Istiluak

Urkullu: «Probokazio eta eraso bortitzen aurrean, Ertzaintza orekaz eta neurriz jardun da»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Facebooken hizpide izan ditu «azken egunetan hainbat herritan izandako liskarrak eta arazoak» :  «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren helburua osasun publikoa eta gizarte bizitza defendatzea izan da».

Ertzaintza Donostiako Alde Zaharrean, joan den larunbatean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 25a
08:08
Entzun

«Nire babes eta gertutasun osoa adierazten diet udalerri bakoitzeko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak argi utzi du zein den bere jarrera azken egunetan hainbat herritan Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin izandako istiluak direla eta. Atzo adierazi zuen, Facebooken egindako argitalpen baten bidez.

Ertzaintzak azken egunetan hainbat aldiz hartu du Donostiako Parte Zaharra —larunbatean ehunka herritarrek gaitzetsi zuten Ertzaintzaren jokabidea—, eta Liskarrak izan dira, besteak beste, Pasaian (Gipuzkoa) eta Santurtzin (Bizkaia). Segurtasun Sailaren arabera, Santurtzin kaleko edanean ari zen lagun bat atxilotu zuten larunbatean, Ertzain bat zauritu izana leporatuta. Atzo ere Ertzaintzaren hainbat furgoneta izan ziren Santurtziko kaleetan.

Urkulluren iritziz, oso kezkagarriak dira gertakari horiek. Koronabirusaren hedatzea eteteko hartu dituzten neurriak beharrezkoak eta eraginkorrak direla azpimarratu eta gero, «bizikidetzaren aurka doazenen ekintzak» arduragabeak direla adierazi du, «zoritxarrez».

«Inoiz zentzurik ez duten probokazio eta eraso bortitzen aurrean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak profesionaltasuna erakutsi dute, orekaz eta neurriz jardun dira. Beraien jardunaren helburua osasun publikoa eta gizarte bizitza defendatzea izan da», gaineratu du Urkulluk.

Joan den asteazkenean, Donostian, «jotzeko egingo dugu tiro», adierazi zuen ertzain batek pilotakadaka hasi aurretik, baina lehendakariak irmo defendatu du Poliziaren jarduna: «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduera eskertzen, aitortzen eta babesten dut».

Amaitzeko, azken egunetan izandako mobilizazioak erabat gaitzetsi ditu Urkulluk, haren hitzetan, «gizarte osoa pairatzen ari den une zail honetan beharrezko bizikidetza zalantzan jartzen duten mobilizazioak» baitira.

Ildo berean

Urkulluk azken astean Jaurlaritzako eta Ertzaintzako beste hainbat goi kargudunek erakutsitako jarrera bera hartu du. Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak, adibidez, hala babestu zituen Poliziak: «Onartu ezin daitekeen jazarpena jasan zuten». Istiluetan «bizikidetza asaldatu» eta kalteak eragin zirela gaineratu zuen, eta babes osoa adierazi zien Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.

Babesa ez ezik, «jotzeko tiro egitea» agintzea justifikatu ere egin zuen Josu Zubiaga Jaurlaritzako segurtasun sailburuordeak, asteazkeneko istiluen ostean: «Protokoloaren parte da jotzeko tiro egitea». Foam motako jaurtigaiak izan zituen hizpide: «Materiala halako egoeretarako eginda dago. Aldez aurretik erabili zen, jendearengana iritsi aurretik, abisu gisa, baina, halako batean, pertsonei jaurtitzen zaizkie». Anabasa sortzen zutenei ematea izaten zen xedea, azaldu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.