Sabasek adierazi du Osakidetzak bazuela txertaketaren berri

Haren arabera, Osakidetzako arduradunei abisatu zien, eta Osasun sailburuarekin ere hitz egin zuen: «Ez dugu ezer txarrik egin». Erantsi du ez zela bere karguaz baliatu txertoa jartzeko.

Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko zuzendari ohia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 22a
11:48
Entzun

Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko buru ohiak jakinarazi du Osakidetza txertaketen jakitun zela, eta dimisioa «mehatxuengatik» aurkeztu zuela. Hain zuzen, El Correo egunkarian eginiko elkarrizketa batean eman du berria. Haren arabera, Osakidetzako arduradunei abisatu zien ospitalean «txertaketa jendetsu bat» egingo zutela, COVID-19ak bertan eragin handia izan zuela erantsita. Oniritzia eman ziotela azaldu du, eta, gainera, joan den ostiralean, hilaren 15ean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin ere hitz egin zuela. Azpimarratu du Osasun Sailetik oztopoak jarri baino, zenbat txerto behar zituzten galdetu zietela: «Ez dugu ezer txarrik egin. Etikoki ere ez. Ospitale bateko zuzendariek beste edozein langilek adina aukera dute kutsatzeko».

Hain zuzen, Sabasek herenegun eman zuen dimisioa, Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko zuzendariarekin batera, Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri zutelako. Osasun Sailak berretsi zuen bi zuzendariei ez zegokiela txertoa jartzea, eta Sagarduik azpimarratu zuen protokoloak «argiak eta zorrotzak» direla. Bi buru ohiak Bilboko EAJko udal zinegotzi izandakoak dira. Talde politikoek eta sindikatuek ikerketa bat abiatzeko eskatu zuten.

Sabasen arabera, Santa Marina erietxeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako COVID-19aren «tasa handienetarikoa» izan du izurritean, eta adineko pertsona ugari ez ezik, zahar etxeetako egoiliarrak ere jaso ohi ditu: «Leku horietan, mundu guztiari jartzen zaio txertoa». Nabarmendu du ez dela bere karguaz baliatu txertoa jartzeko: «Nire karguaz baliatu izan banintz, pandemiaren lehen olatuan baja hartuko nukeen».

Gertaeren osteko erreakzioak

Jose Luis Sabas Arabako EAJko lehendakariaren ustez, Sabasen hitzek ez dute «argi» adierazten Osasun sailburuari zer esan zion, eta, gainera, erantsi du zuzendari ohia izanik, ez zela osasun arloko langile bat. «Ez dut uste oso zaila denik hori interpretatzea». Gertakariak «puntualak eta gaitzesgarriak» direla erantsi du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, eta «min» ere egiten dutela. Horrelako egoerekin amaitzea espero du: «Denok gaude txertoaren zain». Gainera, txerto bat «soberan» egon eta emateko aukera izango balu galdetuta, erantzun du ez lukeela emango, hori ezartzen duen protokolo bat dagoelako.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, berriz, gertakariak «oso larritzat» jo ditu, eta adierazi du «indibidualismoa» dagoela beste ezeren gainetik: «Larria da gertatu dena, eta kasta bat dagoela proiektatzen da. Horrek atea irekitzen dio faxismoari». EAJko kideei ere erreferentzia egin die, «asko triste egongo direla» gaineratuta: «Herrialde honekiko konpromisoa lausotzen denean eta interes pertsonalak lehenesten direnean, horrelakoak gertatzen dira».

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.