ERCk Katalunia hegoaldean jaso du babesik handiena, eta JxCk, iparraldean

PSCk Bartzelonan eta hiriburuaren inguruko hirietan bildu du aldeko boto gehien; Voxek, berriz, kostaldeko udalerrietan. CUPek lau probintzietan lortu du ordezkaritza.

Herritar bat, boto ematen. MARTA PEREZ / EFE
2021eko otsailaren 15a
00:39
Entzun

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen mapak hiru kolore ditu: ERC Esquerra Republicana de Catalunyak batez ere hegoaldean eta mendebaldean lortu du babesik handiena; JxC Junts per Catalunyak, iparraldean; eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak, Bartzelonan eta hiriburuaren inguruko hirietan.

Blokeen ikuspuntuetatik, alderdi independentistek biztanleria gutxiagoko eremuetan izan dira indartsuagoak, eta unionistak, kontrara, biztanleria handiko hirietan eta eremuetan. Zatiketa islatzen duen beste faktoreetako bat jaioterria da: Kataluniatik kanpo jaio direnak gehiengo diren tokietan boto gehiago biltzen dute subiranistak ez diren alderdiek.

Hala, subiranistek probintzia guztietan lortu dute ordezkaritzaren gehiengo osoa, Bartzelonan izan ezik. Han, PSC izan da boto gehien bildu eta ordezkaritzarik handiena eskuratu duena, baita Bartzelona hirian ere, Ciutadansek 2017an egin zuena errepikatuta. Gironan, JxCk eskuratu du eserleku kopururik handiena; Tarragonan, ERCk; eta Lleidan, berdinduta geratu dira bi alderdi independentista horiek. CUPi dagokionez, aurten Lleidan eta Tarragonan ere lortu ditu diputatuak, eta, beraz, lau probintzietan izango du ordezkaritza.

Parte hartzeari begira, ERC eta JxC indartsu aritu diren eremuetan txikitu da gutxien, eta unionistek boto gehiago lortu dituztenetan gehien: geroz eta kostalderago joan, orduan eta handiagoa izan da 2017ko kopuruekiko aldea. Halere, Voxek kostaldeko udalerrietan lortu du babesik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.