Beste 640 positibo atzeman dituzte azken testetan

Egindako proba guztien %6,9 izan dira positiboak

arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 7a
11:35
Entzun

Atzo COVID-19a kontrolatzeko testetan 640 kutsatu atzeman zituzten Hego Euskal Herriko osasun sistemetan. Egindako testen %6,9 izan ziren positibo. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehengo asteko datuen berri eman du: 57 pertsona hil ziren gaitzaren ondorioz. Atzo, berriz, azken hiru asteetako daturik okerrenak izan ziren Hegoaldean: 734 kasu atzeman zituzten denera. Kezka agerikoa da.

Nafarroako Gobernuko osasun agintariek gaur goizean emandako datuen arabera, atzo 139 kasu positibo atzeman zituzten COVID-19a kontrolatzeko probetan. Zehazki, birusa atzemateko 2.103 test egin zituzten, eta %6,6 izan ziren positiboak. Apaltze bat egon da ehuneko horretan, aurreko egunetako datuekin alderatuta, eta gorako joera eten egin da. Eguberrietako jaien eragina egunotan igartzen has daitekeen susmoa dago, hala ere, eta adi erreparatu beharko zaio datuen bilakaerari. Jaurlaritzak gaur jakinarazi dituen datuetan, kutsatu gehien Bizkaian atzeman zituzten atzo: 290 izan ziren. 131 Gipuzkoan, eta 73 Araban. Denera 7.235 proba diagnostiko egin zituzten, %6,9 izan ziren positibo.

Bitartean, birusari aurre egiteko ezinbestekoa izango dela argudiatuta, txertaketa lehenestea da beste helburuetako bat. Atzo, esaterako, txertaketa hasi zen Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean lehengo abenduaren 27tik ari dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek esan dute atzo ez zutela txertorik jarri jaieguna zelako, baina gaur berriz hasiko direla kanpainarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.