Santa Marinako txertatzeen «deskoordinazioa» aitortu du Sagarduik

Azaldu du erietxe horretan lantalde osoak hartu duela txertoa, baita lantaldekoak ez diren hamasei pertsonak ere. Defendatu du Osasun Sailak eta Osakidetzak «bizkor» jardun duela.

Sagardui sailburua, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
jon olano
2021eko urtarrilaren 27a
16:09
Entzun

Santa Marinako eta Basurtuko erietxeetan txertatze prozesuan izandako irregulartasunen inguruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak «bizkor» jardun zuten, eta, «ordu gutxiren buruan», Jose Luis Sabas eta Eduardo Maiz bi erietxeetako zuzendari gerenteak kargugabetuta zeuden. Hala adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean eginiko agerraldian. EAJk eta PSE-EEk eskatuta, Sagarduik agerraldia egin du Osasun Batzordean, eta bertan aitortu du «deskordinazioa» egon zela Santa Marinako txertatze prozesuan: «Arduradun sentitzen gara deskoordinazioagatik; ni neu lehena».

Santa Marinako eta Basurtuko ospitaleko gerenteen jokabideak bereizi ditu Sagarduik. Santa Marinako kasuan, Sabasen ahotik antzeman zuten protokoloa ez zela behar bezala bete; urtarrilaren 19 eguerdian, Sabasek Rosa Perez Osakidetzako zuzendari gerenteari jakinarazi zion 244 pertsona txertatuta zituztela: «zenbaki koherentea ospitalearen tamainarekin». Egun bereko gauean, ordea, Sabasek berak Perezi eta Sagarduiri mezu bat bidali zien, esanez 505 pertsona txertatu zituztela: «Hor konturatu ginen planifikazio akatsen bat zegoela». Hain justu, oposizioko taldeek Sagarduiri galdetu diote nolatan bidali zituzten 100 bial Santa Marinara.

Erietxe horretan «txertaketa masiboa» egin dute, eta hori «akats bat» izan da, sailburuaren hitzetan: «Gauza ezberdinez hitz egiten ari ginen». Izan ere, azaldu du Santa Marinan COVID-19a duten paziente asko eta paziente «zaurgarri» asko dituztela, eta, horregatik, bertako kargu ugarik proposatu zutela txertatze orokor bat. Ontzat jo zuten, eta hor hasi ziren gaizki ulertuak: Osakidetzak eta Osasun Sailak ontzat jo zuten erietxean dauden pazienteak «artatzen dituen lantalde osoa» tertatzea, «protokoloa jarraituta eta ez kolpe bakarrean»; aldiz, ospitaleko zuzendaritzak ulertu zuen lantalde osoa txertatu zitekeela, pazienteak artatzen ez dituztenak barne: «Santa Marinako zuzendari gerenteari galdetu genion ea profesional guztietan sartzen zen bera ere, eta baiezkoa erantzun zuen. Osasun sailaren eta osakidetzaren erreakzioa berbera izan zen: erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zitzaion, eta ordu erdira aurkeztu zuen dimisioa. Onartu zitzaion».

Sagarduiren hitzetan, horrek «deskonpensazioa» eragin zuen erietxe bakoitzean txertatutako langileen artean. Hori saihesteko, «koordinazioa indartu» dutela azaldu du. Gaur bertan, Santa Marinako 224 langilek gutun bat argitaratu dute, Sabasen jokabidea babesteko.

Sagarduik beste datu batean jarri du arreta: lantaldeaz gain, osasun langileak ez diren hamasei pertsona txertatu zituzten, bilera batean zeudenak: sindikatuetako lau ordezkari, zerbitzu erligiosoetako lau, kafetegiaren lizentzia daukan enpresako lau, mezularitza enpresako bi eta salmenta automatikoko enpresako bi.

