Gazteen «kriminalizazioa» arbuiatu dute ehunka herritarrek Donostian

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, ehunka pertsona elkartu dira, azken egunetan Ertzaintzak izandako jokabidea salatzeko.

jon olano
2021eko urtarrilaren 23a
18:17
Entzun

Asteazkenean, San Sebastian egunez, istiluan izan ziren Donostiako Parte Zaharrean: Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen, eta zortzi ertzain eta beste bi herritar zauritu ziren; horietako bat erietxeratu egin zuten, matrailezurra hautsita. Auzo berean,  joan den asteburuan ere izan ziren liskarrak Poliziaren eta hainbat herritarren artean. Hori horrela, ehunka pertsona elkartu dira Donostian, Parte Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, «gazteen kriminalizazioa» arbuiatu eta Ertzaintzak azken egunetan auzo horretan izandako jokabidea salatzeko.

33 eragilek babestu dute protesta. Errepresiorik ez; gazteen aurkako kriminalizazioa gelditu lelopean, mobilizazioa Bulebarretik abiatu da eguerdian, hiru ilaratan, eta Trinitate plazan amaitu. Plazara sartu ezinik geratu dira manifestaziora joandako herritar ugari. Besteak beste, «Alde Zaharra bizirik», «euskal gazteria aurrera» eta «gazteak gara, ez terroristak» oihukatu dute bidean.

Martxaren amaieran, azaldu dute egoera «jasanezina» bihurtu dela, uste baitute Polizia, «osasun neurriak babestera bainoago, auzotarrak jipoitzera» joan zirela: «Auzoko militarizazioa, poliziaren jazarpena, gazteon kriminalizazioa eta manipulazio mediatikoa irmoki salatzen ditugu». Abendutik Poliziaren presentzia ugaritu egin dela salatu dute bizilagunek.

Istiluak iluntzean

Eguerdiko manifestazioan istilurik izan ez bada ere, iluntzean bestelakoa izan da egoera: hainbat herritarrek sare sozialen bidez salatu dutenez, Ertzaintza berriz sartu da Parte Zaharrera. Momentuz, ez dute atxilotuen edo zaurituen berri eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.