Ciutadansek hondamenditzat jo ditu emaitzak

2017an hauteskundeak irabazi eta 36 ordezkari lortzetik seirekin geratzera igaro da Carlos Carrizosaren alderdia. Vox, berriz, indarrez sartuko da Kataluniako Parlamentuan.

Carlos Carrizosa zerrendaburua, Ines Arrimadas alderdiko burua eta Anna Grau zerrendako bigarrena. ANDREU DALMAU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 14a
23:06
Entzun

Sozialisten garaipena onartu du Carlos Carrizosa Ciutadanseko zerrendaburuak, eta onartu du hondamendia izan direla emaitzak. «Albiste txarra da, separatistek gehiengo osoa lortuko ez duten arren, aurrez zuten ordezkaritza handituko dutelako. Hala ere, gure alderdiak orain arte egin duena egiten jarraituko du, eta etxean geratu diren konstituzionalisten alde lanean jarraituko dugu. Katalunian katalan, espainiar, eta europar sentitzen direnen elkarbizitza defendatzen jarraituko dugu». 2017an hauteskundeak irabazi eta 36 eserleku eskuratzetik, seira igaro da alderdi laranja. Inkestek aurrez ere iragartzen zioten beherakada, baina horrek ez du kolpearen indarra murriztu.

Hauteslekuak itxita, zundaketak eskuetan iragarpenei buruz galdetu diote kazetariek Nacho Martin Blanco diputatuari, baina hark ez du galderarik erantzun nahi izan, soilik adierazi du parte hartze datuak ez direla onak izan. Handik minutu gutxira heldu da Ines Arrimadas alderdiko buruaren erreakzioa, zeinak batzorde exekutiboaren bilera deitu duen bihar arratsalderako.

Vox, berriz, Ciutadansen gainbeheraz baliatu da. Ignacio Garrigaren zerrendak ordezkaritza izango du lehen aldiz Kataluniako Parlamentuan, 11 eserlekurekin. Emaitzak ikusita esan liteke eskuin muturrera jo dutela aurrez alderdi laranjari bozkatu zutenetako askok, baina ez horiek bakarrik. PPk ere azken urteetako emaitza kaxkarrena lortu du, lau diputatutatik hirura igaroaz, eta talde parlamentariorik gabe geldituaz.

Alejandro Fernandez PPko zerrendaburuak berak aitortu du porrot egin dutela, eta ez dituztela kanpaina hasieran ezarritako helburuak bete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.