Unibertsitateak

EHUko errektore kargua hartu du Ferreirak

Euskal Herriko Unibertsitateak «integratzailea eta solidarioa» izan behar duela nabarmendu du Ferreirak, eta «erronka sozialak» jarri behar direla erdigunean. Etapa berri bat hastear dela erantsi du, eta baita Urkulluk ere.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea gaur, Gasteizen. IREKIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 25a
12:09
Entzun

Eva Ferreirak Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua hartu du gaur goizean, Gasteizen. Orain arteko lantaldearen jarduna txalotu du, eta etorkizunean «bikaintasun akademikoa eta intelektuala» aurkitu beharra aipatu du, baina «ikuspegi irekia» oinarri hartuta. «Unibertsitate publikoak ikuspegi irekia izan behar du, integratzailea eta solidarioa, eta gaitasuna eta borondatea duten pertsona guztien hezkuntza sarbidea bermatu behar du». Berdintasuna eta inklusioa izan ditu hizpide, besteak beste «gaitasun intelektualek aukera ekonomikoez ez dutela ulertzen» gaineratuta. «Erronka sozialak gure jardueraren erdigunean jarri behar ditugu, eta horietan lan egin, ezagutzaren aurrerapenetatik eratutako oinarrietatik lan eginda».

Hain zuzen, Lehendakaritzan egin dute ekitaldia. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua alboan izan ditu Ferreirak, eta baita Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Nekane Balluerka EHUko errektore ohia ere. Areago, errektorearen lantalde berria ere bertaratu da.

Ferreiraren arabera, EHU «sakon sustraituta dago euskal gizartean», eta aitzindaria izan da zenbait alorretan, hala nola unibertsitateko prestakuntza dualean. Egindako urrats horiek lan kolektibo baten emaitza direla uste du, eta horregatik orain arteko pausoak eman dituztenen lana aitortu du. Haren arabera, orain, «etapa berri bat» abiatzen da, eta helburuak ere ez dira berberak izango. Aitortu du «ilusioz eta gogoz» hartu duela errektore kargua: «Kontziente naiz halako kargu batek duen erantzukizunaz. Kargu publiko bat hartzea ez da pribilegio baterako sarbidea, baizik eta gizarte zerbitzu bat eskaintzera konprometitzea».

Urkulluk ere aro berri bat hastear dela nabarmendu du, eta konpromisoa hartu du «euskal unibertsitate publikoaren bikaintasunerantz» aurrera egiteko. Kalitatezko hezkuntza baten alde egin du apustu, «integrala, globala, duala eta ikerketarekin konprometitua» izango dena. Jaurlaritzako lehendakariak ere erantsi du «ilusioz eta konfiantzaz» egingo duela aurrera etorkizunean, eta Balluerkaren lantaldeari ere eskerrak eman dizkio, batez ere azken hilabeteotan «aurrez aurreko irakaskuntza zabalik mantentzeko egindako ahaleginarengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.