Bidenen kargu hartzea

Klima larrialdia, pandemia eta migrazio politika Bidenen lehen neurrien artean

Hamabost agindu exekutibo igorriko ditu datozen egunetan. BERRIAk zuzenean jarraitu du haren zin emate ekitaldia.

Joe Biden Jill Biden beree emaztearekin, atzo, COVID-19arn biktimei egindako omenaldian, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE
Paulo Ostolaza - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko urtarrilaren 20a
11:22
Entzun

Iritsi da eguna: Donald Trumpek gaur egin du bere azken eguna Ameriketako Estatu Batuetako presidente gisa. Edo, beste modu batera esanda, Joe Bidenek gaur hartu  du AEBetako presidente kargua. Demokratak Etxe Zurirantz egin duen bidea malkartsua izan da, hein batean Trumpek berak jarritako oztopoengatik, baina azkenean gertatu da aldaketa. Gaur amaitu da Trumpismoaren garaia, eta Bidenek ohar bidez iragarri ditu agintean hartuko dituen lehen neurrietako batzuk. Horien artean nabarmentzekoak dira klima larrialdiari, pandemiari eta migrazio politikei buruzkoak. Kargua hartu eta berehala hamabost agindu exekutibo igorriko dituela agindu du.

Agindu horiek Trumpen legatu politikoa neurri batean desegiteko helburua dute. Batetik, AEBak klima larrialdiari aurre egiteko Parisko Hitzarmenera itzuliko ditu, eta gauza bera egingo du OME Osasunaren Mundu Erakundeari dagokionez ere. AEBak nazioarteko erakunde horretako kide izango dira berriz. Koronabirusaren pandemiari aurre egite aldera, maskararen derrigorrezko erabilera ezarriko du.

Zenbait neurri sozial ere iragarri ditu, COVID-19arekin lotuta. Gaitzak eragin duen krisi ekonomikoa dela eta, etxegabetzeak etengo ditu pandemiak irauten duen artean, eta laguntzak onartuko ditu hipoteken ondorioz etxea galtzeko arriskuan daudenentzat.

Bestalde, Trumpek gehiengo musulmana duten hainbat herrialdetako biztanleei AEBetara bidaiatzeko ezarri zien debekua indargabetuko du, eta Mexikorekiko mugan migratzaileen sarrera eragozteko horma eraikitzeko lanak etengo ditu. Migrazio politiken arloan, lege proiektu bat bidaliko du Kongresura, paperik ez duten baina AEBetan bizi diren milioika migratzaileri herritartasuna lortzeko bide bat eskaintzeko.

Washington, militarizatuta

Urtarrilaren 6an Washingtoneko Kapitolioan jazotakoaren ostean, hiria militarizatu egin dute —Guardia Nazionaleko 25.000 soldadu dabiltza hiriburuko kaleetan—, eta segurtasun neurriak muturrekoak izan dira Bidenen kargu hartze ekitaldian. Gonbidatuak ere gutxi izan dira, mila inguru, baina horrek ez du esan nahi ekitaldi xumea izan denik. Besteak beste, Lady Gaga abeslaria han izan da AEBetako ereserkia abesten, eta presidente berriak ohiko hainbat kontu egingo ditu ekitaldian: besteak beste, diskurtsoa eman, tropak agurtu, lore eskaintza bat egin, eta ibilaldi bat egin bizkartzain militarrekin.

Ez da nolanahikoa demokratak aurrean duen erronka. Trumpek azken lau urteetan hartutako erabakietako asko iraultzea edo, ahal den heinean, konpontzea egokituko zaio Bideni, eta hori guztia, AEBak gogor jotzen ari den mundu mailako pandemia baten erdian. Dagoeneko 23,4 milioi lagun kutsatu eta ia 400.000 hil ditu COVID-19ak han, eta kanpainan birusaren aurkako borroka izan zen demokraten zutabe nagusietako bat. Gaurtik aurrera izango du hitz egiteaz harago ekiteko denbora Bidenek. 

Nazioartean, Iranekiko akordio nuklearra edo Europako Batasunarekiko harremanak izango dira datozen urteetan ondu beharreko gaiak. Bere alde, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko gehiengoak ditu —Senatuan 50na senatari ditu alderdi bakoitzak, baina, berdinketa baldin bada azken hitza presidenteordeak duenez, demokratak gailenduko lirateke—, eta horrek asko erraztuko dio lana.

Oztopoak

Bidenek Etxe Zurira bidean izan duen oztopo nagusia ez da gaurko ekitaldian izan: Donald Trump. Jada presidente ohi denak zabaldutako ideia, bozetan «iruzurra» izan zela dioena, oso zabalduta dago oraindik, eta sustrai sakonak ditu. Argi geratu zen urtarrilaren 6an, Trumpen milaka jarraitzaile indarrez Kapitolioan sartu zirenean; baita aurretik ere, ehun ordezkarik baino gehiagok hainbat estatutako emaitzen aurka jo zutenean.

78 urterekin heldu da Biden presidentetzara, duen profil moderatuari esker. Asko ari dira esaten Obamaren hirugarren legealdi baten modukoa izango dela datorrena, baita Biden legealdi bakarreko presidentea izango dela ere, baina. ezbairik gabe, AEBen historiako garai garrantzitsu batean heldu da kargura, eta aurrean dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Ikusteko dago nola erantzungo duen. Oraingoz, argi dagoen bakarra da ez duela Trumpek adina zeresan emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.