jon olano
Kataluniako bozak

Illa eta ‘bandwagon efektua’

2021eko otsailaren 8a
12:43
Entzun

Psikologiak eta marketinak aztertu izan dute bandwagon edo arraste efektua: herritar batek gizartearen portaerei jarraitzeko joera, modari men egitekoa. Politika zientzietan ere sarri erabilitako kontzeptua da, azaltzeko nola herritar askok botoa ematen dioten hauteskundeak irabazteko aukera duen hautagaiari, arrazoi horrexegatik. Kontrakoa litzateke underdog efektua: galtzailearekiko atxikimendua edo indar handia lortzeko aukerarik apenas daukan alderdiak sortzen duen sinpatia.

Bandwagon efektua sortzeko, pieza garrantzitsuak dira inkestak. Horiek egiten dute unean uneko boto asmoen argazkia, baina argazki horretan ere eragiten dute ezinbestean: garaile posibleak identifikatzen dituzte inkestek, eta, beraz, mezu bat bidaltzen diote hautesleari; zein izan daitekeen apustu irabazlearen karta, zenbaterainoko lehia dagoen...

Egun gutxi falta dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egiteko, eta azken egunetan argitaratutako inkesta ugarik argi adierazten dute PSC dela unionismoaren bandwagon efektua: Illa efektua esan zaionari zenbakiak jarri dizkiote inkestek, eta argi utzi dute ministro ohia dela independentismoak gobernatzeari uzteko apustu garailea; PSCrekiko filia handiagoa edo txikiagoa izan, antiindependentismoa mobilizatzeko erreminta nagusia. 2017an, Ciudadanosek bete zuen rol hori, eta, unionismoaren eskaintza politikoa hain dibertsifikatua dagoen garai honetan, Illa da estatu operazioa; Voxek ere esana du prest dagoela Illa presidente izateko botoak emateko, eta El Periódico-ren inkesta baten arabera, Ciudadanosen eta PPren boto emaileek nahiago dute PSCko hautagaia izatea presidente, eurek babestutako alderdietakoak baino. Eta D’Hont arauak, hauteskunde sistema proportzionaletan erabili arren, saritu egiten du lehen indarra. Horra erreferentzia argi baten garrantzia.

Inkestek erakusten dute beste aldagai bat: independentismoaren arteko lehia hain dagoela parekatua, ezin baita argi identifikatu karta irabazlerik. Horrek zer eragingo du: aukera independentisten barruan dudatan egon daitekeen hautesleria dudatan geratzea eta botoa sakabanatzea, edo, bi karta garaileren aukera elikatuta, bi hautesleria guztiz mobilizatuta edukitzea? Igandean ikusiko da hori, emaitzak egunean bertan jakinarazten badituzte.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.