Euskal presoak

Etxerat-ek txalotu du alderdien arteko adostasuna

Sakabanaketaren ondorioz hildakoen sufrimenduak zenbait udaletan aitortu eta «presoen afera konpontzeko» eskatu izana «albiste bikaintzat» jo dute

Gaixo larri diren presoen aldeko elkarretaratzea, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 12a
12:06
Entzun

Etxerat elkarteak «albiste bikaintzat» jo du zenbat udalerritan presoen aferaren inguruan azaleratu den adostasun politiko eta sindikala. Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udal batzarretan (Gipuzkoa) zenbait mozio onartu dira, espetxeetarako joan-etorrietan hildako hamasei lagunen sufrimendua aitortzen dutenak. Gainera, mozio horietan azaltzen da presoen afera «arrazoizko epe batean konpontzea, legeria arrunta eta espetxe politika normalizatua soilik aplikatuz, ekarpen garrantzitsua» litzatekeela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU agertu dira mozio horien alde, eta sindikatu guztien babesa izan dute. Etxerat elkartearen ustez bereziki garrantzitsua da hori,«espetxe lege arrunterako ibilbide hori erraztu» egin behar dela uste dutelako, «elkarbizitzarako ekarpen erabakigarri gisa».

Azken hilabeteetan espetxeetan egiten ari diren lekualdaketak ere ontzat eman ditu Etxerat-ek, «urrunketaren pixkanakako amaiera» delakoan, baina nabarmendu dute haien eskakizuna «0 kilometroa» edo euskal presoak Euskal Herrian bertan egotea dela, eta egoera horretan EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen %14 baino ez daudela. Edonola ere, nabarmendu dute «lehenengo aldiz azken 30 urtean, hots, urruntzea hasi zenetik» presoen erdiak baino gehiago 400 kilometro baino gutxiagoko distantzian daudela. Elkarteak emandako datuen arabera, egun EPPK-ko 217 preso daude, 400 kilometro baino urrunago daudenak %44 dira, eta Algeciras, Badajoz, Caceres, Ocaña eta Herrera de la Mancha espetxeetan (Espainia) jadanik ez dago euskal presorik.

COVID-19aren pandemiak espetxeetan sorturiko egoera ere hizpide izan du Etxerat-ek, eta salatu du izurria izaten ari den eragina «negargarria» dela, praktikan Espainiako eta Frantziako estatuek «espetxeak ixtea» erabaki dutelako. Elkartearen ustez, egoera asko arinduko litzateke espetxe agintariek «legezko parametroetan» presoak askatzeko neurriak ezarriko balituzte. Gogora ekarri dute asko direla kalean egon zitezkeen presoak, zigorraren zati handi bat bete dutelako, gaixotasun larriak dituztelako, espetxean 20 urte baino gehiago eman dutelako edo adinekoak direlako.

Iurdan Martitegi, bakarturik

Joan den uztailean sartu zuten Iurdan Martitegi preso durangarra Espainiako Soto del Real espetxean, Frantzian 11 urteko zigorra bete ostean. Durangoko Sarek salatu duenez, geroztik presoak «hilabete luzeak» eman ditu bakarturik, nahiz eta, teorian, presoak bakartzeko neurria salbuespenezkoa izan eta gehienez ere 15 egunez ezarri beharrekoa.

Egoera horren ondorioz, Martitegik arazo handiak izan ditu senitartekoekin komunikazioak izateko, patiora jaisteko orduak murrizturik ditu, eta kirola egiteko, janari freskoa erosteko eta «bizimodu osasuntsua izateko gutxieneko baldintzak» lortzeko zailtasun handiak ditu.

Martitegi eta bakartze moduluetan dauden gainerako presoak handik ateratzeko eta «bakarmorturik arnasgunera» igarotzeko eskatu du Durangoko Sarek, «preso guztiek bizitza duin bat izateko eskubidea daukatelako». Gaur egun,  Martitegiz gain, Iñaki Reta eta Marixol Iparragirre dira bakartze moduluetan dauden euskal preso bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.