'Davalor Auzia'

Manu Aierdik dimisioa aurkeztu du

'Davalor auziak' «sortutako egoera politiko eta mediatikoa» izan da dimisioa emateko arrazoia. Adierazi du «lasai» dagoela bere egoera judizialari dagokionez. Aierdiren soslaia, hemen.

Manu Aierdi, dimisioaren berri emateko egin duen agerraldian, gaur. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2021eko urtarrilaren 29a
12:06
Entzun

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Kontseilaritza utzi du Manu Aierdik. Eguerdian eginiko prentsaurrekoan eman du dimisioaren berri, Espainiako Auzitegi Gorenak haren aurka irekitako auzia dela medio. Aierdik adierazi du, «ikertua ez dela sinetsita», bere abokatuek argibide eskaera bat erregistratu zutela Auzitegi Gorenean bere egoera judizialaren berri izateko, baina ez duela haren inguruko erantzunik jaso. Halere, uste du, «sortutako egoera politiko eta mediatikoa ikusita», karguan ez jarraitzea dela erabakirik onena, bai berarentzat, bai ingurukoentzat, bai «Nafarroak behar duen egonkortasun instituzionalaren» mesedetan.

UPNk eginiko salaketa baten ondorioz, prebarikazioa eta diru publikoa xahutu izana leporatzen zaio Aierdiri, Sodenako arduradun nagusi gisa. 2015. eta 2017. urteen artean, arrisku kapitaleko soziateate hark Davalor enpresari 2,6 milioi euro eman zizkion, baina inbertsioa gaizki atera zen. Alderdi hark eginiko salaketaren inguruan adierazi du ez duela «batere oinarririk», eta «erabat lasai» dagoela gaiaren funtsari dagokionez. Hala, UPNk gaiarekiko «obsesio patologikoa» duela salatu du. 

Abenduaren 15ean, Aierdik Maria Txibiteri jakinarazi zion Gorenak ikertu gisa izendatuko balu dimisioa aurkeztuko lukeela. Izan ere, 14/2014 foru legeko 68. artikuluaren arabera, auzibide batean ikertua dagoen norbanako batek ezin du kargu publiko bat izan. Azkenean, une horretara iritsi aurretik utzi du kargua; haren esanetan, egoera politikoak baldintzatuta.

Azken bost urteetan, Nafarroako Gobernuko kide gisa, «Nafarroaren oraina eta geroa» hobetzen saiatu dela azaldu du, eta «politika onaren» aldeko aldarria egin du. Hunkitu ere egin da ingurukoei eskerrak eman dizkienean. Amaieran, adierazi du kanpoko pertsona askorentzat jarduera politikoa ez dela erakargarria, baina orain «inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Hala, etapa bat itxi dela eta aurrera begira jarriko dela esan du.

Mikel Irujok ordezkatuko du karguan Aierdi, atzo Noticias taldeak aurreratu zuenez. Kanpo Ekintzako zuzendari izan da Irujo orain arte, eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako bulegoko arduradun aurreko legealdian.

Ortuzarrek UPN kritikatu du

Andoni Ortuzar EAJren buruzagiaren ustez, UPN da Aierdik dimititu izanaren erantzulea. «UPNren zikoizkeria politikoak aurrean eraman du, behin-behinean, zerbitzu publikoari emaniko pertsona trebatu bat», idatzi du, bere Twitter kontuan, EBB Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak. Elkartasuna adierazi dio 2012tik 2015era Nafarroako EAJko burua izan zenari. «Gu geu nozitzen ariko bagina bezala sentitzen dugu bidegabekeria hau».

Ildo beretik mintzatu da NBB Nafar Buru Batzarra, eta UPNren «jazarpen politiko narratsa» salatu du. Ohar bat kaleratu du Unai Hualderen izenean, eta, nabarmendu duenez, Aierdi oraindik ez dago 14/2014 foru legeko 68. artikuluak zehazten duen egoeran, baina, halere, dimisioa eman du. Erabaki hori babestu du Nafarroako jeltzaleen presidenteak.«Bere ibilbide politikoan beti egin bezala, Manu Aierdik lehenetsi ditu, beste ezeren gainetik, zintzotasuna, gardentasuna eta etika».

Bide batez, Davalorren gainean Aierdik izandako jarrera defendatu du Hualdek, nabarmenduz «zegozkion analisi juridiko eta teknikoak» egin zituela, «parlamentuan adierazi bezala». Hualderaren iritziz, Garapen Ekonomikoko Kontseilari ohiaren jarrera «akatsik gabea» izan da. «Beste batzuek ez dakit gauza bera esan dezaketen». Manu Irujok ordezkatuko du Aierdi gobernuan, eta Hualdek adierazi du «erabateko konfiantza» duela harengan.

Geroa Baik Aierdik Nafarroako Gobernuan egindako «lan bikaina» azpimarratu du. «Bai presidenteorde gisa aurrena, baita gero kontseilari gisa ere». Koalizioak ohar batean azaldu duenez, Nafarroa erkidego «kohesionatuagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa» da Aierdik kontseilaritzan egindako urteen ondotik. Nabarmendu du, bide batez, beti erakutsi zuela «elkarrizketarako eta negoziaziorako» prestutasuna. Ikertua babestu du Geroa Baik, esanez «konfiantza» duela haren «zintzotasunean» eta auzitegiek hori «egiaztatuko» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.