Migrazioetarako Institutu Nazionaleko funtzionarioak ikertzen ari dira segurtasun indarrak joan den hilaren 22an kamioi batean hilik aurkitutako hemeretzi migratzaileen inguruan. Gobernazio ministro Olga Sanchez Corderoren esanetan, gorpuak aurkitu zituzten ibilgailuak erakunde publiko horren izenean zuen asegurua.
Migratzaileak Mexiko eta Guatemalakoak ziren. Urtarrilaren 22an, Poliziak jakinarazi zuen hemeretzi gorpu aurkitu zituztela erretako kamioi baten barruan, Tamaulipas estatuan, Santa Anita herrian, AEBetako mugatik gertu. Ikerketen arabera, tiroz hil zituzten lehenik, eta kamioiari su eman zioten ondoren, aztarnak ezkutatzeko asmoz. Hildakoetatik hamasei gizonezkoak dira, eta beste bat emakumea; beste bi gorpuak ezin izan dituzte identifikatu. Kamioitik gertu 4x4 auto bat ere aurkitu zuten. Hark ez bezala, kamioiak bala zuloak zituen, 113 denera.