AEB-ak

Kapitolioko erasotzailerik nabarmenetako batzuk atxilotu dituzte

Larru eta adarrez jantzitako Jacob Anthony Chansley eta Kongresuko kantore bat lapurtu zuen Adam Johnson polizietxera eraman dituzte. Derrick Evans hautetsiari ere karguak jarri dizkiote.

Larru eta adarrez jantzitako Jacob Anthony Chansley a atxilotuetako bat. JIM LO SCALZO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 10a
09:24
Entzun

Asteazkenean jende saldo batek hartu zuen AEBetako Kapitolioa, Donald Trumpek manifestazio batean hara joateko esan ondoren. Bost pertsona hil ziren erasoan, eta irudi harrigarriak utzi zituen istiluak. Irudiotako bi protagonista atxilotu egin dituztela adierazi du Poliziak: aurpegia margotuta eta larru eta adarrez jantzitako Jacob Anthony Chansley eta Kongresuko kantore bat lapurtu zuen Adam Johnson.

Chansleyk —Jake Angeli izena ere erabiltzen du— QAnon konspirazio teoriaren «xaman» gisa aurkeztu izan du bere burua, eta asko nabarmendu da azken hilabeteotan Trumpen aldeko ekitaldietan. Kapitolioan indarkeriaz sartzea leporatzen diote, besteak beste. Haren mozorroak barrea eragin badezake ere, Poliziak nabarmendu du Chansleyk 1,82 metroko lantza bat zeramala eskuetan, benetako ezten batekin puntan. Beraz, armaturik zegoen.

Bigarren atxilotu nabarmena 36 urteko Adam Johnson. Kongresuan hitz egiteko orduan ordezkariek erabiltzen duten kantore bat eramaten erretratatu zuten. Gobernuaren jabetza lapurtzea eta Kapitolioan indarkeriaz sartzea egotzi diote.

Gero eta ozenagoak dira Trump erasoarengatik auzitara eramateko eskatzen duten ahotsak.  Etxe Zuriaren aurrean jendetzaren aurrean emaniko hitzaldian, Trumpek esan zien jarraitzaileei «indarraren ordua» heldua zela.

Hasi dira, gainera, ordezkari politikarien aurkako salaketak gorpuzten. Horien artean dago Mendebaldeko Virginiaren ordezkari Derrick Evans hautetsia ostiralean atxilotu zuten. Zera leporatzen diote: bere burua grabatu izana Kapitolioan sartzen, eta Interneten zabaltzea bideoa, gero ezabatu egin bazuen ere. Dimisioa eman du.

Ostiralean, beste erasotzaile nabarmen bat hartu zuten preso: Nancy Pelosi Kongresuko buruaren bulegoan indarrez sartu zela eta hankak mahaiaren gainean zituela erretratatu zuten 60 urteko Richard Barnett. Bulego horretara indarkeriaz sartzeaz gain, lapurreta ere leporatzen diote, Pelosiren agiri batzuk eraman baitzituen haren bulegotik.

Richard Barnett erasotzailea, Nancy Pelosiren bulegoan.Jim Lo Scalzo / EFE

FBIk laguntza eskatu die herritarrei erasoaren bideo eta argazkietan agertzen direnak identifikatzeko. Hainbat herritar talde ari dira ikerketa lan hori egiten, euren kabuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.