Bretainia

150 hautetsik Bretainiaren batasunari buruzko galdeketa bat eskatu diote Frantziako presidenteari

Ideologia eta alderdi askotariko ordezkari politikoek Bretainia eskualdearen eta Loira Atlantikoa departamenduaren arteko «lotura historikoak» oroitarazi dizkiote Macroni.

Bretainiaren batasunari buruzko galdeketa baten aldekoak, manifestazio batean. BREIZHISTANCE
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 18a
15:14
Entzun

Bretainia historikoko 150 hautetsik batasunari buruzko erreferendum bat egiteko eskatu diote Frantziako presidente Emmanuel Macroni. Bretainia eskualdearen eta Loira Atlantikoa departamenduaren arteko «lotura geografikoak, historikoak eta ekonomikoak» kontuan harturik, galdeketa antolatzea ezinbestekoa dela deritzote, baita azken hamarkadotan herritarrek horren alde agertu duten jarrera etengabeagatik ere.

Egun, Frantziako Errepublikaren egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loira Atlantikoa departamendua dago, hegoalderago: Naoned du hiriburua, eta Loirerria eskualdearen parte da.

Le Journal du Dimanche astekarian publikaturiko zutabe batean, ordezkari politikoek Macroni oroitarazi diote Frantziako Konstituzioak modua ematen duela erreferenduma arautzeko lege bat sustatzeko, 72.1. artikuluko hirugarren paragrafoaren bitartez. Hortaz, baldintza guztiak betetzen direla argudiatuta, hautetsiek Frantziako presidenteari eskatu diote «berehala» abiatu dezala prozesua.

Sinatzaileen iritziz —zazpi diputatu eta sei senatari daude tartean—, lehenik Loira Atlantikoa departamenduko herritarrei galdetu beharko liekete batasunaz, eta gero Bretainia eskualdeko eta Loirerriko gainontzeko departamenduetakoei, haien kasuan etorkizunean izan nahi duten estatus politikoaz.

Azken urteotan, Bretainian pauso asko eman dituzte balizko erreferendumari begira. 2019ko otsailaren 4an, esaterako, Bretainiako Kontseiluak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, oraingoz sinbolikoa dena: aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzeari buruzko balizko galdeketa finantzatzeko 100.000 euro gorde zituen. Bretainiako Kontseiluko presidenteak aurkeztu zuen zuzenketa, batasunari begira dagoen «aho batezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko».

Diru sailaren bozketa batasunari buruzko batzorde batek landutako txostenaren harira egin zuten. Testu horretan, Isabelle Le Bal kontseilaria —MoDem alderdi zentristakoa— eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea —PS Alderdi Sozialistakoa— buru zuen lantaldeak honakoa ondorioztatu zuen: «Lurralde kolektibitateen zatiketaren auzia demokratikoa da, eta modu demokratikoan egin behar zaio aurre. Herritarren iritzia entzun beharra dago».

Herritar gehienak, erreferendumaren alde

Frantziako Gobernuaren ezezkoa behin eta berriz jasotzearen ondorioz, Bretainiaren batasunari buruzko eztabaida agenda politikoan txertatzea ez da izan egiteko erraza. Halere, DIBAB elkartearen eta Breizh Civic Laben 2019ko abuztuko galdeketak —TMO Institutuak egina— berriz mahaigaineratu zuen auzi hori; inkesta horren arabera, bretoien %67 batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde daude, eta herritarren erdiek Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzearen alde bozkatuko lukete boz horietan.

Galdeketaren emaitzak publiko egin eta gutxira, Bretainia eskualdeko presidente Loig Chesnais-Girardek —PSkoa— adierazi zuen pilota Loira Atlantikoa departamenduaren teilatuan zegoela, eta horri zegokiola hurrengo pausoa ematea.

Horren aurretik, 2018ko abenduan, Loira Atlantikoa departamenduko Kontseiluan kontsentsu handia izan zuen erreferendum baten eskariak, 62 ordezkaritik 55ek egin baitzuten horren alde. Hori bai, iritzia xehetasun garrantzitsu batekin batera eman zuten, eskatu baitzuten erreferendum hori, Loira Atlantikoa departamenduan ez ezik, Loirerria eskualde osoan eta Bretainia eskualde osoan ere egiteko.

Aldiz, batasunaren inguruan, Kontseiluak kontrako iritzia eman zuen: 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.

Bretainiaren kasuan, urteotako jarrerek eta ekinbideek agerian utzi dute bost departamenduen batasunari buruzko erreferendum bat egitea beharrezkoa dela, gizartearen aldarri bilakatu baita aspaldidanik. Gainera, iritzi hori ez da soilik mugimendu edo alderdi batena, paisaia ideologikoaren alde guztietako agintariak baitaude horren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.