Erreakzioak

Pere Aragones: «Gatazka konpontzeko garaia da»

Junqueras eta Aragoneses, hauteskunde gauean. ALBERTO ESTéVEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 15a
00:01
Entzun

Pere Aragones (ERC):
«Autodeterminazio erreferendum bat egiteko ordua da»

«Historia egin dugu». Hitz horiekin hasi du agerraldia Pere Aragones ERCko zerrendaburuak, eta mezu argi bat helarazi dio bai Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, baita Europako Batasunari ere: «Gatazka konpontzeko garaia da. Autodeterminazio erreferendum bat egiteko ordua da». Alde horretatik, Aragonesek iragarri du «berehala» hasiko direla lanean, eta alderdi independentista guztiekin hitz egingo duela «errepublika katalan bat» eraikitzeko bidean: «Borroka partekatuen gobernua izango da heldu dena».

Oriol Junqueras (ERC):
«Prozesu hau errepublika batekin amaituko dugu»

Botoetan bigarren indarra izan den arren, eserlekuetan PSCrekin berdinduta geratu da Esquerra. Hala, Oriol Junquerasek nabarmendu du 80 urtean lehen aldiz ERCk kudeatuko duela Generalitateko presidentetza».

Laura Borras (JxC):
«Botoen erdiaren langa gainditzeak ondorioak izan behar ditu»

Junts per Catalunya izango da parlamentuko hirugarren indarra, 32 eserlekurekin. Laura Borras zerrendaburuak defendatu du garaipen handia izan dela beraiena: «Kanpaina esan genuen independentismoak botoen erdiaren langa gainditzeak ondorioak izan behar zituela, ondorio politikoak, eta aldarrikapen berdinari eusten diogu».

Carles Puigdemont (JxC):
«Independentismoak irabazi egin du, duela hiru urte bezala»

Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak agerraldi berezia egin du Waterlootik (Belgika), eta nabarmendu duela hiru urteko garaipena errepikatu dela: «Hiru urte geroago, hobeto gaude. Independentismoak botoen erdiaren langa gainditu du, eta jendeak mezua berretsi du. Independentismoak bakarrik eraiki dezake gobernu alternatibo bat».

Dolors Sabater (CUP):
«Bide berria zehaztu behar dugu orain»

Bost eserleku gehiago irabazi ditu CUPek duela lau urteko emaitzekin alderatuta. Emaitza horiekin gehiengo subiranista bat osatzeko gakoa izango da alderdia. Hala, lortutakoarekin gustura agertu da Dolors Sabater zerrendaburua, eta nabarmendu du lanean hasteko garaia dela orain: «Bide orria zehaztu behar dugu. Kataluniak aurrera egin behar du nazio gisa eta gizarte gisa».

Salvador Illa (PSC):
«Inbestidurara aurkeztuko naiz»

Botoetan irabazi eta eserlekuetan ERCrekin berdinduta txalotu du Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak. Berak hartu du hitza sozialisten lehen agerraldian, eta berak eman dio pasoa ere Salvador Illa hautagai eta bozetako irabazleari. «Botoetan izan dugun garaipen argiak Katalunian orrialde berri bat idazteko aukera ematen digu, eta elkar berriz aurkitzekoa. Katalunia itzuli egin da gaur, horregatik, gaur iragarri nahi dut inbestidurara aurkeztuko naizela. Aldaketa heldu da, eta geldiezina da», esan du Illak.

Carlos Carrizosa (Ciutadans):
«Etxean geratu diren konstituzionalisten alde lanean jarraituko dugu»

Sozialisten garaipena onartu du Carlos Carrizosa Ciutadanseko zerrendaburuak, eta aitortu ez dutela jakin hautesle konstituzionalista mugiarazten. «Albiste txarra da, separatistek gehiengo osoa lortuko ez duten arren, aurrez zuten ordezkaritza handituko dutelako. Hala ere, gure alderdiak orain arte egin duena egiten jarraituko du, eta etxean geratu diren konstituzionalisten alde lanean jarraituko dugu. Katalunian katalan, espainiar eta europar sentitzen direnen elkarbizitza defendatzen jarraituko dugu».

Alejandro Fernandez (PP):
«Oso emaitza txarra lortu dugu»

PPk inoizko emaitzarik txarrenetako bat izango du aurtengo bozetan, 2017ko lau eserlekuetatik bat galduta. Alejandro Fernandez zerrendaburuak porrot onartu eta Illa zoriondu du: «Oso emaitza txarra lortu dugu, ez ditugulako geure buruari jarritako helburuak, hau da, talde parlamentarioa lortzea eta aurreko urteetako emaitzak hobetzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.