Lan gatazkak

Aernnovako langileek itxialdia hasi dute Gasteizko eliza batean

Enpresak otsailaren 1ean gauzatuko ditu kaleratzeak. Horien aurkako grebari eta beste protestei eutsiko diete langileek.

Aernnovako langileak, Gasteizko Los Angeles elizan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 12a
15:23
Entzun

Aernnovako langileek manifestazioa egin dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatuta, Gasteizen. Hiriguneko Los Angeles elizara heldu direnean iragarri dute tenplu horretan itxialdi bat hasiko dutela, gutxienez datorren astelehenera arte. Ez dute, ordea, elizan lo egingo. Goizean kaleratzeen aurkako protesta bat egingo dute, eta han bilduko dira beren egoeraren berri izan nahi duten eragile politiko, sozial eta sindikalekin.

Enpresak jakinarazi die kaleratzeak otsailaren 1ean gauzatuko dituela. Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 450 langileetatik 82k galduko dute enplegua: 55 kaleratze gordin izango dira, beste hamalau langilek aldez aurreko erretiroa hartuko dute, eta beren borondatez enpresa utziko dute hamahiru langilek, kalte-ordain handiagoarekin.

Fabrikako sindikatu nagusiak, ELAk, auzitara eraman ditu kaleratzeak. Langileek bederatzi greba egun antolatu dituzte beren egoera salatzeko eta ezagutarazteko. Iragan ostegunean egin zuten lehena, gaur bigarrena eta etzi hirugarrena.

«Krisi koiunturala»

Aernnovako langile batzordeak behin baino gehiagotan azaldu du enpresaren osasun ekonomikoa oso ona dela, eta kaleratzeak ez direla justifikatuak. Besteak beste, 139 milioi euro banatu zituen dibidendutan 2017an, eta, aurten, 490 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta horietatik 100 irabaziak banatzera bideratu ditu. Batzordeak, halaber, nabarmendu du enpresak diru publiko ugari jaso duela azken urteetan.

Langile batzordeak une oro nabarmendu du koiunturala dela koronabirusak hegazkingintzan eragin duen krisia, eta behin-behineko neurriak onartuta kaleratzeak eragotz daitezkeela. Enpresak, baina, negoziazioetan esan du espero duela 2021ean ohiko duenaren erdia fakturatzea. Sindikatuen ustez, iragarpen horiek ezkorregiak dira.

2015ean antzeko egoera bat izan zen Aernnovan. Orduan 130 langileko erregulazioa egiten saiatu zen, baina, azkenean, atzera bota zuen. Lanpostu galtze hori, dena den, tantaka egin da, orduan 570 langile baitziren Berantevillan. Tarte horretan lan karga ugari bidali du Mexikon eta Brasilen dituen plantetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.