Kontxako hondartzan, eskiatzen; duela 36 urte gertatu zen, gaurko egunez

1985ean izan zen elurte luze batek hamabost zentimetro elur pilatu zituen Donostian, eta iraupen eskiko lasterketa bat antolatu zuten hondartzan. 120 eskiatzailek hartu zuten parte. Pello Ruiz Cabestany txirrindulariak eta Urko kantariak hartu zuten parte, besteak beste.

jon ordonez garmendia
2021eko urtarrilaren 14a
17:27
Entzun

Elurra ekarri du 2021. urteak lehen egunetan. Zuriturik esnatu ziren urtarrilaren 12a bitartean Euskal Herriko txokoak 150 metrotik gora. Joan den astebururako iragarritako elur ekaitza, baina, ez zen izan espero zen tamainakoa eta aurreko urte batzuetan izan diren elurteetatik urrun izan da aurtengo hau. Gaur betetzen dira, hain zuzen ere, 36 urte sekulako elurtea egin zuela, eta Donostiako Kontxako hondartza bera eski pista bihurtu zela.

1985eko urtarrilaren 15a zen. Elurte luzea izan zen hura Irutxuloko Hitzak duela lau urte gogoratu zuenez. Eskolak eta lantegiak itxita egon ziren, baita errepide gehienak ere. Tenperaturak zero azpitik sei gradura jaitsi ziren, eta Gipuzkoako hiriburuan 15 zentimetro elur pilatu ziren kalean; egun batean, 24 litro elur jaso ziren. Eskiatzaile donostiarrek ez zuten aukera galdu Igeldotik eskiatzen jaisteko, baina ez hori bakarrik: haratago joan zenik ere izan zen, eta gaurko egunez duela 36 urte iraupen eskiko lasterketa bat jokatu zen Kontxako hondartzan.

Hamaika aldiz errepikatu izan da Kontxako badiak eskaintzen duen ikusmiraren edertasuna. 1985eko urtarrilaren 15eko egun horretan bizitakoa errepikatzea, baina, zaila izango da. Ez soilik elurrak erabat estali zuelako hondartza, baizik eta abuztuan eguzkizaleek eta bainuzaleek betetzen duten paraje horretan 120 eskiatzaile euren eskiak eta makilak hartuta ikustea agian berritu ezin den zerbait delako. Orduko horretan, ordea, gertatu zen, eta gertatu bazen, Josu Iztueta, Dina Bilbao eta Nairobitarra osatzen zuten gainerakoek iraupen eskiko lasterketa bat antolatu zutelako izan zen.

Donostiako udaletxe parean hasi zen lasterketa. Han ziren 120 eskiatzaile irteera hartzeko prest. Haizearen Orraziraino joan eta etorri zen egin beharreko ibilbidea. Eskiatzaileez gain, ikusle asko bildu ziren ezohiko kirol erakustaldi hori ikustera. Ramon Labaien orduko alkatea ere han izan zen. 15:30ean hasi zen lasterketa, eta Angel Ortizek irabazi zuen; hori ere, Nairobitarra kuadrillako kidea. 17 minutu eta 33 segundoan helmugaratu zen. Handik ia minutu batera, bigarren postuan, Peio Ruiz Cabestany Orbea taldeko txirrindularia sailkatu zen; hiru hilabete geroago, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen, bizikleta gainean. Dina Bilbao izan zen lehen emakumea, 24 minutu eta 52 segundora helmugaratuta.

Pertsona ezagun gehiagok ere hartu zuen parte. Josu Iztueta bera laugarren izan zen. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria 24. iritsi zen helmugara, eta haren atzetik segundo batera, Mikel Uzkudun. 69. postuan Urko kantaria helmugaratu zen. Egun hartako sailkapenak 112 eskiatzaileen izenak jasotzen ditu:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.