eman ziotela ETAri, baina epaiak ez zekarren Michelineko buruaz aipamenik. Bi: Pedrazek Urrutikoetxearen auzipetze autoan idatzi zuen Herguetaren informazioa emateagatik ere kondenatu zutela bikote hura, sententziak halakorik jaso ez bazuen ere. Hiru: 1982ko auzipetze autoa, haien kolaborazioa aitatzean, ETAz modu orokorrean mintzatu zen, adarrak bereizi gabe, eta sententziak zekarren bikoteak etxean ETA m-koak izan zituela. Funtsean, ikusi ahal da ez dietela frogatutako egitateei kasurik egin.

Mikel Lopetegi zenaren atxiloaldiko —1981eko martxoaren 29an atzeman zuten— deklarazio polizialean ikus daiteke ETA m-ren Araba komandoak 1980ko udaberrian Ipar Euskal Herrira jo zuela, eta urte bereko abuztuan itzuli zirela Gasteizera, Garcia Marañon eta Garcia Artalen-eta etxera. Tartean hil zuen ETA pm-k Hergueta. Lopetegiren testigantzan ez dator Michelineko buruaz aipamenik.

Garcia Marañoñek pasadizo bat kontatu ohi du: 1981eko abuztuaren 17an baldintzapean libre utzi zutenean, Michelinera joan zen atzera berriz ere lanean hastera, eta enpresako arduradunek esan zioten hartzeko jaiegun batzuk lasai, eta bueltatzeko irailean; alegia, Herguetaren auzian sartuta balego, ez zutela horrela hartuko.

.................
1987. ZARAGOZA (estradizioa)
Guardia Zibila biziki ukitzen duen auzi bat

ETAk 11 lagun hil zituen 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako atentatuan. Gorenak Urrutikoetxea 2000n libre uztean, Guardia Zibilak txostena egin zuen eta auzipetu egin zuten. Ez dago testigantza argirik.


Josu Urrutikoetxea, 2000ko urtarrilaren 23an, Ugaon (Bizkaia) egin zioten harreran. Bederatzi egun lehenago utzi zuen aske Espainiako Auzitegi Gorenak. SANTIAGO JIMENEZ/EFE

Josu Urrutikoetxea 1996-2000n Espainiako Estatuan badaezpadako kartzelaldian izan zutenean, haren aurkako hogeitaka sumario irekitzen saiatu ziren. Aski froga ez zuten aurkitu, eta Frantziak ETAko kidea izatea egotzita 1990ean zigortu zuenez —hamar urteko kartzela— eta ezin zutenez gauza beragatik berriro epaitu, Gorenak aske utzi zuen, behin-behineko kartzelaldiaren gehienezko epea gain-gainean zutela. Lau urte horietan, besteak beste, ETAk 1987ko abenduaren 11n Zaragozan (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua atera zioten. Urrutikoetxea 2000ko urtarrilaren 14an irten zen espetxetik. Baina Guardia Zibilak 2001eko ekainean haren aurkako txosten bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, eta bidea egin zuen. Urrutikoetxea orduan legebiltzarkidea zenez, Gorenera pasatu zen gaia, eta 2002ko azaroaren 6an deklaratzera deitu zuen. Ez zen agertu, bere aurkako «sasi-epaiketa» egin nahi zutela deitoratuta, ezta bigarren hitzorduan ere, handik astebetera. Pasa den maiatzean Frantzian atxilotu ondoren estradizio eskaera egin zuen Espainiako Gobernuak.

Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak 125 orrialdeko eta 64 eranskineko dokumentu bat prestatu zuen 2001ean, eta tesia zen Urrutikoetxea, Zaragozako erasoaren garaian, ETAren zuzendaritzako kidea zela, Francisco Mujika Garmendiarekin eta Joseba Arregi Erostarberekin batera; talde politikoaren buru zela —baita nazioartekoarena ere—; 1987ko atentatu hura egiteko erabakiaren parte izan zela, eta bitartekoak jarri zirela haren bidez ere. «Zantzu kriminalak» ikusi, eta Gorenak deklaratzera deitu zuen 2002an. Guardia Zibilaren arabera, ETAk gobernua presionatu nahi zuen Aljerko negoziazioei begira, indar erakustaldia eginda. 11 lagun hil zituen Zaragozan —tartean, bost haur—, kuartelaren aurka bonba-auto bat lehertuta;88 lagun ere zauritu zituen.

Soares Ganboa eta Rego Vidal

Guardia Zibila, besteak beste, Juan Manuel Soares Ganboa eta Juan Jose Rego Vidal euskal preso ohien deklarazioetan oinarritu zen Urrutikoetxea inputatu ahal izateko.

