Istiluak Donostiako Parte Zaharrean

«Jotzeko egingo dugu tiro»

Donostiako lau gazte atxilotu zituzten atzoko istiluetan, eta Ertzaintzak ez du baztertzen gehiago atxilotzea. Bideo bat zabaldu da sare sozialetan: ertzain batek agintzen du «jotzeko tiro» egiteko. Bederatzi zauritu daudela esan du Segurtasun Sailak.

Edu Lartzanguren - Maider Galardi F. Agirre
2021eko urtarrilaren 21a
07:22
Entzun

«Jotzeko egingo dugu tiro», entzun daiteke atzo Donostiako Parte Zaharrean izandako istiluak grabatutako bideo batean. Ertzaintzako polizia bat da hori bere lankideei esaten diena. Atzo iluntzean gertatutako liskarren nondik norakoak argitzen ari dira gaur, eta behin-behineko balantzea egina dago: lau atxilotu eta gutxienez bederatzi zauritu arin. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iragarri du «ikerketak irekita segitzen duela», eta ez duela baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Poliziaren kolpeekin ospitaleratutakoen irudiak ere zabaltzen ari dira; tartean, masailezurra hautsita daukaten bi gazteen argazkiak.

Atzo iluntzean hasi ziren liskarrak, instituzioen kontakizunaren arabera, 20:15 aldera Eneko Goia hiriko alkateak bandera jaisteko zeremonia izan aurretik. Udaltzaingoak, egoera ezin kontrolatuta, Ertzaintzari deitu zion, eta orduan sartu zen Polizia auzoan, asteon hirugarren aldiz. Segurtasun Sailaren arabera, bart plazan bildutakoek hainbat objektu jaurti zizkieten udaltzainei, eta, ertzainak etorri ostean, aurrez aurreko liskarrak hasi ziren poliziekin. Eta, hain justu, ordukoak dira «jotzeko egingo dugu tiro» dioten bideoak.

Roberto Seijo Erneko idazkari nagusiak Radio Euskadin esan du ezen, «lagunarteko hizkeran» eta testuingurua aintzat hartuta, ohikoa izaten dela, baina nabarmendu du ez dela hori ertzainen «nahia, inondik ere». Bestalde, irudietan «ertzain gutxi» ikusi dituela esan du sindikatuko idazkari nagusiak, eta agintari politikoei leporatu die nahikoa baliabide ez edukitzea. «Kale borrokaren» beste adierazpide bat dela ere esan du.

Istiluak iluntzean

San Sebastian eguna ospatu zuen hiriak atzo, baina ez zen ospakizun handirik egon, izurriaren kontrako neurriak zirela eta. Bertsio ofizialaren arabera, istiluak 20:15 aldera hasi ziren. Eneko Goia hiriko alkateak bandera jaisteko zeremoniaren aurretik, Udaltzaingoak plaza jendez hustu nahi izan zuen. Izan ere, 24 bat ordu lehenagoko jaia hasteko ekitaldian, plazan bilduriko talde batek txistu eta oihu egin zion agintariari. «Ez dut inoiz ulertuko hiriko bandera egonda eta San Sebastian martxa jotzen ari direnean norbaitek une hori beste kontu batzuekin nahastu nahi izatea», esan zuen Goiak.

Segurtasun Sailaren arabera, bart plazan bildutakoek hainbat objektu jaurti zizkieten udaltzainei, eta haiek laguntza eskatu zioten Ertzaintzari. Orduan, aurrez aurrekoak izan ziren polizien eta gazteen artean. Ertzainek pilotak jaurti dituztela salatu dute hainbat lekukok. Pertsona bat plazan bertan atxilotu zuten. Besteak inguruko kaleetan atzeman zituzten, eta bat Bulebarrean, Piztu Donostia taldeak bideo batez salatu duenez. Atxilotuetako batek 18 urte ditu, beste batek 21, eta beste batek 31.

Mobilizazioa eta ikerketa

Joan den larunbatean izandako atxiloketak eta polizia operazioa salatzeko, datorren larunbatean eguerdian Bulebarrean elkarretaratzea egiteko deia egina zuen Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak. Eta atzoko gertaeren ostean, deialdiari eutsi diote. Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu. Errepresiorik ez leloarekin mobilizatzeko deialdia egin dute.

Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi du zabaldik daukala ikerketa, «istiluetan parte hartu zuen jende gehiago» identifikatzeko asmoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.