Alemania

Laschet hautatu dute Merkelen CDU alderdiko buru

Alderdi kristau-demokrataren izaera «zentrista» defendatu du 2017tik Ipar Renania-Westfalia landerreko gobernuburu denak. Botoen %52 eskuratu ditu.

Armin Laschet CDUko presidente berria, gaur, Berlinen, alderdi kristau-demokrataren kongresuan. CHRISTIAN MARQUARDT / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 16a
14:49
Entzun

Armin Laschet izango da Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko presidente berria. Laschet Alemaniako lander populatueneko gobernuburua da, Ipar Renania-Westfaliakoa, 2017 urteaz geroztik, eta 60 urte ditu. Angela Merkel kantzilerraren gertukotzat jotzen dute, eta haren ildoari jarraipena emateko hautagai gisa aurkeztu dute. CDUk kokapen politiko «zentrista» izatearen alde agertu da.

Laschet Friederich Merzi gailendu zaio alderdiak atzo hasi zuen kongresuan. 521 boto jaso ditu, alderdiak dituen 1001 ordezkariengandik —botoen %52—; 466 jaso ditu Merzek, alderdiaren sektorerik eskuindarrena ordezkatu duenak.

Bigarren itzulian erabaki da irabazlea. Lehenengoan, lehiatik kanpo gelditu da Robert Rottgen, sektore moderatuaren ordezkaritzat daukatena. Laschetek Rottgenen aldekoen botoak jaso ditu bigarren itzulian, eta babes hori gakoa izan da Merzi irabazteko. Merzek eta Rottgenek, CDUko buru hautatu berria zoriondu, eta batasunerako deia egin dute.

Kristau-demokraten kongresua etorkizunari begirakoa izan da, Merkelen azken aginte urtea izango baita 2021a —kantzilerra da 2005 urtetik—, eta alderdia haren ondorengoa hautatzeko prozesuan da. Alemanian, parlamenturako bozak egingo dituzte irailaren 26an, eta ordurako hautagaia behar du CDUk.

Merkelek 2018an utzi zuen CDUko gidaritza, eta bazirudien Annegret Kramp-Karrenbauer izango zela haren lanari segida emateko hautatua. Kramp-Karrenbauer CDUko presidente izendatu zuen urte hartako abenduan, Merzi gailendu ostean. Iazko otsailean, ordea, alderdiko buru izateari utziko ziola iragarri zuen, eta ez zela hauteskundeetara aurkeztuko. Turingiako gobernu krisiak bultzatu zuen erabaki hori hartzera. Izan ere, egun batzuk lehenago, haren alderdiak alderdi liberaleko hautagaia babestu zuen lander horretan lehen ministro kargurako, AfD eskuin muturreko alderdiarekin batera, bozak Die Linke ezkerreko indarrak irabazi arren. Krisi politikoa eragin zuen erabakiak CDUren barruan.

Hautagaitzarako lehia

Alderdiko buru izateak ez du Laschet kantzilertzarako hautagai bihurtzen automatikoki, CDUk haren koalizio kidea den Bavierako CSU Batasun Sozial Kristauarekin adostu behar baitu hauteskunde lehiarako nor aukeratuko duten, eta oraindik argitzeko dago nor izango den bloke kontserbadorearen hautagaia. Aukeraketa martxoaren amaieran edo apirilean egitea espero da.

Hain justu, CSUko buru eta Bavariako lehen ministro Markus Soder jotzen dute askok kantzilertzarako hautagai izateko faboritotzat. Inkesten arabera, Soder da Alemanian irudi onena duten politikarien artean bigarrena. Soilik Merkelek gainditzen du, eta alde handia ateratzen die Lascheti eta askok hautagai posible gisa aipatzen duten Jens Spahn Merkelen Osasun ministroari.

Hauteskundeetarako hautagaia izendatu aurretik, CDUk izango du bere giharra neurtzeko aukerarik. Bozak egingo dituzte Baden-Wurttemberg eta Renania-Palatinatua landerretan, martxoaren 14an, pandemiak hala baimenduz gero. Kristau-demokratek lider berriaren gidaritzapean emaitza kaskarrak jasoz gero, litekeena da CSUko buruak hautagai bihurtzeko aukera gehiago izatea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.