Soares Ganboak esan izan du Urrutikoetxeak «nahitaez» hartu behar izan zuela parte Zaragozan atentatua egiteko erabakian; izan ere, 1996an zioen «giroan» zegoela ETAko buruetakoa zela eta «publikoan jakina» zela hori. Baina urte berean aitortu zuen berak ez zekiela zein ziren zuzendaritzakideak. 1995ean epailearen aurreko deklarazio batean ez zuen arlo militarrarekin lotu, eta, ETAren «bulego politikoaz» galdetzean, ez zuen haren izenik aipatu. 1996an epaileari azaldu zion harekin izandako harreman bakarra nazioarteko arloko kontu bat izan zela, pasaporte faltsu baten ingurukoa. Soares Ganboaren abokatuak urte berean zioen gehiegizkoa zela esatea bere bezeroa jendea zuzenean inplikatzen ari zela.

1996ko uztailean Soares Ganboak eta Urrutikoetxeak aurrez aurreko bat izan zuten Auzitegi Nazionalean, Madrilgo Dominikar Errepublika plazako atentatu bat (1986) zela medio. Aurrena zegoen auzipetua, han hamabi guardia zibil hil izana egotzita, eta adierazi ez zuen Urrutikoetxearengandik sekula ez zuela agindurik jaso, bera alor militarrekoa zela esanda. Urrutikoetxeak onartu zuen ETA m-ko nazioarteko taldeko kidea izan zela, baina ez arduraduna —aurretik ukatu egin zuen erakundearen zuzendaritzako kidea izan zela—.

Rego Vidalek 1990eko hamarkadaren erdialdean zioen Zaragozako atentatuaren garaian hark «erabat» agintzen zuela ETAn, «buru nagusietakoa» zela, eta lotura zuela atentatuen finantzazioarekin eta antolaketarekin, baina 1997an ez zuen argibiderik eman horretaz. 1996an, berriz, onartu zuen ez zuela ezagutzen Urrutikoetxea.

‘Argala’ taldearen buru ez

Florencio Dominguez kazetari eta Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Zentroko zuzendariak ETAri buruzko hamar liburu ditu idatziak, eta horien artean da Josu Ternera. Una vida en ETA liburua, 2006koa (Josu Ternera. Bizitza oso bat ETAn). Han zioen Urrutikoetxeak 1980ko hamarkadaren erdian ETAren talde politikoaren ardura hartu zuela, eta, besteren artean, nazioarteko atala ere bere menpean zeukala, baina liburuan ez zuen zuzenean lotu Zaragozakoa egin zuen Argala komandoarekin, nahiz eta zioen taldea ETAren zuzendaritzaren agindupean zegoela —Poliziak 1990ean desegin zuen—. Dominguezen esanetan, Txomin Iturbe izan zen Argala komandoaren sortzailea (1977) eta «lehen nagusia», eta zioen taldeak ondoren beste hiru buru eduki zituela; ez zuen horien artean aipatu Urrutikoetxea. Kazetariak liburuan zekarren Zaragozako kuarteleko erasoa «pertsonalki [Mujika Garmendia] Pakito-k» agindu ziela komandokideei.

Manuel Angel Sanchez Corbi koronelak Cuadernos de la Guardia Civil-en (Guardia Zibilaren koadernoak) duela hiru urte Cómo la Guardia Civil derrotó a ETA (Nola garaitu zuen Guardia Zibilak ETA) artikulu luzean Argala komandoari buruzko kapituluan Mujika Garmendia jo zuen garai haietako ETAko burutzat. Auzitegi Nazionalak 2.354 urteko kartzela ezarri zion hari, 2003an, Zaragozako 11 hilketengatik eta 88 zaurituengatik; eta, horregatik, beste hainbestekoa Arregi Erostarberi —logistika ardura egotzi zioten—. Biek epaiketan uko egin zioten deklaratzeari.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 1993an esan zuen 1984tik 1989ko urtarrilean atxilotu zuten arte nazioarteko taldearen arduradun izan zela Urrutikoetxea, eta saiatu zen Sokoa auziagatik (1986) Parisek estradizioa onar zezan, baina ez zuen lortu, Frantziak erantzun zuelako 1990ean epaitu zutela. Euskal presoaren seme Egoitz Urrutikoetxeak joan den ekainean AFP Frantziako berri agentzian azaldu zuen bere aitak ez zuela zerikusirik izan Zaragozako 1987ko atentatu harekin. «Nire aita [Parisen] 1990ean ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun moduan zigortu zuten, sekula ez talde militarreko kide moduan. Barrua oso zatikatuta zegoen».

AEGC Guardia Zibilaren elkarteak joan den urrian kezka agertu zuen estradizioa lortuko ez delakoan; izan ere, ohartarazi du Auzitegi Nazionalak kasua behin-behinean artxibatzeko asmoa daukala.


Guardia Zibilaren Zaragozako kuartela, 1987ko abenduaren 11n, ETAren atentatuaren ondoren.

.................
Twitterreko haria, laburpen modura:


.................
Testu bilduma:
Josu Urrutikoetxearen auzia

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna