Polizia indarkeria

Cabacasen familiak NBEra joko du «justizia bila»

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du «auziaren funtsa aztertu nahi» izan, Jone Goirizelaia abokatuak egindako balorazioaren arabera. 

'Proiektatu Iñioren aurpegia' ekimena, iaz, haren heriotzaren zortzigarren urteurrenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko urtarrilaren 21a
14:07
Entzun

Joan den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Cabacas auzian emandako epaia, eta gaur horren balorazioa egin dute Iñigo Cabacas zenaren gurasoek eta haien abokatu taldeak, Bilbon egindako agerraldi batean. «Ez dugu sinesten Espainiako justizian», adierazi du Manu Cabacas aitak. Hala, Jone Goirizela abokatuak iragarri du NBE Nazio Batuen Erakundera joko duela sendiak, «justizia bila». 

2012ko apirilaren 5ean Bilbon Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zauri larrien ondorioz hil zen Iñigo Cabacas, lau egun geroago. Bizkaiko Auzitegian sei ertzain epaitu zituzten, baina bakarra zigortu: Juan Jose de Pablori (mailarik altueneko polizia) bi urteko urteko espetxealdia eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zioten, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» egotzita. Kondena hori ontzat jo du Gorenak, eta baztertu egin du familiaren helegitea.

Goirizelaia ez da konforme agertu epai horrekin: «Gorenak ez du funtsera joan nahi izan, ez du helegitea sakon eta zehatz aztertu; Bizkaiko sententzia berresteko argudioak bilatzera mugatu da». Auzitegiari egotzi dio «oso era korporatiboan» aztertzea Bizkaiko kideek egindako ikerketa: «Guk ez dugu esan egin dena txarto egin denik, baizik eta gauza asko ez direla egin, froga guztiak ez direlako praktikatu, eta horrek baldintzatu egin duela ikerketa judiziala eta funtsera joatea. Pentsatzen dugu hori oinarrizko eskubideen urraketa bat dela, eta haiek ez dute onartu». Bizkaiko Auzitegian epaitutako gainerako ertzainak zigortzea ere baztertu du Gorenak. Abokatuek «onartezintzat» jo dute ebazpenean emandako irizpidea: «Gorenak dio zuhurtziagabekeriaz egindako delituetan egilea baino ezin dela epaitu, eta min egiteko asmoz jardutean baino ezin dela kondenatu; kontraesan bat da».  

Interpretazio «arriskutsuak»

Gainera, abokatuek «harridura» agertu dute Gorenaren ebazpenak akusazio partikularraren inguruan egindako balorazioarekin. “Esaten dute ezin garela kexatu, akusazio moduan parte hartu ahal izan dugulako», deitoratu du Gorizelaiak. «Arriskutsua» iruditu zaio interpretazio hori: «Mahai gainean jartzen du botere batzuen aurka ez bazara pertsonatzen ez duzula ezer egiteko, ez duzula babesik jasoko». Era berean, abokatuak gaitzetsi egin du Gorenaren epaia hedabideen bidez jaso izana: «Ez gara lehenak izan sententzia jasotzen. Beti salatzen dugu, eta oraingoan ere bai: ohitura judiziala bihurtu da, eta ez dugu onartzen».

Hori dela eta, Europara jotzea erabaki du sendiak: «Kanpora joan behar dugu, estatu espainiarrean ez dugulako lortu justizia eta erreparazioa». Zehazki, NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko dute, baita epaileen eta fiskalen jardueren independentzia aztertzen duen kontalariarengana ere, eta Cabacas auziko prozedura judizialari buruzko txostenak eskatuko dizkiete.

Sendia, oso minduta

Abokatuaz gain, Manu Cabacasek ere hartu du hitza gaurko agerraldian. Oso minduta agertu da: «Bederatzi urteren ostean, Gorenaren epaiaren ondoren, jipoituta eta umiliatuta sentitzen gara. Amorru handia dugu». «Akituta» agertu da bertako justiziarekin: «Bizkaiko Auzitegian gertatutakoa ez genuen ulertu, fiskalaren lan egiteko modua ez genuen ulertu; Gorenean itxaropen pixka bat genuen, baina barre egin digute». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.