Gobernu aukerak

Illak iragarri du inbestidurara aurkeztuko dela

PSCko hautagaiak ERCren babesa beharko luke presidente izateko. ERCk, JxCk eta CUPek 74 diputatu izango dituzte parlamentuan, gehiengo osoaren gainetik.

Salvador Illa, hauteskunde gauean. TONI ALBIR, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko otsailaren 14a
23:26
Entzun

Inork uste bazuen momentu egokia zela hau unionismoak aurrerapauso bat emateko Katalunian, okertu egin da. Salvador Illa Espainiako Osasun ministro ohi eta PSCko hautagaiak hauteskundeak bototan irabazi baditu ere, Ciutadans hondoratzearen ondorioz ez du nahikoa babes izango unionismoan Kataluniako presidente izateko.

Alderdi independentistak, ordea, indartuta atera dira. Ez da legegintzaldi erraza izan aurrekoa haientzat: deserria, espetxe zigorrak, tira-birak eta, azken finean, desmobilizazioa izan dute. Gaur, ordea, Kataluniako Parlamentuan zuten gehiengoa sendotu eta lehen aldiz botoetan ere irabazi dituzte Kataluniako hauteskundeak.

Garbi dago, beraz, ardatz nazionala hartuta, gobernua osatu eta prozesu subiranistan aurrera egiteko moduan izango direla independentistak, ados jartzen badira. ERCk, JxCek eta CUPek 74 eserleku izango dituzte parlamentuan, gehiengo osoa (68) aise gaindituz.

Badago, ordea, beste aukera bat gobernua osatzeko, eta jada hortik jo du En Comu Podemek, PSCrekin eta ERCrekin hitz egiteko prest agertuz. "Aurkeztu ginenean, esan genuen ezkerreko gobernu bat nahi genuela, eta horretarako aukera badagoela uste dugu, eta hori ere iritsiko da", esan du Jessica Albiachek. Hiru alderdi horiek ere 74 eserleku batuko dituzte.

Ikusteko dago, ordea, zer bide duen aukera horrek. Illak hauteskunde gauean bertan iragarri du aurkeztu egingo dela inbestidurara. Ezinbestekoa izango du, ordea, ERCren babesa, gobernuaren giltza ERCk izango baitu. Botoetan Illak irabazi duen arren, ezin daiteke uka gaurko garaileak errepublikanoak direla. Giltza horri eusten diote, JxCren aurretik egoten jarraitzen du, gutxigatik bada ere (50.000 botora ez da iristen aldea), eta Madrilen zein Bartzelonan negozioazio guztietan erdian eseriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.