Katalunia

Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik beren buruak defendatu dituzte europarlamentuan

Espainiak hiru parlamentarien kontra aurkeztu duen suplikatorioa aztertu du Auzi Juridikoen Batzordeak. Gonzalez Ponsek (PP) adierazi du «gehiengo argi bat» dagoela suplikatorioa onartzearen alde. Saioa konfidentziala da.

Clara Ponsati, Carles Puigdemont eta Toni Comin JxCko europarlamentariak, gaur, Europako Parlamentuan. STEPHANIE LECOCQ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 14a
20:34
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiek beren burua defendatuko dute gaur, Europako Parlamentuan, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru europarlamentari horien kontra aurkeztutako suplikatorio eskaria aztertuko duen batzordean. Bakoitzak ordu laurdeko tartea izango du, eta, ondoren, Auzi Juridikoen Batzordeko kideek hartuko dute hitza. Saioa atea itxita egingo dute, eta haren edukia konfidentziala izango da.

Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitu nahi ditu hirurak. Hori dela eta, parlamentari akta bertan behera uzteko eskatu dio Europako Parlamentuari, erregu gutun bidez. Hala egin ezean, Espainiak ezin ditu epaitu, Europako Batasuneko legediak —eta, beraz, batasuneko kide diren estatuetakoak— immunitatea aitortzen dielako europarlamentari diren artean.

Gonzalo Boye Puigdemonten defentsa abokatuak esana du JxCren hiru ordezkarien defentsarako garrantzi handikoa izango dela Belgikako justiziak joan den astean hartu zuen erabakia: uko egin zion Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia Espainiara estraditatzeari. Apelazio auzitegiak berretsi egin zuen lehen instantziako epailearen ebazpena, eta fiskaltzak helegiterik ez aurkeztea erabaki zuen. Belgikako justiziaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorena ez da Puigen Espainiaratzea galdegiteko aginte eskuduna, eta Espainiako justizia kontseilari ohiaren «errugabetasun printzipioa urratzen» ari da.

Defentsak uste du Belgikako justiziaren bi argudio horiek pisuzkoak izan daitezkeela europarlamentuarentzat, Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren suplikatorioari buruz erabakitzeko garaian. Adrian Vazquez Ciudadanoseko parlamentari eta Auzi Juridikoen batzordeko presidente denak, berriz, Puigen estradizioak suplikatorioarekin «zerikusirik ez» duela adierazi du saioa hasi aurretik.

Batzordera sartzear zela, beren buruak defendatzeko prest daudela adierazi du Puigdemontek. «Borrokatu egingo gara, europarlamentariak ezin ginela izan esan zutenean bezala. Erratu egin ziren».

Esteban Gonzalez Pons PPko eurodiputatuak konfidentzialtasun printzipioa urratu du, eta saioaren ostean adierazi du «gehiengo argi bat» dagoela Puigdemont, Comin eta Ponsatiren kontrako suplikatorioa onartzearen alde, haren hitzetan ez delako «auzi politiko bat». Puigdemontek ez du adierazpenik egin batzordetik irten denean, eta ziurtatu du berak ez duela prozesuaren edukia ezagutaraziko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.