Musika

Gazte autotuneatuen egunerokotasuna kantu bihurtu du Chill Mafiak

'Gazte arrunten koplak' izenburupean, Xabier Leteren kanta gaurkotu egin du taldeak, eta abestiarekin eginiko bideoak sareetan bolo-bolo ibiltzea lortu du.

Bideoaren irudi bat. CHILL MAFIA
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 1a
17:11
Entzun

Duela egun batzuk, Gazte arruntaren koplak kantuaren bideokliparen aurrerapen bat sareratu zuen Chill Mafia taldeak, eta igande gauean bideo osoa. Atzo, 16:20rako, 19.681 ikustaldi zituen bideoak Youtuben, eta sare sozialetan bolo-bolo zebilen.

Gazte arruntaren koplak kantua bertsio bat da, Xabier Letek 1976. urtean plazaraturiko Kantatzera noazu diskoko Gizon arruntaren koplak kantuaren bertsio gaurkotua. Gaurko gazteen bizimodu arrunta islatu nahi du, eta jatorrizko kantaren tonu umoretsua errespetatu du, baita bertso batzuk ere: Ez naiz ni gizon txarra,baina, zer arraio / Fidel Castro izateko, ez bainintzan jaio.

Hona Chill Mafiaren bertsioaren bertsoetako batzuk:

Kantatzera noazu bertso bat edo bi
herenegun jarri gazte arruntari
Julen, Xabier, IƱaki, Ander edo Matxin
gauza ederra denik ez ukatu niri

Goizean jaikitzean lehenbiziko gauza
Instagram ireki eta nolako zalantzak
neska gazte politen argazkiak, latzak,
Erreakzio pare bota eta sartzen naiz saltsan

Ohetikan altxatu eta armairua ireki
prozedura hura ulertu ezinik nabil
Lurrean hautsa hartzen arropa ugari
usai txarra isurtzean ez naiz jartzen larri
kolonia pixka bat eta kalera oso manin

Meme bat egiteko ez nabil oso mantso
sei kolektibok jo nahi ninduten atzo
Ronaldinho bezala ez begira eta ixo
Nahikoa daukat burutik izateaz gaixo

Kalera irtetean hau da komeria
munipa pare batek geldi nautenean
porruak, armak edo beste zerbait bila
nire 'Biosolan'-a aurkitu ezinean
bitamina falta nabaritu agian

Ez nindoan oso gaizki etxe eta ikastolan
gauza txarrak eginik lapurtzen altxorrak
futbolera jolasten ez banintzen ona
atezain jarriko naiz ez sartzeko gola
merendoletan drogak, Fanta, Coca-cola

Lana ederra egin dut unira joateko
drogak-eta saltzeko eta ere ikasteko
ikasi eta gero berriz ikasteko
aitaren etxera buelta lanik ez balego
azkenean familiarekin badaukat apego

Lehen ere egin ditu taldeak halako bideoak, gazteen egunerokoaren inguruko erretratu autobiografikoaren eta ironikoaren artean. Urtarilaren 10ean, Zure kebapa kantuaren bideoa estreinatu zuten

Bideoekin datorren mezu baten arabera, badirudi otsailaren 14rako Ezorregatik x berpizkundea izeneko lana plazaratuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.