MIGRAZIOA

Cimade elkarteak salatu du migrante adingabe bat mugara itzularazi dutela

Frantziako legeak debekatu egiten du adingabeak mugara eramatea, baina hala gertatu zen 16 urteko gazte baten kasuan, joan den otsailaren 3an: Poliziak Baionan atxilotu zuen, eta Irunen utzi zuen gero, Espainiako Poliziaren eskutan. Haiek kalean utzi zuten.

Frantziako Poliziaren kontrola Hendaia eta Irun arteko mugan, Satiago zubian, joan den urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 11
15:51
Entzun

Ipar Euskal Herrian migrante eta errefuxiatuekin lan egiten duen Cimade elkarteak salatu du Frantziako Poliziak adingabe bat Hego Euskal Herrira itzularazi zuela joan den otsailaren 3an. 16 urteko mutil bat da Irunera eramandakoa (Gipuzkoa), eta elkarteak salatu du modu ilegalean utzi zutela Espainiako Poliziaren esku. Cimadek jakinarazi duenez, hain zuzen, joan den otsailaren 3an atzeman zuen Frantziako Poliziak mutila, 12:00ak aldera, Baionako tren geltokian. «2005an sortua da, eta Frantziako agintariek ez zuten zalantzan jarri adingabea zenik», dio elkarteak zabaldu duen oharrak. Espainiako Estatura itzularazteko agintzen zion agiri bat eman zioten, ordea, «helegitea jartzeko eperik zehaztu gabe», eta Irunera eraman zuten, Cimaderen hitzetan. Espainiako Poliziaren eskutan utzi zuten han, eta, polizia etxean hainbat ordu igaro ondotik, «kalean» utzi zuten, «bakarrik».

Gertatuaren harira, Cimadek oroitarazi du debekatuta dagoela adingabeak Frantziako Estatutik bertze herrialde batzuetara kanporatzea: «Egoera kezkagarria da, Frantziako administrazioak babes neurriak ezarri beharko bailituzke adingabeentzat, eta bere gain hartu beharko bailituzke, bere lurraldean dauden bezain laster». Elkarteak dio adingabearen zaintza gailendu beharko litzatekeela halako kasuetan, «Frantziak izenpetua duen Umeen Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenak dioen gisan».

Elkarteak ohartarazi du 16 urteko mutil gaztearena ez dela kasu bakarra: «Frantziako agintariek mugan egunero egiten dituzten ekintza ilegalak jasan behar dituzten pertsonen zerrenda luzatzen du». Cimaderen ustez, umeak «arriskuan» jartzen dituzte halakoek, bertzeak bertze, kasu honetan gertatu den gisan. Frantziako Poliziak Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean jartzen dituen kontrolak salatu ditu oro har Cimade elkarteak, «jarduera ilegalak» bultzatzen baititu: «Azal kolorearen araberako kontrolak, prozedura irregularrak, asilo eskubidearen urratzea, adingabeen babesik eza...». Horiek guziek «arriskuan» jartzen dute «hainbat pertsonaren bizitza, egunero, baita umeena ere», Cimaderen hitzetan. Frantziako Gobernuari eskatu diote haurren eskubideak babes ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.