Hezkuntza

Hezkuntza Legearen inguruko eztabaida foroa zabaldu du BERRIAk

Euskal Herri osoaren ikuspegia emate aldera, hezkuntzako hainbat eragileren iritziak bilduko ditu datozen egunetan.

Leitzako Amazabal institutua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko otsailaren 10a
08:28
Entzun

LOMLOE legea indarrean sartu berri da Hego Euskal Herrian, eta Eusko Legebiltzarrean ere urruti gabe garatuko dute Hezkuntza Legea berritzeko eztabaida, Eusko Jaurlaritzak landutako Hezkuntza Akordioa oinarri hartuta.

Hori ikusita, BERRIAk iritzi bilketa bat egingo du hezkuntzako eragileen artean, Euskal Herri osoaren ikuspegia hartuta, erronka hurbil honen aurrean bakoitzaren posizioak azaldu eta hezkuntzak eta eskolak zer indargune eta zer behar dituzten, eta zer bide hartu behar luketen azaltzen saiatzeko.

Horretarako, Hezkuntza bidegurutzean eztabaida foroa sortu du, eta datozen egunetan joango gara argitaratzen jasotako iritziak. Gaur argitaratu dugu lehena: Lurdes Imaz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailearen Korapiloak askatzeko garaia da.

Eskola publikoa zer den, zer izan behar duen, muga administratiboetatik gaindi Euskal Herriak zer behar dituen hezkuntza alorrean, legeak bermatzen ote duen euskarazko irakaskuntza lurralde osoan, murgiltzea eta hizkuntza ereduak, curriculumari dagozkionak, egoera sozio-ekonomikoa eta ikasleen segregazioa... Asko dira hezkuntzaren korapiloak dituen hariak, eta bakoitzak erabakiko du nondik tira.

Parte hartzaileen artean egongo dira Heize zuzendariak, Ikastolen Elkartea, Seaska, Kristau Eskola, LAB, ELA, Steilas, CCOO, Euskal Eskola Publikoaz Harro, Sortzen eta SOS Arrazakeria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.