Bizikidetza

Foro Sozialak herritarren ekarpenak jasoko ditu «bizikidetza demokratikoa» eraikitze aldera

Duela hiru hilabete abiarazitako prozesua bigarren fasean sartuko dela iragarri dute.

Mikel Casado eta Eneko Calle, agerraldian. GORKA RUBIO - FOKU
gotzon hermosilla
2021eko urtarrilaren 19a
14:59
Entzun

Duela hiru hilabete, Aieteko Bake Konferentziaren 9. urteurrenaren harira, Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala izeneko prozesua abian jarriko zuela iragarri zuen Foro Sozial Iraunkorrak. Horren helburua zen gizartea osatzen duten sektore guztien «sentipen eta pertzepzioak» jasotzea bizikidetza demokratikoa eraikitzearen inguruan. Zenbait elkarte eta erakunderekin bilera publikoak egin ondoren, eta pertsona erreferentzial batzuen ekarpenak jaso eta gero, prozesua bigarren fasean sartuko dela iragarri du Foro Sozialak, eta bideak ezarriko dituzte gai horren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko.

Mikel Casadok eta Eneko Callek eman dute prozesuaren berri. Esan dutenez, bizikidetzak «lehentasun politikoa» izan beharko luke, hau da, «pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea eta desadostasuna gainditzeko elkarrizketa baliatzea». «Iritsi da garaia pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe garela bermatzeko», gaineratu dute.

Bigarren fase horretan, «postontzi publikoa» ezarriko dute Foro Sozialaren webgunean, nahi duten herritar guztiek ekarpenak egin ditzaten, eta, bestalde, martxoan lau eztabaidagune antolatuko dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilkura horiek irekiak izango dira, eta hainbat sektore sozialetako ekintzaileak, profesionalak, kultur munduko jendea eta bestelako eragileak gonbidatuko dituzte, baina ikusleek ere izango dute iritzia emateko aukera.

Ekarpen guztien sintesia Bizikidetza Baketsuaren Nazioarteko Egunean aurkeztuko dute, maiatzaren 16an.

Askatu beharreko korapiloak

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek esan dute «urrats garrantzitsuak» egin direla azken bederatzi urteetan; esaterako, ETAren armagabetze zibila eta biktimen eta presoen inguruan ehundu den «adostasun instituzional, politiko, sindikal eta soziala». Edonola ere, «askatu beharreko korapiloak» gelditzen direla nabarmendu dute: adibidez, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea onartu eta «diskriminazioak» gainditzea, salbuespeneko espetxe politika «behin betiko indargabetzea» eta «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzea.

Horregatik, Foro Sozialak uste du beharrezkoa dela bizikidetza demokratikoaren bidean urratsak egitea. Azaldu dutenez, bizikidetza demokratiko horrek bi oinarri izan beharko lituzke: pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatzea, eta belaunaldi berriei «elkarrizketaren aldeko eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.