CCOOkoa da ordezkari sindikaletako bat, eta sindikatuak jakinarazi du bere zereginetatik kendu duela, iritzita «larria» dela txertoa jaso izana protokoloa bete gabe. Beste bat ELAkoa da, eta sindikatuak bere ordezkaria babestu du: «Esan zioten erietxe horretan irizpidea lantalde guztiari txertoa ematea zela, baita bertara ohituraz joaten direnei ere». ELAk azaldu du «berehala txertatzera behartu» zutela, «ospitaleko zuzendaritzak erabaki baitzuen bere eginkizunak segurtasunez egiteko eta erietxea babesteko ezinbestekoa zela txertoa ematea, behin lantalde guztiak hartu eta gero», eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio Sagarduiri.

Erregistratu gabeko txertatzeak

Sagarduiren kontakizunaren arabera, Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendari gerenteak urtarrilaren 3an hartu zuen txertoa, baina Osasun Sailak ez zuen horren berri izan urtarrilaren 19 iluntzera arte; hedabide batek gaiaz galdetu zuen arte. Orduan jakin zuten, Basurtun osasun langileak txertatzen hasi zirenean, sobera geratu ziren dosi batzuk eman zizkietela hiru karguri: «Uste dugu egokiagoa zatekeela ZIUetako langileei ematea, nahiz eta badauden pazienteekin kontaktua daukaten karguak ere». Ez da, ordea, Basurtuko gerentearen kasua: «Duda bazeukan, zuzendaritza orokorrari galdetu behar zion».

Are gehiago: Sagarduik azaldu duenez, emandako txertoak erregistro batean jaso behar dira, baina modu irregularrean jaso zuten hiruren kasuan ez ziren erregistratu: «Beste dokumentu eredu batean gorde zen, ondoren erregistro ofizialera eramateko». Horregatik eskatu zioten gerenteari dimisioa emateko, eta hark uko eginda, hurrengo egunean kargugabetu zuten. Gainera, espediente bat ireki dute, txerto horiek zergatik ez ziren erregistratu jakiteko: «Osakidetzako ospitaleetako zuzendari eta gerenteak dira antolaketaren eta kudeaketaren arduradun nagusiak; Osakidetzaren irizpideak jarraitzea espero da haiengandik, eta eredugarritasuna izatea».

Sailburuak nabarmendu du Osakidetzak zentro guztietara bidali duela txertatze prozesuan jarraitu beharreko protokoloa, eta hori «argia» dela lehentasunak ezartzeko orduan. Besteak beste, protokolo horrek ezartzen du ezin dela aldi berean txertatu langileen %50 baino gehiago -Santa Marinan lantalde osoa txertatu dute-, eta langileen artean, lehentasuna dutela pazienteen arta zuzena duten beharginak.

Txertoa hartu duten beste bi kargudunen berri ere eman du Sagarduik, baina, horien kasuan, gauzak egoki egin direla erantsi: Tolosan (Gipuzkoa), bi dosi geratu ziren emateke, eta, horiek bota aurretik, langileei eskaini zizkieten. Igandea izanik, gerentea eta kudeaketa unitateko burua zeuden bertan. Debabarrenako kasuan, prebentzio zerbitzuek baieztatu dute bi karguk asistentzia lanak ere egiten dituztela, eta, beraz, horiek ere txertatu behar dituztela.

Osasun langileen laurdenak, txertatuta

Txertatze kanpainaren datu batzuk ere eman ditu sailburuak. 44.838 herritarri jarri diete lehen dosia, eta bigarrena 7.107ri. Osakidetzako 11.299 profesionalek jaso dute lehena, eta 61ek bigarrena. Osakidetzako lau langiletik batek hartu du txertoa, beraz: «Euskadiko txertatze estrategia aurreikusitakoaren arabera betetzen ari da. Asteotan txertatzen jarraituko dugu. Euskadiri dagozkion dosi prebisioak betetzen badira, Osakidetzako langileei lehen dosia emateko fasea otsailaren bigarren astean bukatuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.