PSCrekiko akordiorik ez egitea adostu dute alderdi subiranistek

Catalans per la Independencia mugimenduak sustatu du akordioa, eta Junts per Catalunya, ERC, PDeCAT eta CUP dira sinatzaileak.

Raul Romeva kontseilari ohia ERCren kanpanako ekitaldi batean, atzo, Manresan. ALEJANDRO GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 11
12:03
Entzun

Alderdi subiranistek argitu dute nolabait igande osteko testuingurua: ez dute koalizioa osatzeko akordiorik egingo Salvador Illa hautagai sozialistarekin, bozetako emaitza edozein dela ere. Erabakiak asko mugatzen ditu balizko negoziazioak, izan ere, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak hauteskundeak irabaziko balitu, Comukoen, PPcren eta Ciutadansen babesa beharko luke —Illak baztertu egin du Voxekin elkartzea—, eta, hala ere, inkestek aurreikusitakoa betetzen bada behintzat, ez lituzke gehiengoa izango.

Nabarmentzekoa da, dena den, akordioa ez dela alderdiek eurek bultzatutakoa izan, nahiz eta sinatu duten. Catalans per la Independencia mugimenduak bultzatu du, eta Junts per Catalunyak, ERCk, PDeCATek eta CUPek babestu. Idatziaren arabera, alderdi horiek ez dute «inolaz ere» gobernua osatzeko akordiorik egingo sozialistekin. Laura Borrasek (JxC), Angels Chaconek (PDeCAT) eta Dolors Sabaterrek (CUP) zerrendaburuek sinatu dute oharra, eta ERCren izenean Sergi Sabriak, parlamentuko bozeramaileak. Azken horiek ziren koalizio posible bat osatzeko sozialisten aukera nagusia, Comukoekin batera.

«Otsailaren 14ko hauteskundeak aukera bat dira Kataluniako errepublika errealitate bilakatzeko beharrezko indarra biltzeko», dio testuak, eta dei egiten die alderdiei herrialdeak «bizi duen errepresioaren erantzule direnei» aurre egitera.

Ez da lehen aldia alderdiek halako akordio bat egiten dutena. 2003an Tinelleko akordioa izan zen, zeinaren arabera, PSCk, ERCk eta Iniciativa per Catalunyak hitzeman zuten PP koalizio gobernutik at utziko zutela. Hiru urte geroago, berriz, Artur Mas CiUko hautagaiak ere antzeko konpromisoa hartu zuen, notario batera joanda PPrekin akordioa egiteari uko eginez.

Testuinguru horretan aukera gutxi ditu Illak, nahiz eta berak esan bozak irabazten baditu inbestidurara aurkeztuko dela. Sozialistek dagoeneko ohartarazi dute independentistak koalizioa adosteko gai ez badira, eta hauteskundeak berriz egin behar badira, «erantzukizun osoa» ERCrena izango dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.