ALDERDIAK

EH Bilduk larunbatean abiatuko du bigarren kongresurako prozesua

Maiatzean amaituko da, zuzendaritza berria hautatuta. 2017ko kongresuan ezarritako bidean sakontzea da asmoa.

Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduraduna.
jon olano
2021eko urtarrilaren 11
12:30
Entzun

EH Bilduk bigarren kongresua egingo du udaberrian, eta prozesu horren xehetasun batzuk eman dituzte Garikoitz Mujika zuzendari nagusiak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak. Kongresu prozesua batzar nagusi bat eginez hasiko dute, asteburu honetan, eta maiatzera arte luzatuko da. 2017an egin zuten sorrerako kongresua, eta orduan hartutako erabakietan sakontzeko bidea egingo dute, Mujikak azaldu duenez.

Lau parte nagusi bereizi ditu Mujikak. Lehena, larunbat honetako batzarra; orduan abiatuko da kongresua, kideei kongresuko planteamenduak aurkezteko. Berme Batzordea ere aukeratuko dute larunbatean. Otsailean egingo dute beste batzar bat, eta orduan aurkeztuko dituzte orain arte eginiko lanaren balantzea eta ponentzia politiko eta organizatibo berriak. Aurkezten diren zuzenketak, proposamenak eta abarrak apirilean egingo duten batzar batean bozkatuko dituzte, eta azken pausoa maiatzean emango dute, zuzendaritza berria aukeratuta.

«Lan horiek guztiak EH Bildu indartzeko eta erabakigarriagoak izateko egingo dira», azaldu du Mujikak. 10 urte baino ez izango da kongresuaren leloa. Izan ere, hamar urte dira aurten Bildu sortu zela, 2011ko udal eta foru hauteskundeei begira. «Azken hamar urteetako lorpenei balioa emango diegu, datorren hamarkadako erronkei begiratzeko», esan du Mujikak.

Asmoa 2017ko erabakietan sakontzea izanik, orduan ezarritako ildo nagusiak gogorarazi ditu: batetik, subjektu politiko propioa eratzea, «koalizio forma, alderdi egiturak eta mugimendu bokazioa» dituena; bestetik, EH Bilduren jarduera eremuak erakundeak eta gizartea izatea; eta, azkenik, zuzendaritza bat sortzea, «ekintza politikoa, instituzionala, gizarte arloko alternatiba eta eragile mobilizatzaile gisa garatzeko». 

Mujikak adierazi du EH bildu «gobernu indar izateko asmoak, eskumenak eta gaitasunak dituen indar politiko gisa ez ezik, palanka eta tresna gisa» aurkezten dela, «herrialde honi gure proiektu politikoa lortzeko bitartekoak eta bideak emateko; hau da, euskal errepublika sortzeko». Horretarako, kongresua «gertakari politikoa» izatea nahi dute, batez ere EH Bilduren komunitatean.

Batzeko deia

Larunbateko batzarra telematikoa izango dela gogorarazi du Oleagak; aurrez izena eman beharko da. Azaldu duenez, hilabeteotan prozesuan parte hartzeko bi tresna izango dituzte EH Bilduko kideek: ohiko bide telematikoak eta herri batzarrak. Bigarren horiek izango dira «kongresuaren muina», eta kideek bi bideen bitartez eskuratu ahal izango dute dokumentazio guztia. Gaineratu du «ezinbestekoa» dela EH Bilduren proiektu politikoarekin bat egiten duten herritarrei «kongresuaren garrantzia helaraztea»; ildo horretan, 2017ko kongresuan onartutako estatutuen arabera, bilkide izatea ezinbestekoa izango da parte hartzeko, eta, beraz, proiektuarekin bat egiten duten herritarrei dei egin diete bilkide izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.