EUSKAL PRESOAK

Lasarte-Oria, Tolosa eta Soraluzeko udalek urrunketaren biktimak aitortu dituzte

Orotara hamasei euskal herritar hil dira espetxeetara bidean izandako auto istripuetan; hiru udalerri horietan, zazpi. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek babestu dituzte «presoen senideek pairatutako sufrimendua» aitortzen duten mozioak.

Urruntzeak eragindako auto istripuen aurka Donostian egindako protesta bat, 2012an. GARI GARAIALDE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 8a
12:35
Entzun

Euskal presoak Espainiako eta Frantziako kartzeletan urrunduta edukitzeak eragiten duen «sufrimendua» aitortu dute Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udalek (Gipuzkoa). Zeinek mozio batean, herri bakoitzean euskal presoei bisitan joatean auto istripuz hil ziren herritarrak gogoratu dituzte, «urrunketaren eraginez presoen senideek pairatutako sufrimendua» aitortuta. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek babestu dituzte Etxerat elkarteak proposaturiko mozioak.

Lasarte-Oriako Udala izan zen lehena: urtarrilaren 14an onartu zuen Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi urruntzearen biktima gisa aitortzen zituen mozioa. Hemezortzi urte pasatu dira Lasarte-Oriako bi herritarrak hil zirela, Albacete aldean (Espainia), espetxean zuten semea eta anaia bisitatzera zihoazela.

Tolosan joan den urtarrilaren 28an onartu zuten mozioa, eta hartan gogoratu dute 38 eta hamasei urte bete direla Arantza Amezaga eta Rosa Amezaga, batetik, eta Leo Esteban Nieto, bestetik, «euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan hil zirela». Arantza eta Rosa Amezaga 1982ko irailaren 9an hil ziren, Espainiako Auzitegi Nazionaletik bueltan, auto istripu batean, preso zuten senide baten epaiketa batera joanak baitziren Madrilera. Leo Esteban Nieto 2004ko ekainaren 4an zendu zen, Puerto de Santamariako kartzelatik bueltan (Andaluzia, Espainia), senide bati bisita egitetik Euskal Herrira zetorrela. Tolosako Udalak adierazi du heriotza horiek ez zirela «kasualitatea» izan: «Bidaia luzeak egitea aukera bakarra dute presoen senideek eta lagunek bisita eskubidea bermatzeko, duela hiru hamarkada Frantziako eta Espainiako gobernuek euskal presoen aurkako urruntze politika martxan jarri zutenetik».

Soraluzeko mozioa otsailaren 3an onartu zuten, eta, kasu horretan, Iñaki Saez eta Asier Heriz izan zituzten gogoan: Brivako espetxera bidean izandako auto istripu batean hil ziren, duela hemeretzi urte.

Etxerat-ek nabarmendu du hiru udaletan lorturiko adostasun politikoetan «espetxe politika berri baten beharra» defendatzen dutela lau alderdiek: «Sakabanaketaren eta urrunketaren aurka agertzen dira, haien eraginez izandako heriotzak berriz ere gerta ez daitezen, eta legedi arruntaren eta normalizatutako espetxe politikaren aldeko hautua ere egiten dute».

Orotara, hamasei hildako

Guztira, hamasei lagun hil dira euskal presoen urruntzearen ondorioz izandako auto istripuetan, Etxerat-ek oroitarazi duenez, eta elkarteak jakinarazi du «sakabanaketaren eraginez» hildakoen jatorrizko bertze herri batzuetan ere proposatuko dituztela akordioak. Iruñeko eta Barañaingo udalek aitortuak dituzte lehendik bertze bi biktima: Sara Fernandez eta Karmele Solaguren. 2018an aitortu zituzten.

Etxerat-en ustez, «berebiziko garrantzia» dute alderdiek adostu eta onartutako adierazpen horiek, «duela 30 urte baino gehiago aktibatutako euskal presoen urrunketak eta dispertsioak eragindako biktimen aitortza ezinbestekoa» delako, «inoiz gehiago gerta ez dadin». Euskal presoen senideen elkartearen ustez, «konponbidearen eta bakearen bidean lortutako aurrerapauso garrantzitsua» da erdietsitakoa. Oroitarazi dute «euskal gizartearen lanarekin eta konpromisoarekin batera ezinbestekoak» direla ekinbide instituzionalak eta akordio politiko, sindikal eta sozialak «elkarbizitzan aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.