Albistea entzun

Euskal presoak

Presoen urruntzearen bilakaera datuetan

Frantziako Estatuak egin zuen euskal presoak hurreratzeko lehen pausoa, eta Espainiak geroago ekin zion. Pixkanaka, gero eta gehiago dira Euskal Herritik hurbilagoko kartzeletan dauden euskal presoak. Mapa eta grafiko interaktibo hauekin, euskal presoekin egiten ari dIRen mugimenduak jarraitzen ditu BERRIAk.

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Mikel P. Ansa -

2018tik gertatutako euskal presoen mugimendu guztiak bildu ditu BERRIAk mapa interaktibo honetan, Etxerat-en hilabeteroko txostenak eta kazeta honek jasotako datuak erabilita. Maparen ardatz kronologikoari pausa emanda, data jakin batean espetxe bakoitzean zenbat preso zeuden ikus liteke, zirkuluetan klikatuta.

Frantziako Gobernuak 2018ko urtarrilean iragarri zuen Euskal Herritik hurbileneko kartzeletara eramanen zituela haren kartzeletan zeuzkan presoak. Espainiako instituzioak ere preso asko gerturatzen eta Euskal Herriratzen hasi ziren 2020ko udazkenean. Pixkanaka, urrutien zeuden presoak hurbiltzen joan dira, eta 2021eko uztailerako hiru laurdenak baino gehiago 300 kilometro baino gutxiagorako kartzeletan zeuden.

2018ko maiatzean iragarri zuen ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman zuela, eta, hilabete geroago, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak erran zuen «bertzelako espetxe politika bat» eginen zuela. Lehendik, 2017ko uztailetik, EPPK-k haren erabakiaren berri emana zuen: presoek espetxe legedian sakontzeko urratsak eginen zituztela iragarri zuen.

Espainiak 2018ko abuztuan hasi zituen lehendabiziko mugimenduak: banaka, binaka, hasi ziren lehen gerturatzeak, apal. Baina Espainiako 2019ko azaroko hauteskundeek eta COVID-19aren pandemiak etena ekarri zuten: 2019ko abendutik 2020ko ekainera ez zuten euskal preso bat bera ere hurbilduko edo Euskal Herriratuko zutenik iragarri. 2020ko ekainetik aurrera, ordea, biderkatu egin dira Euskal Herriratze eta hurbiltze iragarpenak, eta 2021eko uztailerako 600 kilometro baino gutxiagora zeuden ia euskal preso guztiak.

2020ko udazkenetik aurrera, Espainiako Espetxe Instituzioak ia astero aritu ziren euskal presoak lekuz aldatuko zituztela iragartzen. Euskal Herriko kartzelak aparte utzita, Euskal Herritik 300 kilometro baino gutxiagora dauden espetxe hauetara eraman dituzte presoak, nagusiki: Zuerara (220 kilometrora), Logroñora (105 kilometrora), Soriara (230 kilometrora), Burgosera (180 kilometrora), Dueñasera (255 kilometrora) eta El Duesora (225 kilometrora). Altsasutik kalkulatzen dira distantzia horiek, erreferentzia gisa. Beste preso batzuk, berriz, Darocara (280 kilometrora), Villabonara (390 kilometrora) eta Mansillara (320 kilometrora) hurreratu dituzte.

Hurbildutako edota Euskal Herrira ekarritako preso horietako batzuk libre gelditu dira, bestalde: izan ere, zigorren zati handiena betea dutenak hurbildu zituzten hasieran. Euskal presoen kopurua jaisten ari da, edozein moduz. 2018 amaieran, euskal presoak 309 ziren (300 EPPK-koak); 2019 amaieran, 275 (260 EPPK-koak); 2020 amaieran, 224 (210 EPPK-koak); 2021 amaieran, 201 (189 EPPK-koak). Mapan eta grafikoetan guztiak ageri dira. Horiez aparte, 2021 bukaeran zortzi preso ari ziren etxean zigorra betetzen.

Bestalde, Espainiako Espetxe Erakundeak bigarren graduak ematen hasi ziren hurbildutako preso batzuei. Kontrara, 2018an lehen graduan zeuden guztiz gehienak, EPPK-koak bereziki. Gradu progresioak lortzeko zailtasunak baldin badituzte ere —Zueran horretarako dauden zailtasunak salatu izan dituzte, adibidez—, egoera aldatzen ari da preso askorentzat.

Frantziako kartzeletan, 2018an aldatu zen egoera. Urte hartako urtarrilean ez zegoen euskal presorik Mont de Marsanen (215 kilometrora). Hilabetez hilabete, kartzela horretan eta Lannemezanen (290 kilometrora) hasi ziren biltzen euskal presoak. 2020 bukaeran hiru laurdenak zeuden bi espetxe horietan, Euskal Herritik gertuen daudenetan.

Emakume presoak, aldiz, ez dituzte hurbildu Frantziako instituzioek: urrun segitzen dute, eta, gainera, sakabanatuta, Roazhon (Rennes, Bretainia), Reau eta Roanneko espetxeetan (Frantzia) —ez dago emakumeentzako modulurik Lannemezanen eta Mont de Marsanen—.

Urteetan euskal preso asko hartu dituzten zenbait kartzelatan orain ez dago euskal presorik. Fleury Merogis eta Fresnes dira horietako bi, Frantzian. Espainian, Badajoz, Caceres, Monterroso eta Ocañan dagoeneko ez dago euskal presorik, ez eta Puertoko kartzeletan, Herrera de la Manchan eta beste askotan. Andaluziako eta Valentziako kartzeletan ez da euskal presorik 2021eko udatik, ezta Galiziakoetan ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Buruntza Mendiko gurutze frankista bota dute

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Berria

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurrekoa, gaur eguerdian. ©Iñigo Uriz / Foku

Estatuaren biktimak aitortzeko «urrats instituzional garrantzitsuak» nabarmendu ditu Foro Sozialak

Iosu Alberdi

Legealdian emandako pausoen ondoriotzat jo dituzte Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak azken asteetan hartutako erabakiak.

Ahurretan sartu ezinezko 48 ordu

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion.

 ©BERRIA

Presoak eztabaidagai

Iosu Alberdi

1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...