Musika

Phil Spector hil da, “soinu horma” eratu zuen ekoizlea

Lana Clarkson aktorea hiltzeagatik kondena betetzen ari zela, espetxean hil da 81 urterekin. The Beatles, Tina Turner, Leonard Cohen eta Ramonesen diskoetan utzi zuen arrastoa, besteak beste.

Phil Spector ekoizlea 2007an, Los Angelesen (AEB) egindako epaiketa saio batean. ROBYN BECK - POOL / EFE
itziar ugarte irizar
2021eko urtarrilaren 18a
11:16
Entzun

Ekoizten zuen disko bakoitzean uzten zuen marka propioak egin zuen ezagun Phil Spector musika ekoizlea (Bronx, New York, AEB, 1939). Distiraz hasitako bide bati, baina, muturreko jarrerek eta indarkeria pasadizo mordoxkek gainjarri zitzaizkion —2003an Clarkson tiroz hiltzeagatik kartzela zigorra betetzen ari zela hil da, koronabirusak jota—, eta argi-itzal handiko figura bat bezala erretratatu du musikaren munduak orain, larunbatean bere heriotzaren berri izan zenetik hona.

Bere lehen arrakasta Teddy Bears hirukotearekin izan zen, To Know Him Is to Love Him (1958) lanarekin. Hortik heldu zen industrian gero eta leku nabarmenagoa irabaztera eta benetan dirua egiten hastera —grabazioetako eskubideak gordetzen zituen, baita egilekide bezala agertzea eskatu ere ekoizten zituen hainbat kantutan—. 1961ean sortu zuen Philles zigilu propioa, eta, Gold Star estudioetan lur hartuta, ekoizle preziatuena bihurtu zen oraindik gazte-gazte zela. Soinu-horma edo Spector soinua deitu zitzaion teknika sortu izanak finkatu zion ospea, akonpainamenduko hainbat pista gainjarriz grabatzean zetzana, soinu konpaktu bat lortu arte. The Crystals, The Ronettes eta The Righteous Brothersekin egin zuen lan lehen urte horietan, besteak beste.

1961 eta 1995 urte artean, garaiko 20 kantu onenen zerrendetan berak ekoitzitako 40 kantu egon ziren lehen postuan. AEBetako arrakasta sasoi hori, baina, 1966an eten zela esan ohi da, Ike eta Tina Turnerrekin River Deep Mountain High ekoitzi zuenean. Ez zuen oihartzun handirik izan herrialdean, baina bai, ordea, Britainia Handian, non ikonotzat zuten Spector. John Lennonen Instant Karma arrakastaz ekoitzi zuen han, eta hortik hartu zuen parte gero The Beatlesen Let It Be enblematikoan ere, 1970ean. Hamarkada berean ekoitziko zituen George Harrison & Friendsen The Concert for Bangladesh(1971), Dionen Born to Be with You(1975) eta Leonard CohenenDeath of a Ladies Man (1977) ere, beste askoren artean.

Baina Spectorren ateraldi eroek ere handitu zuten haren itzala. Estudioan lan egin bitartean, estu hartzen zituen musikariak, mehatxatuz, ikaratuz eta, ez behin, baita pistola ateraz ere. Ramoneseko kideak korrika atera ziren behin estudiotik hura tiroka hasi zenean, End of the Centurty (1980) grabatzen ari zirenean; eta Cohenek ere erregutu egin behar izan zion ez hiltzeko Death of Ladies Man grabatzen ari zirenean.

Azken tiroa

Hurrengo urteetan atzean utzitako urrezko garaietatik jarraitu zuen bizitzen Spectorrek. Hamaika erreportaje, liburu, dokumental egin ziren haren lanaren eta figuraren gainean, baina ekoizlearen jokabide desorekatuak gero eta itzal handiagoa hartzen joan ziren. Hainbat bider ezkondu zen, eta bikotekide ohiek tratu txarrak salatu izan zituzten; bigarren emazte Veronica Bennettek idatzitako By My Baby: How I Survived Mascara, Miniskirts and Madness lan autobiografikoan, kasu batera.

2003ko otsailaren 3ko gauak are gehiago zartatu zuen behin izar izandakoaren irudia. Lana Clarkson aktore eta zerbitzaria hilik agertu zen haren Alhambrako luxuzko etxean, tiro batekin ahoan. Clarksonek bere buruaz beste egin zuela argudiatu zuen ekoizleak, eta miloi bat dolarreko fidantza ordainduta libre gelditu zen, harik eta 2009an epaitu eta 19 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten arte. Zigorra betetzen ari zela zendu da, bada, Spector, Kaliforniako Stockton kartzelan, azken asteak bertako ospitalean ingresatuta eman eta gero, COVID-19aren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.