INDARKERIA MATXISTA

Sestaoko hilketa matxista arbuiatu dute ehunka lagunek

Ordezkari politiko ugarik hartu dute parte elkarretaratzean. Bestalde, epaileak espetxera bidali du Gasteizen bikotekide ohiaren oraingo bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako gizona.

Jendetza Sestaon, hilketa matxista salatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 13a
15:51
Entzun

56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da hilketa matxista bat izan dela. Izan ere, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 57 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, Sestao parean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuak zituela.

Gaur, ehunka herritar elkartu dira Sestaon, hilketa arbuiatzeko. Hamabost minutuko elkarretaratze isila egin dute, eta bertara joandakoen txaloek eten dute isiltasun hori.

Ordezkari politiko ugari batu dira mobilizaziora; besteak beste, Josu Bergara alkatea eta udal talde guztietako ordezkariak, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan ordezkaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Teresa Laespada Berdintasun diputatua.

«Tristura sentitu arren, ez dugu onartuko indarkeria matxistaren pozoia gure gizartean zabaltzea», nabarmendu du Itxasok. Bergarak, berriz, herritarrei esan die berdintasuna «egunero» lantzen dela, «etxean, erakundeetan edota saltokietan», eta udalaren helburua dela berdintasun politikak indartzea.

Artolazabalek, berriz, herritarrei eskatu die adi jarraitzeko: «Guztiok hauteman ditzakegu indarkeria egoerak, eta erakundeok hainbat tresna ditugu gaituak emakume horiei laguntzeko. 900-840 111 telefonoa 24 orduz erabilgarri dago, eta baliabide egokia da egoera horiei aurre egiteko».

Gasteizko atxilotua, espetxera

Bestalde, epaileak espetxera bidali du asteazkenean 18 urteko gazte bat hiltzea leporatuta atxilotutako gizonezkoa. 27 urte ditu akusatuak, eta haren bikotekide ohiaren oraingo bikotekidea zen sastakatuta hildako gaztea. 27 urteko gizona asteazkenean bertan atxilotu zuten, eta gaur eraman dute epailearen aurrera, deklaratu zezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.