EKE-Elkar literatura bekak ordezkatuko du Gazteluma sariketa

Iparraldeko idazleentzat izango da lehiaketa berria ere, baina Hegoaldekoek ere parte har dezakete. Bi urtetik behin antolatuko da, eta zabalik da aurtengo deialdia dagoeneko.

Joxe Mari Sors eta Pantxoa Etchegoin, gaur, Donostian, aurkezpenaren unean. JON URBE/FOKU
aitor biain
2021eko urtarrilaren 13a
12:33
Entzun

Elkar Argitaletxeak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak 2000. urtean sortu zuten Gazteluma beka. Bi urtetik behin antolatu da lehiaketa ordutik, eta Iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzea izan du helburu. Antolatzaileek, baina, «beste bultzada bat» eman nahi izan diote orain, eta EKE-Elkar literatura beka sortu dute hura ordezkatzeko. Donostian aurkeztu dute gaur goizean.

Sariketa berriak Gazteluma bekaren oinarriei eutsiko die oro har, eta, beraz, lehiaketara aurkeztuko diren lanak «Iparraldeko euskara batuan» sortuak izan beharko dira. Izendapena jaso duten literatur proiektuen egileek 6.000 euroko laguntza jasoko dute lana urtebeteko epean garatu ahal izateko. Lana Elkar argitaletxeak argitaratuko du ondoren.

Bi urtetik behin egingo dute deialdia, baina, orain arte ez bezala, antolatzaileek genero bat aukeratuko dute edizio bakoitzean. Aurten, komikia edo nobela grafikoa izango da aukeratutako generoa, beraz, sariketara aurkeztu nahi duten proiektuek genero horretakoak izan beharko dute nahitaez. Generoa aldatu egingo dute deialdi bakoitzean. 

Beste berrikuntza sortzaileei lotuta dago; izan ere, beka berria Iparraldeko idazleentzat bada ere, Hegoaldekoek ere parte hartzeko aukera izango dute, baldintza batekin, betiere: literatur proiektuaren egileetako batek Iparraldean jaiotakoa edota bizi dena izan behar du. Ez da adin mugarik egongo, halere.

Aurtengo deialdia dagoeneko zabalik da, eta proiektuak maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke. Irabazlea nor den lau kidez osatutako epaimahai batek erabakiko du, ekainean. Nolanahi ere, lehiaketa irabazlerik gabe uzteko aukera izango da, behar adinako kalitatezko lanik ez dela aurkeztu erabakiko balute epaimahaikideek. 

Joxe Mari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak adierazi duenez, beka berriaren helburu nagusia da Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileei «ikusgarritasuna eta zabalkundea euskararen lurralde osora» zabaltzea. Izan ere, haren irudikoz, Gazteluma sariketa Iparraldera soilik «mugatuta» geratu da urteen joanarekin, eta idazleei eta haien lanei ez zaie behar bezalako zabalkundea eman Hegoaldean. «Gure ekarpen nagusia hori izango da: euskal kultura sortzea, garatzea, eta ikusgarritasuna ematea Euskal Herri osoan. Hau da, zabalkunde nazional bat ematea». 

Sorsek azaldu du, halere, Iparraldearen «berezitasunei» eutsi nahi izan dietela sariketa berriarekin; izan ere, Elkarrek berak 2015ean berreskuratu zuen euskal literatur sormena sustatzeko Joseba Jaka beka. Hura ere bi urtetik behin egiten da, baina Euskal Herri osoko idazleentzat da. 2018az geroztik, gainera, nobela edo narrazio bildumaz gain, beste arlo edo diziplina batzuetara zabaldu zuten. Bada, beka berriak antzekotasunak baditu ere, sariketak bereizita mantentzea erabaki dute: «Iparraldea berezia da; muga horrek kulturalki zenbait urruntze egin ditu. Beraz, gure helburua da, EKE-rekin batera hurbiltze bat egitea, eta Iparraldean idazle kopuruz txikiago izanik ere, sortzaile gutxiago izanik ere, horiei Hegoaldekoak daukaten aukera bera izan dezaten bermatzea».

Hogei urte, bederatzi liburu
Gazteluma sariketak gaur arteko bidean «emaitza onak» izan dituela aitortu du Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko buruak. Hogei urteko ibilbidean bederatzi idazle saritu baitira denera, eta, ondorioz, bederatzi liburu argitaratu dira lehiaketari esker. Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle eta BERRIAko kazetariak irabazi zuen, iaz, azkena, Ene baitan bizi da eleberriari esker, hain zuzen. «Zinez arrakasta ederra ukan du Euskal Herri guztian», adierazi du Etxegoinek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.