Europako Batzordearen baiezkoa jaso du AstraZenecaren txertoak

Bruselak argitara eman du botika etxearekin sinatutako kontratua, baina txertoarengatik zenbat ordaindu duen zehaztu gabe; 'Der Spiegel'-en arabera, 870 milioi eurokoa da. Johnson&Johnson etxearen txertoak %66ko eraginkortasuna frogatu du. Baimendutako beste txertoen kasuan ez bezala, azken horretan nahikoa da dosi bakarra.

AstraZeneca etxearen enpresa bat. STEPHANIE LECOCQ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 29a
12:54
Entzun

Europako Batzordeak AstraZenecaren txertoa baimendu du, EMA Sendagaien Europako Agentziaren iritzi positiboa jaso ostean. Hala, erakundeak ontzat ematen duen hirugarren txertoa da botika etxe horrena, aurrez Modernarena eta Pfizerrena baimendu baitzituen. Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan egin dituzte probak botika etxeko arduradunek, eta horien emaitzetatik ondorioztatu dute txertoa eraginkorra dela 18 urtetik gorakoentzat.

Bestalde, Bruselak beste urrats bat egin du AstraZeneca botika etxearekin duen borrokan, eta ezagutarazi egin du harekin sinatutako kontratua, baina ez du zehaztu botika etxeari ordaindutakoaren zenbatekoa, ez eta hark hilabetero eman beharreko txerto kopurua ere. Alemaniako Der Spiegel egunkariaren arabera, 870 milioi eurokoa izan da, 300 milioi dosirentzat; Europako Batzordeak 336 millioi euro aurreratu zituen, eta, hortaz, 534 milioi geratzen zaizkio ordaintzeko. Kontratuak jasotzen duenez, enpresak Europan eta atzerrian dituen fabriketan ekoitzi behar ditu txertoak, EB Europako Batasuneko estatu kideei banaketa bermatu ahal izateko.

Ezkutatutako informazioaren zergatiez galdetuta, Europako Batzordeko eledun Eric Mamerrek zehaztu du botika etxearekin adostuta atera dutela argitara akordioa, eta hark eskubidea duela zenbait informazio ezkutatzeko, «segurtasuna» argudiatuta. Aldi berean, berretsi du Brusela «erabateko gardentasunaren alde» dagoela eta arrazoi horregatik ezagutarazi duela dokumentua. Ez da lehen aldia Bruselak halako zerbait egiten duena. Joan den astean CureVac etxearekin sinatutako dokumentuaren zati bat atera zuen argitara.

EBri zegokion dosi kopurua espero baino geroago emango ziola iragarri zion konpainia horrek joan den ostiralean, eta ordutik kontu eske ari zaio Brusela. Botika etxeak lehen hiruhilekoan 80-120 milioi dosi eman behar zizkien estatu kideei, baina atzo Bruselarekin egindako bileran lehen hiru hilabeteetan gehienez 39 milioi ematea eskaini zion. EBko buruek ez zuten eskaintza onartu.

Beste aukerak

Beste botika etxe batzuek ere lanean jarraitzen dute COVID-19aren aurkako txertoekin. Johnson&Johnson etxeak atzo jakinarazi zuen orain arte egindako probetan %66ko eraginkortasuna izan duela eurenak, kasu moderatu eta larrietan. Munduko botika etxe handienak lortutako emaitza EBk orain arte baimendutakoek iragarritakoa baino txikiagoa den arren, kopuruak ezin dira zuzenean alderatu, azken txertoa ez dutelako oraindik probatu kasu arinekin.

Larrien zeuden gaixoekin izan ditu txertoak emaitza baikorrenak, %85eko eraginkortasuna izan baitu kasu horietan. Hura hartu eta 28 egunera, gaixoak hiltzeko arriskutik kanpo zeuden, eta erietxetik irteteko moduan. Enpresaren arabera, txertoak eraginkortasun bera izan du adin guztietako gaixo larrietan, baita 60 urtetik gorakoen artean ere. 

Zabaldutako datuen arabera, Hegoafrikako aldaeraren aurka ere %57ko babesa eskainiko luke Johnson&Johnson etxearen txertoak. AEBetan egindako probetan, berriz, %72ko eraginkortasuna erakutsi du, eta %66koa Latinoamerikan. Emaitzak kontuan harturik, datorren hilaren hasieran txertoa baimentzeko eskatuko dio botika etxeak AEBetako Gobernuari. «Tarte honetan guztian, gure helburua izan da ahalik eta irtenbide errazena eta eraginkorrena lortzea ahalik eta jende gehienarentzat, pandemia amaitzen laguntzeko», azaldu du Alex Gorskyk, botika etxeko zuzendariak.

AEBek, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak dagoeneko adostu dituzte Johnson&Johnson enpresak eman beharreko txerto kopuruak: ehun milioi dosi, 30 milioi eta 200 milioi lirateke, hurrenez hurren. Botika etxe horrek garatutako txertoaren abantaila nagusia litzateke ez dituela oso tenperatura baxuak behar garraiorako, eta hiru hilabetez manten daitekeela bi eta zortzi gradu arteko tenperaturan. Horrez gain, orain arte baimendutako botikekin ez bezala, dosi bakarra nahikoa litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.