Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (I)

Korapiloak askatzeko garaia da

Eskola segregazioa desagerrarazteko protesta, duela bi urte, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deituta.
Eskola segregazioa desagerrarazteko protesta, duela bi urte, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deituta. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lurdes Imaz - EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailea

2021eko otsailak 10

Hezkuntzaren korapiloak dituen hariei buruz hausnartzera gonbidatu gaitu BERRIAk, eta horixe egiten saiatuko gara idatzi honetan.

Asko dira gure hezkuntza-sistemak dituen erronkak. Diagnostiko partekatu eta zientifiko batetik abiatuta, justizia sozialerako sistema eraikitzea, curriculuma, ikastetxeen gobernantza-eredua aldatzea, finantzaketa-eredua berrikustea edo aniztasunari erantzun egokia ematea, besteak beste.

Hiru hauetan zentratuko gara oraingoan: publiko/pribatu sistema dual erradikalizatua gainditzea, ikasleak maila sozioekonomikoaren arabera banatzen dituen hezkuntza-sistema segregatzailearen arazoa konpontzea eta ikasle guztiei euskara eta euskal kulturaren ezagutza bermatzea.

Behin baino gehiagotan adierazi dugu EAEko hezkuntza-sistema anormaltasun bat dela Europan, non ikastetxeen %80, batez beste, publikoa den. EAEn ehuneko hori %51era baino ez da iristen. Sistema bitan banatuta egon arren, mota desberdinetako ikasleak eskolaratzen ditu sare batek eta besteak, publikoan biltzen direlarik maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleak. Inklusio falta honek ez dio mesederik egiten gure hezkuntza sistemari. Horren adibide dira emaitzen datu eskasak eta kanpo ebaluazioetan nabaritzen den jaitsiera.

Justizia sozialean oinarritutako hezkuntza-sistema bat eraiki nahi badugu, non ikasle guztiek aukera berdinak izango dituzten euren bizitza-proiektuak garatu eta eskubide osoko euskal hiritar bihurtzeko, ezinbestekoa da eskola publikoa indartzea eta mugak ipintzea gizarte-kohesioa helburu ez duten itunpeko ikastetxeei.

Urte batzuk pasatu dira EHIGE segregazioaren arazoa publikoki salatzen hasi zenetik, hasiera batean ikasle atzerritarren banaketa desorekatuaren datuetan oinarrituz. Ordutik gaur arte, hainbat izan dira gai honi heldu dioten ekimen eta norbanakoak.

Eskola Inklusiboa Herri Ekimen Legegileak eskola-segregazioaren arazoari heltzea helburu zuten proposamenak egin zituen 2018. urtean, baina Eusko Legebiltzarrak atzera bota zituen. EAEn sare publikoaren eta itunpekoaren artean dagoen segregazioa erakusten duten mapak eta grafikoak aurkituko dituzue euren webgunean (www.ilpeskolainklusiboa.eus), ikasle atzerritarren eta jantoki zein materialen bekadunen datuak kontuan hartuz. Tamalez, ez dute izan informazioa eguneratzeko aukerarik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez dituelako jada publiko egiten datuok.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea osatzen dugun eragile eta plataformek segregazioa sortzen duen hezkuntza-sistema birplanteatzeko garaia dela adierazi genuen prentsaren aurrean pasa den abenduan. Harrezkero, denari buruz entzun eta irakurri dugu euskal komunikabideetan, segregazioaz izan ezik.

Eta honek azken puntura garamatza. EAEko sare publikoaren ikasleen %80 inguruk D ereduan ikasten duen arren, ez da bermatzen euskararen ezagutza eta erabilpena. Horretaz gain, A eredu erresidual batean mantentzen dira maila sozioekonomiko baxueneko ikasleak (kontrako egoera ematen da itunpeko sarean, non A ereduan dauden sare horretako maila sozioekonomiko altuena duten ikasleak). Hainbat aldiz aldarrikatu dugun hizkuntza-ereduak gainditzeak lagunduko du egoera hau konpontzen, baina ez gaitezen itsutu: segregazio ekonomikoa eta hizkuntzan oinarritutako segregazioa eskutik doaz.

Beraz, hauexek dira gure ustez edozein araudi berri, akordio edo legek dituen erronketako batzuk.

Honen harira, Euskal Hezkuntza Legea eta hezkuntza-akordioa egiteko asmoa adierazi du EAEko Hezkuntza sailburuak. Lege hori josteko azken bi legegintzaldietan egindako ibilbidea ikusita, eszeptikoak gara, ez dugulako inolako asmorik nabaritu goian aipatutako erronkei erantzuteko.

Are eta eszeptikoagoak gara ikusita ez direla garatu 1993tik indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legeak jasotzen zituen eta eskola publikoarentzako hain garrantzitsuak ziren hainbat arlo: autonomia, eskola-mapa inklusiboa, partaidetza eta hizkuntza ereduen desagertze/birmoldaketa, horien artean.

Bestalde, Euskal Hezkuntza Lege berri horrek mugak izango ditu: Espainiako Konstituzioak jarritakoak eta Espainiako Kongresuak onartu berri duen LOMLOE, alegia. LOMLOE zentralista da, lege guztiak bezala, Estatuaren esku uzten duelako hezkuntza-sistemaren bizkar-hezurraren antolaketa eta, hizkuntza koofiziala dugun erkidegoen kasuan, curriculuma osatzeko konpetentzien %45 baino ez delako geratzen gure esku (LOMCEren aurreko egoerara bueltatzen gara). Honek ez digu aukerarik ematen hainbat aldiz aldarrikatu dugun hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko.

Amaitzeko, esker ona adierazi nahi diegu azken hogeita hamar urteetan eskola publikoan aritu diren irakasle, hezitzaile eta gainontzeko langile guztiei, eurak izan direlako, ikasle eta gurasoekin batera, egun eskola publikoak duen ospearen arduradun. Eta bereziki, nola ez, osasun-krisi egoera gogor honetan hezkuntza-eskubidea bermatzeko lehen lerroan zaudetenoi.

Ikusi, gehiago: gaiari buruzko iritzi artikulu sorta.

BIHAR: Iñigo Salaberria (Heize). 'Euskal Eskola Publikoa anitza da'.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...