Kataluniako bozak

Gizon bat atxilotu dute Bartzelonan, Voxen aurkako ekintza batean

Beste pertsona bat ere identifikatu dute Mossoek, ustez Voxen ekitaldi baten aurka gauzak botatzeagatik. Azken egunetan hainbat lekutan izan dira antzeko gertakariak. Inkestek diotenez, Voxek aurrea har diezaioke PPri.

Voxen ekitaldi baten aurkako protesta, Tarragonan (Katalunia), joan den asteburuan. Parean, Mossoak. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 9a
12:53
Entzun

Azken egunetan ohikoa bilakatzen ari da irudia: Katalunian, Voxek agerraldi bat egiten duen bakoitzean, ehundaka lagun gerturatzen dira haiei aurre egitera, eta, mossoak tartean sartzen direnean, istiluak hasten dira. Asteburuan, besteak beste, Vicen (Bartzelona), Salten (Girona) eta Vallsen (Tarragona) gertatu zen —han izan ziren Santiago Abascal eta Javier Ortega Smith alderdiko buruzagiak—, eta, atzo, Bartzelonan. Mossoek gizon bat atxilotu zuten, eta beste bat identifikatu.

Atzo iluntzean ehun lagun inguru bildu ziren Bartzelonako Katalunia Plazan, Voxen ekitaldiaren aurka protesta egiteko. Eskuin muturreko alderdiaren agerraldiak ez dira, zehazki, agerraldi politikoak; haien arabera, kazetarien galderarik onartzen ez duten arren, «hedabideei adierazpenak egiteko ekitaldiak» dira, publikorik gabeak. 

Agerraldi horien guztien ostean, Voxek salatu du manifestariek gauzak jaurti dizkietela eta mossoek haiek babestu dituztela, «agindu politikoengatik». Abascalek, ordea, ez du polizien aurka hitz egin: «Badakit mosso horiek, berez, jende zintzoa direla».

Helburua, PPri aurrea hartzea

Inkesta gehienen arabera, Vox eta PP parean ibiliko dira datorren igandeko hauteskundeetan. Voxek hamar puntu eskaseko programa bat aurkeztu du, eta subiranisten eta migratzaileen aurkako neurriei beste bat gehitu diote oraingoan: tabernen itxieraren eta etxeratze aginduen aurka egitea.

Horrrez gain, kanpaina hasi zenetik euren agerraldien aurkako boikot ekintzak dira gehien hauspotzen ari direna. Haien arabera, horien ondorioz, igandekoak ez dira hauteskunde libreak izango. Hainbatek defendatu dute Voxek probokatzeko soilik egiten dituela ekitaldi horiek; izan ere, hautatzen dituzten lekuak boto independentista gehien dituzten lekuak dira. 

Abascalen alderdiaren helburua PPri aurrea hartu eta Kataluniako Parlamentuan talde propioa izatea da. Dena den, hauteskundeek leku erabakigarri bat ematen badiote, ataka zailean izango da Vox. Abascalek behin eta berriz errepikatu du ez duela Salvador Illa sozialisten hautagaia babestuko, baina haren hautesleek are gutxiago ulertuko lukete Kataluniako Gobernua subiranisten esku uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.