EAE-ko aurrekontuak

«Ezohiko egoerari ezohiko erantzunak» emateko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin batzartu dira Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Mikel Otero.

Otero, Iriarte eta Kortajarena, bilerara sartu aurretik. EH BILDU
jon olano
2021eko urtarrilaren 8a
15:24
Entzun

2021erako aurrekontuak onartzeko bilera sorta abiatu du gaur Jaurlaritzak oposizioko talde politikoekin. Aurreneko bilkura EH Bildurekin izan da, 12:00etan, Bilbon, eta bertan elkartu dira, batetik, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, Hernando Lacalle Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea, Josu Iñaki Garai Aurrekontu zuzendaria eta Yurdana Burgoa Kabineteko eta Komunikazioko zuzendaria, eta, bestetik, Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Batzarrean, indar subiranistako ordezkariek Azpiazuri eskatu diote «ezohiko egoerari ezohiko erantzunak» emateko, aurrekontu proiektua «eginda dagoen moduan», ez baitute uste «ezohiko egoera bati erantzuten dionik».

Bilera «oso adeitsua» izan da formen aldetik, Iriartek irteeran azaldu duenez. Hala ere, edukiari dagokionez «hankamotz» geratu dela erantsi du: «Aurreko hilabete hauetan guztietan gobernuak erakutsi du zein den bere jarrera, eta EH Bilduk behin eta berriro proposamenak egin dizkionean ez dugu inolako erantzunik jaso. Gau ere proposatu diguna da dagoen aurrekontuari gure baiezkoa ematea besterik gabe». Iriarteren esanetan, «zero elkarrizketa» izan du orain arte Jaurlaritzak EH Bildurekin.

«Iruditzen zaigu ezohiko egoera honetan ezohiko erantzunak eman behar direla, eta ezohiko erantzun horiek etorriko direla proposamen politiko oso batetik», esan du Iriartek, eta iragarri hori dela EH Bilduk egingo duena: «Proposamen politiko oso bat, jendearen beharrei erantzuteko».

Bilkurari buruzko balorazioa egin du Azpiazuk ere. Nabarmendu du «aurrekontuen negoziazio mahaiak ondo definitutako ekonomia eta eskumen esparrua» barne hartzen duela, eta proiektuan ez dela «aldaketa iraultzailerik eta ezin kuantifikatuzko aldaketarik» gertatuko, EH Bilduren hitzei erreferentzia eginez. Gainera, balioa eman dio aurrekontu proiektuari, esanaz «anbiziotsua» dela, «Jaurlaritzak inoiz izan duen indartsuena, ahalbidetzen duena urteari ekitea krisi ekonomikoari eta osasun krisiari aurre egiteko nahikoa indarrekin». Azpiazuren arabera, EH Bilduk ez du «proposamen zehatzik» egin: «EH Bilduren proposamenaren zain geratzen naiz gaurko bileran planteatutako gaiak aztertzeko».

Lehen bilera izan da gaurkoa, baina Iriartek ere ez du argitu bigarren bat egingo ote duten: «Gobernuaren jarrera zein zen jakin nahi genuen. Ahotik auzolan hitza kentzen ez duen gobernu batek ahalegina egin beharko luke jokaleku bat eraikitzeko, gainerako talde politikoek eta EH Bilduk, oposizioko lehen indarrak, ekarpenak egin ahal ditzaten, jendearen bizi baldintzak hobetzeko aurrekontu hauez harago».

Azpiazu datorren astean batzartuko da gainerako taldeetako ordezkariekin; astelehenean Voxekin, asteartean PP+C's-ekin eta asteazkenean Elkarrekin Podemosekin. Alderdiek urtarrilaren 18ra arteko epea dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta, inork aurkeztuko balu, hilaren 29an eztabaidatuko lirateke. Espero da behin betiko onespena otsailaren 11ko osoko bilkuran ematea. Jaurlaritzak bermatuta dauka kontuak aurrera aterako dituela, EAJk eta PSE-EEk gehiego absolutua baitute legebiltzarrean. Halere, epeekin ere kexu azaldu da Iriarte: «Egutegia oso laburra da gobernuak hala nahi duelako. Aurrekontu honek onartuta behar zuen abenduaren 31n, baina gobernuak aurrekontu proiektua aurkeztu zuen eta oporretara joan zen».

Gorrotxategi, «eraikitzaile»

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Radio Euskadin azaldu du jarrera «eraikitzailearekin» joango direla asteazkeneko bilerara eta dokumentu bat eramango diotela Azpiazuri: «Ez dugu uste Euskadik behar dituen aurrekontuak direnik, oso kritikoak gara bere edukiarekin, baina hitz egin eta ados jarri nahi dugu, gure proposamenak aurrekontuan jaso daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.